Argitalpen-data: 2017/05/30
Software librea eta segurtasun informatikoa

Segurtasun informatikoaren gaia bolo-bolo dabil azkenaldian mundu osoko enpresa eta erakundeei eragin dieten “zibererasoak” direla eta. Hor daukagu WannaCry motako azken ransomware entzutetsua, eta litekeena da etorkizunean hazten joatea.
Segurtasun informatikoari dagokionez, oroitu dezagun software libreak badituela zenbait abantaila software pribatiboarekin alderatuz gero.
Gure webgunean bertan azaltzen genuen bezala (“Maiz egiten diren galderak” atalean), software librea seguruagoa da ikuskatzeko aukera ematen duelako; bere iturburu-kodea edozeinek aztertzeko eskuragarri baitago.
Dena den, bertan azaltzen genuen gainerako ezaugarrietan ez zeukala zertan seguruagoa edota hobea izan, hala nola akatsen zuzenketa-abiaduran, hori baliabideen eta pertsonak libre egotearen esku egongo da, azkarragoa izan daiteke programa libre baten inguruan dagoen komunitatea edo programa itxi bat sortu duen enpresa bat.
Hala ere, enpresa batek interesa badauka software libreko programa edo proiektu baten “bug”-ak (software-akatsak) konpontzeko edota hobekuntzak egiteko, baliabide ekonomiko edo lanordu nahikorik eskaintzea nahiko izan daiteke helburua lortzeko.
Orokorrean, baieztatu dezakegu software librea seguruagoa dela, bere izaera ireki eta banatuari esker, hainbat programatzaile eta aditu adi egon daitezke iturburu-kodea aztertuz —bereziki proiektu handietan—, eta honek ahalbidetzen du ikuskaritzak egitea gure datuak arriskuan jar ditzaketen akatsak eta atzeko ateak aurkitzeko (backdoor, ingelesez).
Horrela, software libreko programa eta proiektu handiek, babesa ematen dioten garatzaile eta erabiltzaile komunitate handia dutenek, segurtasun- eta babes-maila handia daukate eta balizko ahuluneen aurrean erantzun azkarra.
Edozein kasutan, gaur egun oso gomendagarria da oinarrizko bi neurri hartzea :
- Softwarea eguneratua edukitzea, gure etxean zein gure erakunde eta enpresetan; neurri hau gomendagarria da programa pribatiboak erabiltzen diren kasuetan ere.
- Segurtasun-neurri gehigarriak erabiltzea gure ekipoak babesteko: antibirusa, fitxategi edota esteka susmagarriak ez irekitzea, eta abar.
Interesekoa bada, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionalak (National Institute of Standards and Technology), zenbait estatistika eskaintzen ditu bere ahuluneen datu-basean (National Vulnerability Database), eta datuak hemen ikus daitezke: https://nvd.nist.gov/home. Badaude beste baliabide batzuk, hala nola European Union Agency for Network and Information Security (ENISA (https://www.enisa.europa.eu/)) Europako zibersegurtasunaren erakundeak argitaratutakoak, “WannaCry” dela eta, bere gomendioak publikatu ditu “WannaCry Ransomware Outburst” (https://www.enisa.europa.eu/publications/info-notes/wannacry-ransomware-outburst) ohar tenikoan, eta bertan alor honetan egon den Europa-mailako lankidetza nabarmentzen du.
Edonola ere, ezinezkoa da segurtasun osoa ziurtatzea, baina software libreak lagundu diezaguke hobetzen eta sorpresa ezatseginak saihesten.
