Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

5G Euskadi proiektua

Argitalpen-data: 

"5G Euskadi" proiektuari adjudikatu diote teknologia berri hori garatzeko eta ezartzeko Espainiako Gobernuaren laguntza-programa. Euskadiko lehen 5G proiektu pilotua da, eta Euskadiko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala sustatzeko konpromisotik sortu da.

Proiektu hau 13 bazkideko partzuergo batek eratu du. Bazkideak hainbat ekosistemeko kideak dira, besteak beste, telekomunikazioetako operadoreak, sareko ekipamenduen hornitzaileak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak: Euskaltel, R, Orange, Grupo MasMovil, ZTE España, ZTE Managed Services, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, DBus (Donostiako Udala), Datik (Irizar taldea), CEIT eta Vicomtech.
Enpresa horiek, gainera, lankidetza-hitzarmenak egin dituzte Iberdrola, Basque CyberSecurity Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia, Tecnun (Nafarroako Unibertsitatea) eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin.
Horretaz gain, proiektuak euskal administrazio publikoaren laguntza du: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez), Donostiako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala.

Proiektua Red.es-eko Administrazio Kontseiluan onartu da (Red.es Ekonomia eta Enpresa Ministerioko erakunde bat da), eta 30 hilabeteko iraupena izango du. Inbertsioa 7,1 milioi eurokoa da; Red.es-ek 2,2 milioi euroko diru-laguntza eman du eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura.

Batera egindako ekimen honen bidez, 5G sare bat zabalduko da Euskadiko hiru teknologia-parkeetan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta Abadiñon. Horretarako erabiliko da aurrekontuaren % 65a. Gainerakoa 9 erabilera-kasu garatzeko erabiliko da. Zehazki, erabilera-kasu horiek produktu eta zerbitzuak merkaturatu aurreko garapenera bideratuta daude, mugikortasuna, energia, industria, zibersegurtasuna eta sare-zerbitzuen arloetan. Horretarako, azken belaunaldiko 5G teknologiarekin esperimentatuko da (edge computing, network slicing eta sarearen birtualizazioa), eta testatuko da 5G-ak zer ahalmen eskaintzen dituen: abiaduran (4G-a baino 20 aldiz azkarrago), latentzian (4G-ak baino 100 aldiz latentzia gutxiago) eta IoT masiboan (4G-arekin alderatuta, 100 aldiz baino gehiago biderkatzen da konektatutako gailuen kopurua km2 bakoitzeko).