Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Galletas Artiach enpresako «txokolate makina». Bilbo gozozaleena.

Kakao likidoa ekoizteko instalazioaren deposituak, sailkatzailea eta haizemailea.

Kakao likidoa ekoizteko instalazioaren deposituak, sailkatzailea eta haizemailea.

Datu teknikoak
Izena: Kakao likidoa ekoizteko instalazioa
Urtea: 1931
Ekoizpena: Galletas Artiach (diseinua)
Electrodomésticos Gruber (txigorgailuak)
Elma (motorrak)
Eragingailua: 6 motor asinkrono trifasiko

Makina batzuek lilura berezia pizten dute, baita fabrika batean inoiz egon ez direnen artean ere. Kasu batzuetan, bere estetika futuristak eta dimentsio handiek zinemaren duela hamarkada batzuetako proposamen distopikoak gogorarazten dizkigute; beste batzuetan, bere mekanikaren logikak harrapatu egiten gaitu, eta orduak ematen ditugu bere funtzionamendua deszifratu nahian. Eta, askotan, liluratu egiten gaitu makina horiek erabili zituztenekin konektatzeko gaitasunak, borroka-, gainditze- eta lan-istorioak kontatzeko ahalmenak.

Maiatzaren 1a dela eta, Konsoni Lantegian dagoen piezarik berezienetako bat azaldu nahi dugu. Konplexutasun teknikoaz eta forma deigarriaz gain, eragin zuten pertsonengana hurbiltzeko aukera ematen digu; eta, aldi berean, gure haurtzaroko oroitzapenetara garamatza. «Txokolate makina» esaten diogu, baina, egia esan, kakao likidoa ekoizteko instalazio bat da.

Artiach enpresak diseinatu zuen Deustuko Erriberako bere fabrikarako 1930 inguruan, eta, berrogeita hamar urte baino gehiagoz, bertatik atera ziren gure gosari eta askarietako gaileten kakao-estaldurak eta betegarriak.

Kakao likidoa ekoizteko instalazioaren funtzionamendu-eskema, 1984. Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).

Kakao likidoa ekoizteko instalazioaren funtzionamendu-eskema, 1984. Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).

Instalazioak prozesu ugari konbinatzen zituen, fabrikako lehen solairutik beheko solairura (ia bost metro beheragora) igarotzen zen ibilbide bertikal batean. Kakao-aleak eskuz kargatzen ziren goialdetik, eta egurrezko tobera handietan (1) isurtzen ziren. Kangiloidun metalezko kate batek (2-3), toberetatik sailkatzaileraino (4) altxatzen zuen kakaoa, harriak eta hondakinak kentzeko eta aleak bi tamainatan banatzeko. Orduan, beste hiru toberatan (7, 11, 15) erortzen zen; hortik txigortzailetik (19) pasatzen zen. Txigortu ondoren, kakaoa metalezko parrilla batera pasatzen zen; hor, bibrazioz, oskola kentzen zitzaion. Aire zikloi batek (22) eramaten zituen kakao-oskolak. Horrela, xigortua eta garbia, alea bi deposituetan (26) biltegiratzen zen, eta handik hiru errotarri horizontaletara (29) banatzen ziren, txingar bidez berotzen zirenak. Errota batetik bestera pasatuz, ehotzea gero eta finagoa da, kakao likidoa lortu arte. Produktu hori oinarri hartuta (oso mikatza denez, azukrea, esnea eta beste osagai batzuk gehitu behar zaizkio), Artiach markako gaileten txokolate-betegarriak eta estaldurak egiten ziren.

Galletas Artiach gailetak ekoizteko helburu bakarrekin Europan eraiki zen lehen fabrika izan zen. Eraikin horretan, makina hau beste bost instalazio erraldoirekin batzen zen (batzuk 70 metro baino luzeagoak). Hala ere, tresna horiek bere kabuz ez zebiltzan. Horietaz, lagun ugari arduratzen ziren (1970eko hamarkadan 800 langile izatera iritsi zen fabrika), batez ere andre gazte eta ezkongabeak. Emakumeak gehiengoa ziren, eta hala islatzen zuen enpresaren arkitekturak: jantokiak, aldagelak, dutxak, komunak… andrazkoentzako espazioek laukoiztu egiten zuten gizonentzako erreserbatutakoen azalera.

Deustuko Erriberako Galletas Artiach fabrikako langileak

Deustuko Erriberako Galletas Artiach fabrikako langileak (Ibáñez, M.; Zabala, M.: Galleteras de Deusto. Mujer y trabajo en el Bilbao industrial).

Deustuko galleterak ere bere historiaren protagonistak izan ziren. Beren eskubideen alde borroka egin zuten, grebara atera ziren beren lan-baldintzak hobetu behar zirela uste zutenean, eta beste sektore batzuen aldarrikapenei adierazi zieten elkartasuna. «Esplotazioa jasateko kokoteraino» zeudela oihukatu zuten egunkarietan, eta hobekuntzak lortu zituzten: zortzi orduko lanaldia eta jaiegunetako atsedena, adibidez. Deustuko Erriberako ikurra dira (Deustuko elizatea 1924an batu zen Bilborekin) ikurra dira, eta haien memoria artikuluetan eta argitalpenetan gordetzen da, baina baita horrelako makinetan ere, horien artean garatu baitzuten beren lana. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Industria Ondare Higigarriaren Gordailura egindako bisita bakoitzean, makina horren aurrean gelditzean, gure haurtzaroa gogoratzen dugu, baina emakume langile horiei ere omenaldia egiten diegu.

Ainara Martínez Matía (IOHLEE)

Txokolatea funtsezkoa zen Galletas Artiacheko hainbat espezialitatetan.

Txokolatea funtsezkoa zen Galletas Artiacheko hainbat espezialitatetan.

Kakao-errotak, kakao likidoa lortzeko prozesuaren azken fasea (Konsoni Lantegia).

Kakao-errotak, kakao likidoa lortzeko prozesuaren azken fasea (Konsoni Lantegia).

Electrodomésticos Gruber enpresak egindako txigorgailua, Kakao likidoa ekoizteko instalazioaren zatia. Konsoni Lantegia.

Electrodomésticos Gruber enpresak egindako txigorgailua, Kakao likidoa ekoizteko instalazioaren zatia. Konsoni Lantegia.

Gruber enpresaren iragarkia, Vida vasca aldizkarian, 1924.

Gruber enpresaren iragarkia, Vida vasca aldizkarian, 1924.

Galletas Artiach enpresako idazpurua, 1984.

Galletas Artiach enpresako idazpurua, 1984. Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).