Argitalpen-data: 2010/11/30
Hodeia eta software librea
Teknologia eta bere ingurunea moden arabera mugitzen dira, tarteka. Gaur egun, “hodeiaren” munduan murgilduta gaude. Badirudi ‘cool’ dela gure datuak Interneten edukitzea, gure datuak toki batean edota bestean kudeatzen dituzten plataforma desberdinekin konektatuak. Mundu fisikoarekin alderatuz gero ez da larregi aldatzen, baina datuen trazabilitatea eta hauek “gurutzatzeko” aukera beldurra eragiten hasi zait.

Gero eta publikoagoak gara eta hezi ninduten lotsaz, asko ere ez dena, gorritzen hasia naiz. Nire Unibertsitate sasoian “1984” (idazlea George Orwell) eta “Bai mundu berria” (ingelesez, “Brave new world”, idazlea Aldous Huxley) irakurtzen nituen eta etorkizun hurbilaz hausnartzen nuen, gaur egun bizi dudan honetaz. Ez dakit irudikorra izan ote nintzen, baina dosi txikitan kapsulatutako “Anaia Handia” sentsazioa benetakoa bilakatzen hasi da. Ez da soilik begi handiaren menpe gaudela, baizik eta bere agerpena eskertu egiten dugula eta gure jardun guztiaren berri ematen diogula modu zehatz eta sistematikoan. Eta, zerikusirik ba al dauka horrek software librearekin? Beti bezala, dena eta bat ere ez, baina hausnarketa sakona eskatzen duen gai bat da Administrazio Publikoarentzat.
Norbanako batek gainerako guztion esku bere datuak uztea, erabaki-prozesu pertsonal baten ondorioa da, jakinaren gainean egonda edo ez. Erakunde publiko batek bere datuak herritarren esku lagatzea, berriz, heldutasun eta praktika “demokratiko” desiragarrizko prozesu baten ondorioa da. Hala ere, arrisku bat dakar azpian, nork eta nola publikatzen dituen datuak eta, oraindik eta garrantzitsuagoa dena, non eta nor da hauen jabea. Garrantziarik gabeko gaia dela pentsatu dezakegu, baina bizi dugun sasoian ez da mespretxatu dezakegun zerbait. Hodeia, edota beste modu batean esanda, Interneteko informazio-multinazional handiak, borroka latza ari dira aurrera eramaten munduko Administrazio Publikoen beharrak asetzeko gai izango diren software erremintak sortzeko, eta horrek suposatzen du erakunde horien datu-multzo eskerga gorde eta kudeatzea. Hodeian egon beharra dago, hodeian parte-hartu, baina, ez al lukete Administrazio Publikoek euren herritarren datuen kudeaketa babestu behar?
Beraz, zergatik software librea? Funtsezkoa delako. Gure datuak kudeatzen dituzten erremintek nola funtzionatzen duten jakin dezakegu eta, are gehiago, gure Administrazio Publikoetan abian jarri ditzakegu herritarren datuak kudeatzeko eta hauek helburu desegokiekin ez direla erabiliko ziurtatu. Bizi dugun egoeran derrigorrezkoa da Administrazio Publikoei eskatzea ez daitezela erori multinazional handien tranpan, eta gure datuak eta hauen kudeaketa ez dezatela utzi Interneten presentzia handiagoa izateko malgutasun gehiago eskaintzen duten plataforma hauetan, batez ere, hainbat kasutan, pribatutasuna mespretxatu egiten dutelako eta haien jardun guztiek merkataritza-traza argia daukatelako. Lizentzia irekiak edukiko dituen hodei baten alde egin behar dugu, baina baita Administrazio Publikoei euren herritarren datuen jabe eta bermatzaileak izateko aukera emango dieten erreminten alde ere. Eta, noski, hau ez da izan behar muga bat herritarrek darabilten erreminta teknologikoetan presentzia egonkorra izan dezaten.
Laburbilduz. Administrazio Publikoek euren presentzia propioa garatu behar dute Interneten software libreko erremintak erabiliz, hodeiarekin konektatuak, baina datuak, eta hauen kudeaketa, Administrazioa beraren esku egon behar dira. Administrazio Publikoak ez dira modan erori behar eta multinazional handien proposamenek ez dute eraginik eduki behar haiengan, izan ere, hauek euren negozio eredua babestea dute soilik buruan, herritarren interesen gainetik. Administrazio Publikoak egon daitezela hodeian, baina informazioaren-kontrolerako erreminta eta estrategiei muzin eginik.
