Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gipuzkoako megalitoak

Sarrera

Megalitoak, trikuharriak barne, Europa sartaldeko lehendabiziko arkitekturak dira.

Aroa / Megalito-mota - Grafikoa

Eusko Jaurlaritzak 2003an Gipuzkoako megalito guztiak, Kultura Ondasun gisa deklaratu zituen eta babes-araudia ezarri. Horrela, monumentu hauek hobeto babestu daitezke gaur egun gure menditan baso lanetan dabiltzan makina handi horien aurrean. Horrela desagertu zen zeharo, adibidez, Baiarrateko trikuharria, 50. hamarkadan.

Lege babes hau ez ezik, Gipuzkoako megalito guztiak garbituak eta zutarritxo baten bidez seinaleztatuak izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru laguntzarekin.


Trikuharria


Trikuharriak

Trikuharriak historia aurreko hilobiak dira. Bertan lagun bat edo asko lurperatzen zituzten, haien errautsak, deboraren zehar. Neolito garaian, orain dela 5.000 bat urte, hasi ziren lehengizakiak hilobi hauek eraikitzen eta Kalkolito edo Kobre eta Bronze garaian jarraitu. Ohitura hau azken garai hau aurrera zihoala, orain dela 3.000 bat urte, hasi zen desagertzen.

Mané rutual-ko trikuharria, Locmariaquer-en, Bretañan
Mané rutual-ko trikuharria, Locmariaquer-en, Bretañan

Iberiar Penintsulako zati handienean, Frantzian, Britainia Handian, Irlandan, Ipar Alemanian, Danimarkan eta Hego Suedian zabalduak daude. Ipar Afrikan ere ezagutzen dira.

Erdigunean ganbara bat dute eta hau mota desberdinekoa izaten da. Ganbara hauetako batzuk hiru, beste batzuk lau edo losa gehiago izaten dituzte. Losa hauek zutik ipinita daude eta askotan gainean beste losa handi bat daramate estalki bezala. Trikuharri batzuk sargune bat izaten dute. Ganbara hau tumulu izeneko harri eta lur meta batekin estaltzen zuten. Ganbarako losak duten tamaina handiak eman die monumentu hauei megalito izena (mega = handi, litos=harri).

Hilotzaren ondoan zeramikak, suharri, hezur eta metalezko tresnak, apaingailuak eta beste objektu batzuk ipintzen zituzten.

Uelogoenan, Aralarren, aurkitutako kuartzoak
Uelogoenan, Aralarren, aurkitutako kuartzoak

Badira ganbara gabeko tumuluak ere. Askotan industu egin behar izaten dira jakiteko benetan historia aurreko hilobiak diren edo ez. Harri eta lur meta bat historia aurreko hilobi batekin zer ikusirik ez duen beste helburu batekin ere eraiki baitaiteke.


Euskal Herriko trikuharriak

Euskal Herrian trikuharri eta tumuluak oso ugariak dira. Trikuharri handienak, ganbara poligonala eta sarbide bat dutenak, hego aldeko lautadatan (Araba eta erdialdeko Nafarroan) aurkitzen dira. Bakunenak, berriz, Euskal Herriko alderdi menditsuetan. Badira salbuespenak, ordea.
.

Txabola de la Hechicera trikuharria, Elvillar-en, Araban
Txabola de la Hechicera trikuharria, Elvillar-en, Araban


Mairubaratza


Mairubaratzak

Mairubaratzak ere hilobiak dira, hildakoen errautsak jasotzen dituzte. Errauts hauek, harrespilaren erdialdean jartzen zituzten, batez ere. Mairubaratzak K. a. lehen milakadakoak dira. Datu hau J. Blot-ek argitaratutako C14 datazioei esker ezagutzen dugu. J. Blot izan da Euskal Herrian gehien mairubaratzak industu dituena.

Adiko Soro mairubaratza, Eugin, Nafarroan
Adiko Soro mairubaratza, Eugin, Nafarroan

Harrespilak, edo peristalitoak, tamaina aldagarria dute, baina gehienetan 2 eta 13 metro bitarteko diametroa izaten dute, geihenek 3 eta 10 metro bitarteko diametroa dutelarik. Mairubaratza osatzen duten harriak edo lekukoak ortostato izena dute. Harri kopurua ez da beti berbera: 8 eta 50 ortostato bitartekoak dira gehienak. Ortostato hauek harlosak edo blokeak izan daitezke, lekuko geologiaren arabera.

