Argitalpen-data: 2014/10/21
Argitaratutako aplikazioen zerrenda eguneratua eta OpenIrekiaren eguneraketaren aurkezpena
Pasa den uztailean aipatu genuenarekin jarraituz, SALEren Bulego Teknikotik OpenApps atarian aplikazio berriak argitaratzeko etengabe dihardugu.
Gaurkoan irailean eta urrian argitaratu ditugun azken aplikazioen berri ematera gatoz:

- PLATEA Fitxategien Integrazioa (PFI): fitxategiak elkartrukatzeko soluzioa da, eta Eusko Jaurlaritzaren Sare Korporatiboko aplikazioen artean nahiz beste sare batzuetan sartutako aplikazioekin erabil daiteke.
- Bilera aretoak erreserbatzeko aplikazioa: Eusko Jaurlaritzako gelak erreserbatzeko garatutako web aplikazioa da. Aplikazio honen bitartez edozein administrazio publikok beraien bilera aretoen kudeaketa era errazean egin ahal izango du.
- Ibilgailuak kudeatzeko aplikazioa: Eusko Jaurlaritzako bere ibilgailuak kudeatzeko garatutako web aplikazioa da. Aplikazio honen bitartez edozein administrazio publikok beraien ibilgailuen kudeaketa era errazean egin ahal izango du.
- Euskadiko airearen kalitatearen webgunea: webgune honetan airearen kalitatearen datuak eskaintzen dira (denbora errealeko datuak).
- Aktiboen amortizazioen kontrolerako aplikazioa: San Markos Mankomunitateak partekatutako aplikazioa da eta Administrazio lokalaren aktibo orokorrak kontrolatzeko erabiltzen da.
Aipatutako aplikazioak aldez aurretik zeuden sei aplikazioetara batzen dira:
- Open Argazki: Eusko Jaurlaritzaren argazkigintzako open data softwarea
- Open Gida: Eusko Jaurlaritzako komunikazio irekiaren gida
- Open Irekia: Eusko Jaurlaritzako Open Government ataria. (Urrian eguneratu berria)
- UDA: aplikazioak garatzeko utilitateak.
- Administrazio Publikoaren ordainketen pasagunea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordainketen pasagunea.
- Eusko Jaurlaritzaren Forja: openMyWork-en oinarritzen den elkarlanerako web ingurunea.
OpenIrekiaren 5. bertsioaren aurkezpena
Aplikazio berriak argitaratzeaz gain, dagoeneko argitaratuak dauden aplikazioen eguneraketarekin ere jarraitzen dugu. Honela nabarmendu behar dugu pasa den urriaren 8an egindako “OpenIrekia: Eusko Jaurlaritzako Open Government ataria”ren eguneraketa.
Ekitaldi horretan, Eusko Jaurlaritzak OpenIrekia tresnaren funtzionamenduaren berri eman zien udaletako, unibertsitateetako, batzar nagusietako eta foru-aldundietako arduradunei. OpenIrekia software libreko (5. bertsioa) aplikazio bat da, eta erakundeon esku dago parte-hartzea eta gardentasuna sustatzeko plataformak gara ditzaten.
Gobernu Irekiaren zuzendariak, Luis Petrikorenak, zuzendutako jardunaldian, erakunde bakoitzak gobernu irekiaren filosofia bereganatzeko eskaintzen duen aukera jorratu zen. Petrikorenaren aburuz, erakundeek garatzen duten aplikazio berri bakoitzak ekarpen bat egingo dio herritarren parte-hartzea sustatzeko plataformen sareari. Legebiltzarrean izapidetzen den lege-proiektu bakoitzean barneratuta dago kontzeptu hori; izan ere, herritarrek horietan parte hartu behar dute.
Nabarmendu behar da OpenIrekiaren lizentzia publikoa dela, Eusko Jaurlaritzaren aipamena egitea besterik ez dela behar, eta ez duela inolako kosturik.
