Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

EAEko sektore publikoan IKTak kudeatzeko eredua definitzeko dekretu berri bat

Argitalpen-data: 

Martxoaren 13an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzak idatzitako dekretu berri bat argitaratu zen EHAAn (51. zk.).

Dekretu berri honek EAEko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua arautzen du.

Laburpen gisa, Dekretua definitzen duten ekintza hauek nabarmenduko ditugu:

  • Kudeaketa-eredu bat arautzen du IKTen arloan politika komun eta bateratu bat bultzatzeko eta ahalbidetzeko; kudeaketa-eredu hori bat dator Eusko Jaurlaritzaren estrategia eta helburu orokorrekin. Horretarako, antolaketa-mekanismo koordinatuak, eraginkorrak eta iraunkorrak ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde guztiak zerbitzatzeko.
  • Estrategia partekatu bat ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan batasuna, kalitatea eta efizientzia bultzatzeko, euskal gizarteak eskatzen duen Administrazio irekia eta modernoa lor dadin; bere ezaugarri nagusiak arintasuna, eraginkortasuna eta hurbiltasuna izanda.
  • Bere helburua izango da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien kudeaketa eraginkorra, jasangarria, koordinatua eta koherentea lortzea, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoaren beharrizanekin bat eginda, eta, aldi berean, gardentasuna, lankidetza eta gastuaren arrazionalizazioa sustatu nahi dira, jarduera publikoa gidatu behar duten printzipioak errespetatuz.

Dekretu honek lau kapitulu dauzka:

  • Lehenengo kapituluan xedapen orokorrak datoz, eta, besteak beste, hauek zehazten dira: xedea, aplikazio-eremua eta dekretu honen bitartez arautzen den kudeaketa-ereduaren oinarrian dauden printzipio antolatzaileak.
  • Bigarren kapituluan, berriz, plangintza estrategikoari buruzko xedapenak daude jasota. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osorako IKTen Plan Estrategikoan (PETIC) zehaztuta dago plangintza hori, zeina Eusko Jaurlaritzaren erabaki baten bidez onetsiko baita eta zenbait urtetarako izango dena.
  • Hirugarren kapituluan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko ereduaren egitura organikoa eta funtzionala dago araututa, eta, horretarako, funtsezkoa da IKTen Batzorde Estrategikoa (Informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako batzorde estrategikoa —CETIC—). Organo horrek, bere eskumenen artean, erabakitzeko ardura izango du eta funtsezko osagaia izango da ereduak funtzionatzeko; izan ere, haren ardura izango da ere IKTen Plan Estrategikoa (PETIC) ezartzea eta, halaber, plana gainbegiratzeko eta planari jarraipena egiteko betekizunak zehaztea. Organo hori sortuta, hor zentralizatuko dira ereduaren proposamen estrategikoak, eta, horrela, koordinaziorako eta koherentziarako gaitasuna lortuko da erabakiak hartzeko eta helburuak gainbegiratzeko orduan.
  • Laugarren kapituluan, IKT zerbitzuak eta ondasunak kudeatzeko araubidea dago araututa. Hor daude adierazita IKT zerbitzuen, ondasunen eta azpiegitura teknologikoen kudeaketari buruzko alderdiak; horien artean, nabarmentzekoa da kudeaketa-organo teknologikoa den EJIE sozietate publikoari eman beharreko mandatuaren elementua.
  • Azkenik, honako hauek ere badauzka dekretuak: xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

Informazio gehiago:

36/2020 Dekretuaren testua