Argitalpen-data: 2014/07/24
Gure aplikazioak OpenApps-en partekatuak
159/2012 DEKRETUA, uztailaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko aplikazio informatikoak irekitzea eta berrerabiltzea arautzen duena, onartu zenetik bi urte pasa dira jadanik.
Dekretu horrek administrazio publikoek beren kabuz edo beste batzuen bitartez garatutako aplikazio informatikoak beste administrazio, enpresa edo hiritarren eskura jar ditzaten ahalbidetzen du.
Dekretu horren helburua eraginkortasuna bultzatzea da, beti ere softwarearen berrerabilpena oinarri hartuta. Beraz, euskal administrazioek euren aplikazioak era irekian argitaratu ditzatela lortu nahi du, beste administrazio batzuk, enpresek edo hiritarrek eskura duten iturburu kodea berrerabil dezaten.
OpenApps-en informazioaren argitaratzea
Hasiera batean, eta Dekretua onartu ondoren, OpenApps (openapps.euskadi.net) deituriko atari bat garatu zen; duela gutxi Eusko Jaurlaritzaren OpenData atarian barneratua izan dena.

SALEren Bulego Teknikoak aplikazio kopuru handiena lortzeko eta aipatutako atarian argitaratzeko ahaleginetan etengabe dihardu. Horri esker, gaur egun, adibidez, honako aplikazio hauek eskuragarri ditugu:
- OpenArgazki (Eusko Jaurlaritzaren argazkigintzako open data softwarea)
- OpenGida (Eusko Jaurlaritzako komunikazio irekiaren gida)
- OpenIrekia (Eusko Jaurlaritzako Open Government ataria)
- OpenUDA (Java teknologiaz aplikazioak garatzeko utilitateak)
- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordainketen pasagunea
- Eusko Jaurlaritzaren Forja (OpenMyWork-en oinarritutako elkarlaneko web ingurunea)
Aplikazio bakoitzak bere deskripzio fitxa du eta bere erabilgarritasunaren arabera sailkatuta dago: jasotzaileen eta beste erabilerraztasun irizpideen arabera. Kasu guztietan iturburu kodea jeisteko (deskargatzeko) aukera izango dugu; eta baita gidaliburua, arkitektura, menpekotasunak eta berrerabilpenerako beharrezko den informazioa ere.
Beste inguruneekin interkonexioa
Gure OpenApps ataria, era berean, Teknologiaren Transferentziarako Gunearen (TTG) Forjarekin interkonektatuta dago, eta bere helburua Estatuko Administrazio Publiko guztien aplikazioak biltzea da. Web horrek ondorengo atalak ditu:
- TTG-ren aplikazioen Direktorioa: horrek beste administrazioetatik berrerabiliak izan daitezkeen soluzioak (aplikazioak), proiektuak edota zerbitzuak biltzen ditu. Ingurune horretan bildutako soluzio guztien informazio teknikoa eskuragarri dago, eta beraiek jaisteko eta elkarlanerako hainbat aukera ditugu.
- Teknologiaren Transferentziarako Gunearen Forja: administrazio publikoek garatutako aplikazioentzako elkarlanerako ingurunea da, eta bertan administrazio publiko, enpresa eta hiritarrek parte har dezakete. Hainbat funtzionaltasun ditu, besteak beste, lana errazteko honako hauek: fitxategiekin lan egiteko, dokumentuak, berriak, foroak, gertakarien erregistroa, bug-ak, iradokizunak, inkestak, eginbeharren banaketa, posta banaketa zerrendak, gertakarien kudeaketa, wikia eta baita iturburu kodea kudeatzeko ere.
OpenApps ataria etengabeko bilakaeran
SALEren Bulego Teknikoak, Eusko Jaurlaritzaren Sailekin eta Erakunde Autonomoekin zuzenean elkarlanean, sail bakoitzean garatutako aplikazio esanguratsuenen bilaketa egiten du. Ondoren, OpenApps atarian aplikazio bakoitzari dagokion deskribapen fitxa argitaratzeko beharrezkoa den dokumentazioa prestatzen du etengabe. Hori dela eta, datorren irailean argitaratzeko (askatzeko) aplikazio berriak prest ditugu, dagoeneko.
Post honen bidez Sail eta Erakunde Autonomoetatik aplikazioen fitxa betetzeko jasotzen ari garen laguntza eskertu nahi genuke.
Azkenik, Euskal Administrazio Publiko guztiari, erakundeei edo enpresa publikoei eraginkortasunaren eta “software publikoaren” berrerabilpenaren apostuan tinko jarrai dezaten espero dugu.
