2004ko Gure Artea Sariak
Euskal Teknika
Peio Agirre
Aurrekoa - Orrialde 5 . Guztira 7 - Hurrengoa
Testu osoa (pdf,181,28 kB)
Laurogeiko egoera politikoan ekoiztutako arte materialari dagokionez, aitortu beharra dago historian ere egon izan direla salbuespenak, etenak eta mota guztietako hausturak eta kasu batzuek ez diote genealogia ebolutiboari jarraitzen. Baina eraginari dagokionez konta daiteke Estatu guztian politika artistikoak hedatu izanak baldintza eta inertzia edo oihartzun batzuk sortu zituela eta gaur egun oraindik ere horiek entzuten jarraitzen dugula. Hamarkada miragarri horretako espiritua laburtzen duen lekukotasun baliotsuetako bat Txomin Badiolak 1989an eginiko saiakera seminal batean daukagu. Bere eta bere garaikideen lanari "Euskal Eskultura Berria" etiketa jarri zitzaiolako egin zuen saiakera hori: "Askotan azpimarratu izan den gaia da Euskal Herrikoak izan arren, mota guztietako tentsioz betetako testuinguru batekoak alegia, egiten genuen lanaren ezaugarria zela, joera formalizatzaileei eta printzipioz produzitzen zen inguruarekin zerikusirik ez zuen joerei atxikita egotea. Egoera hori ulertzeko, kontuan izan behar da hirurogeita hamarreko hamarkada erdi aldean Euskal Herriko artea polarizatuta zegoela klabe figuratiboan zeuden joera politikoen artean: batetik, errealismo sozialistaren proposamena izan zen haren hondakina edo luzakina zegoen, eta, bestetik, joera liriko abstraktuak zeuden. Joera horiek oso ongi sartzen ziren euskal nazionalismoaren asmo mitiko arrazialetan. Engainu autoindulgentez beteriko giro horretan Oteiza eskultorea zen, bere idatzien eta adierazpenen bidez, egoera ez lokalistetara ihes egiteko bide bakarra".
Laurogeiko hamarkadan, beraz, euskal artearen historiako etapa berri bat hasi zela esan daiteke, eta erakundeak baliabide publikoak ematen eta banatzen hasi ziren sorkuntzarentzako babes politiketan Estatuan horrelakorik aurkitzea zaila izan arren. Gure Artea jaio ondoren beste hamaika deialdi eta sariketa sortu zen lurralde osoan. Tokian tokiko, probintziako edo eskualdeko lehiaketa horiek ez zuten kanpoarekin inolako harremanik eta horrek "guettizazioa" edo probintzianismo sanoa ekarri zuen, nahiz eta Badiolak zabalkundea laudatu Oteizaren herentzia gisa.
Gure Arteako hamargarren edizioa zela eta, Joseba Arregik horri buruzko zerbait idatzi zuen beste behin: "Lehiaketa hau lehenengoz egin zenean, sariketak artea sustatzeko formula desegokiak eta antigoalekoak zirela esan zuenik izan zen. Jarduera horien mugak ezagutzen genituen, noski, baina garai hartan horrelako lehiaketa gutxi zegoenez, egokia zela uste genuen. Denbora igaro ahala bi gauzaz ohartu ginen: batetik, gure Erkidegoko beste erakunde publiko eta pribatu batzuek antzeko sariketak antolatu dituztela eta horietara ere, gurera bezala, ehunka partehartzaile joaten direla, eta, bestetik, garai hartan ekimen hau gutxiesten zuten haiek ez desagertzeko eskatzen dutela orain".
Hori irakurrita adostasunak irabazi zuela esan dezakegu. Historia herentzia bezala, heredatutako diskurtsoen jarraipen bezala, non jatorrizko erreferenteak galduz gero berriro ere periodizatu beharra egoten baita, nola hemen hala edonon, gure iragana hurbila, kolektiboa eta nahiko gertukoa izan arren.
Aztertzen saiatzen ari garen une zehatz horren fruitu, 1986an Arteleku arte zentroa jaio zen Donostian. Arte Ederretako fakultatean [lehen Arte Eskola deituan] lizentziatu berriak ziren lehenbiziko artista promozioen testuinguru historikoan sartu beharra dago jaiotza hori, eta gazte eta ez hain gazte ugari artista lanetan hastera bideratu zuen.
Gogo bero aldia izan zen hura zalantzarik gabe, horrez gain, Leioako Arte Ederretako fakultateak unibertsitateko karrera bat egiteko aukera ematen zuen gazteriaren kezka sortzaileak gauzatzeko aukerarekin batera [ez artean bakarrik, baita komiki munduan, musikan eta bestelako sub-kulturetan ere]. Horrek eszedentea sortu zuen eremu objetualean, eta lehiakete eta beken politikak hori mantentzen eta areagotzen lagundu zuten produkzio ekologia neurritsuagorik gabe agian. Hamarkada horretan "arte gehiegi" egin zela esan dezakegu orain eta aukeraketa naturalak bakarrik lagundu zuen etorkizunean hori erregulatzen.
Ahozko eta idatzizko jardunei eta lanen izaerari dagokionez, Neo izenekoen itzuleraren inguruan zebiltzan guztiak [nola pinturan hala eskulturan]: espresionismoak, hondakin figuratiboak edo minimalistak, abstrakzio lirikoa, hainbat informalismo, eskultura organikoa, kitsch eta arte kontzeptuala.
Hemen saiatzen ari garena bi genealogia banatzea da, biak diskurtso berean, egindako artean, elkartu ziren arren. Batetik, historia baten ideologia daukagu [zentzu althusseriarrean], horrek lotura bereizleak erreproduzitzen zituen iraganari edo bere herentzia artistikoari zegokionez; bestetik, egoera unibertsalista dago, labur esanda, eztabaida posmodernoa sortu zeneko hamarkada eta horrek ekoizpenean izandako eraginak alegia. Dena dela, bi horiek bat egitean arte bakoitza bere garairen ondorioa dela ikusten da, eta ezin dela Euskal Herrian laurogeiko hamarkadan egin zen artearen kontu eman zabalkunde kapitalistaren zordun den praktika materiala edo merkatura bideratutako helburu den objektuan oinarritutako metodologia arruntak aipatuta.
Dirudienez hemen iradokitzen dugun supra-instituzionalizazio hori gobernu erakundeen ugaritasunaren eta bitartekaritzaren ondorio izan da [gobernuak erakunde babesle edo ongile lirateke] eta gure testuinguruak zorionez asko izan du; hori artisten auto-organizazio eskasarekin kontrastean dago, ia ez dago artists-run-spaces delakorik, ekimen independenterik edo kolektibizazio prozesurik. Gauza bera esan daiteke teoria kritiko indartsua egoteaz, diskurtso feministez, generoaz edo klase sozialaz. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdi aldera arte itxoin behar izan genuen [Estatu Batuetako testuinguruan laurogeiko posmodernismo osteko eztabaida osoa gainditu arte] birsorkuntza honen lehenbiziko adibideak ikusi ahal izateko.
Diagnostiko honetan ezkortasun zantzuak ikusiko ditu agian norbaitek, izan ere orain datorren galdera honakoa da, hemen azaletik zirriborratu ditugun efektu hauek al dira Gure Artearen egiazko ondorioak? edo zuzen esateko, Gure Artea lehiaketak indibidualismoa sortu al du artistengan eta praktika artistikoa erabat indibiduala den zerbait bezala ulertzeko moduan? Horrek bere jaiotzako jatorri esan-gabearekin, ezkutuarekin edo inkontzientearekin kontrastatuko luke agian, eta nortasun kolektiboak edo imaginario kolektiboak finkatzearen inguruan ibiliko litzateke kontzientzia komunitario indartsutik hasita.