Bi eraikuntza mota izan dezakete mairubatza hauek. Batzuk harrespil bakunak edo simpleak dira, harlosaz eginak. Besteek estruktura tumularra dute barruan. Kasu gutxitan, mairubaratzek trikuharri bat inguratzen dute, Pozontarrin bezala, Adarrako megalitotegian.

Mairubaratza batzuetan badira nabari agertzen diren zutarriak, hau da, ortostatoen artean bat nabari dena. Zutarri hauei monolito edo menhir esaten zaie. Menhir hauek, askotan, isolatuta egoten dira.

Illarrita mairubaratza, Okaben, Benafarroan
Illarrita mairubaratza, Okaben, Benafarroan

Mairubaratzak, batzutan, bakarrik ikusten ditugu, baina gehienetan multzoak osatuz egoten dira. Euskal Herrian, Okabe inguruko Illarrita izenekoa da ezagutzen den multzorik handiena. Bertan 25 harrespil daude.

Mairubaratzen kokapena, beste megalitoen kasuan bezala, mendi-lepoak, mendibizkarrak, maldeko zelaiguneak, bi mazeletan, dira. Larre-aldaketaren bide zaharren ondoan, ikuspegi zabalak begiztatu daitezken lekuetan.


Euskal Herriko mairubaratzak

Euskal Herrian aurkitzen ditugun mairubaratzak hildakoen errautsak jasotzen dituzte. Seguraski K. a. lehen milakadan bizi ziren artzainenak.

Euskal Herriko mairubaratzen banaketa geografikoari arretaz begiratzen badiogu, berezitasun hau ikusiko dugu, J. Altunak 1977an dierazi zuen bezala: “Leizaran ibai honetan desagertzen direla mairubaratzak, hau da, Euskal Herriaren bihotzean”. Baskoiekin zerikusia dutela dirudi.

Euskal Herriko ekialdean (Nafarroan, Behe Nafarroan eta Gipuzkoako ekialdean), Adarrako mendilerroa barne, oso ugariak dira. Hurrengo mendilerroan, berriz, Uzturre-Ipulinon, ez dago bat bakarrik ere. Eta hemendik sartalderuntz, bakan batzuk bakarrik ezagutzen dira (Aralar eta Bizkaiako lurretan).

Añona mairubaratza, Aranon, Nafarroan
Añona mairubaratza, Aranon, Nafarroan


Monolitoa


Monolitoak

Monolitoak edo menhirrak ebakidura desberdineko harri luzeak dira. Bertikalki lurrean sartuta egoten dira; batzuk, ordea, erori egin dira denboraren zehar, eta gaur egun etzanda aurkitzen ditugu, zelaien gainean.

Le grand menhir Locmariaquer-en, Bretañan
Le grand menhir Locmariaquer-en, Bretañan


Euskal Herriko monolitoak

Sartaldeko Gipuzkoan eta Ipar Nafarroan mairubaratzekin lotuak azaltzen dira, baina beraien banaketa geografikoa hauena baino zabalagoa da. Beraien esan nahia misteriotsua da.

Saltarri monolitoa, Aralarren
Saltarri monolitoa, Aralarren

Eteneta monolitoa, Adarran
Eteneta monolitoa, Adarran

Megalito hauen eraikitzaileak gure Lurretako lehen artzainak eta ondorengoak izan ziren. Artzaingoa oraindik jarraitzen duen lekutan eraiki zituzten.

Iruñarri monolitoa, Erasun-en, Nafarroan
Iruñarri monolitoa, Erasun-en, Nafarroan


Tumuloa


Beste megalitoak

Trikuharriak, mairubaratzak eta monolitoak ez ezik, beste megalito mota batzuk ere badaude: zistak eta tumuluak, adibidez. Zista bat, ganbara txiki bat da, batzutan tumulu batek inguratzen du. Tumulu bat, berriz, harriz eta lurrez egindako pilaketa batek osatzen du. Ez du ganbararik. Tumuluetan ere hildakoen errautsak lurperatu izan dira. Zaila da jakitea, hala eta guztiz ere, industatu gabe, pilaketa zirkular bat historia aurreko tumulu bat den hala ez.

Tumulua Suediako hegoekialdean
Tumulua Suediako hegoekialdean

Trikuaizti tumulua, Beasainen, Gipuzkoan
Trikuaizti tumulua, Beasainen, Gipuzkoan

Euskal Herrian megalito mota hauek ere baditugu. Adibidez, zistak Adarrako megalitotegian eta tumuluak Murumendikoan.

Azken aldaketako data: