2004ko Gure Artea Sariak
Euskal Teknika
Peio Agirre
Aurrekoa - Orrialde 4 . Guztira 7 - Hurrengoa
Testu osoa (pdf,181,28 kB)
III
Askotan aipatu da arteari babesa emateko modurik eraginkorrena diru-kopurua duen deialdi publikoa ote den, dirulaguntzen politiken edo ikerketa beken ordez. Eztabaidak irekita jarraitzen du Gure Artea jaio zenetik, eta berriro ere gogoan izan behar dugu horren jaiotza eta gobernu autonomiko berriarena batera gertatu zirela, eta gobernu horren lehenbiziko helburua da gizarte zibilari adierazteko tresnak ematea eta kanalizatzea, eta aldi berean, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lerroak ongi definitu.
Demokrazia partehartzaile hori gauzatuko litzateke herrialdeko artista "denek", inolako lehentasun eta salbuespenik gabe, izango bailukete deialdian parte hartzeko aukera, eta horren bidez erakusketa kolektiboa egiteko aukera legoke, eta geroago sari ekonomikoa lortzekoa. Horri denboran izan duen jarraipena gehitu behar zaio, hogei urte baino gehiago daramatza, erreforma liberal-pragmatiko modukoak izan dituen arren.
Horrela, gizarteak artista horiek ordezkatu eta errekonozitu egingo lituzke duen erakunde nagusiaren bidez, eta galerien merkatuko logiketatik kanpo sortzen jarraitzeko ilusioari eutsi egingo liokete. Kasu batzuetan artista horren merkatu komertzialean sartu aurretiko potentzialitatea baloratuko luke sariak. Berriro ere Nancy Fraserek aipaturiko ondasunak onartzearen eta birbanatzearen borroka horrek esanahi bereizlea du hemen.
Politikariaren hitzetara itzuliz: "Behin baino gehiagotan hausnartu izan da arte lehiaketen egokitasunari buruz. Ziur nago gehienok ados egongo garela ez liratekeela beharrezkoak izan behar, horrek merkatu artistiko aktiboa dagoela adieraziko bailuke. Baina, egia esan, egungo euskal gizartean bere artisten lanak komertzialki gaizki sartzen dira edo, areago, ez dira sartzen. Horregatik, nahia alde batetik eta errealitate egoskorra bestetik doazelako, daude sariketak, Gure Artea, besteak beste. Ez dute gizarte zibilaren hutsunea betetzeko asmorik, baizik eta bere nahia bestelakoa da, interes publikokoa dena publikoak ezagutzea".
Aldi berean, publikoa ireki eta artera heltze horrek "euskal artea" kontzeptua birdefinitu egingo luke [ez nahitako modu kontzientean] arte ofiziala bat bezalako izen susmagarririk erabili gabe. [Oharra: Izan ere Estatu espainiarrak laurogeiko hamarkadan ofiziala deituriko artea sustatu zuen, atzerrian espainiarraren ordezkari izango zena. Euskal Herrian, aldiz, Gure Artea eta beste sariketa ugariri [guztiak ere tokian tokikoak] egokitu zitzaien artea zabaltzea eta babestea, ez zen euskal artisten ia inolako erakusketa instituzionalik egin Espainian eta are gutxiago atzerrian. Tokiko mugak gainditzen zituzten euskal artistak Madril edo Bartzelonako galeriek erakusten zituzten, eta orduan sartzen ziren atzerrian "arte espainarra" izenarekin.]. Izaera publiko hori gogoan izan behar da beti eta gaur egun ere, Gure Artea abian jarri eta hogeita bi urte geroago, bere oinarria da.
Formatuaren egokia ote denari buruzko eztabaida dago; eta eztabaida horren arrazoietako bat honakoa da: ezin dela tokiko eszenaren osoko irudirik eman sartze-baztertze dinamika saihestezina erabili gabe.
Chantal Mouffek berriro ere gogorarazten digu demokrazia gauzatzeko sartze prozesuak bezain garrantzitsuak direla baztertze prozesuak.21 Horrela, bada, adostasuna hartu beharko litzateke demokrazia gauzatzeko arau erregulatzaile gisa. Bere dinamika deseraikitzailean, publikoa den oro ukiezina den arau instituzionalak, artista "guztiak" aurkeztu ahal izateak ez du esan nahi baztertze/sartze dialektika ezabatu edo kendu denik, baizik eta, nolabait ere nabarmendu egiten duela edo argitara ematen duela.
Horregatik, adostasun/antagonismo bikotea oso garrantzitsua litzateke, eta emaitzak ikusita, inolako lotsarik gabe esan dezakegu adostasunaren logikak irabazi duela edo zuela, edo hori gailendu dela Gure Artea sariketan hasieratik. Hori praktikara itzuliz gero zera esan nahi du, artista kopuru handia edo ahalik eta gehien gustura uzten saiatzea eta antagonismoa edo eremu subjektiboko edo pribatuko erabakiak, partzialak alegia, kentzea.
Gure Arteako historian parte hartu duten milaka artistek ongi dakite hori ez dela sekula posible izan. Adostasuna modu neutralean bilatzeak borroka, polemika eta eztabaida besterik ez du sortu. Eta komenigarria da hala izatea, horrela bakarrik eutsiko baitzaio irekita bere bir-definizioa neketsuaren prozesuari.
Adostasuna/antagonisma dialektika hori oraindik ere indarrean dago Gure Arteako egitura ideologikoan hainbat elementuren bidez: deialdiaren eredua, hartzen duen lurralde eremua, arautzen duen eskubide legala, administrazio dinamikak, epaimahai neutrala eta aldi berean antagonikoa jartzea kideen profilari dagokionez, komisarioaren rola sartu edo ez, erakusketa ibiltaria izatea, irabazleak aukeratzeko erabilitako irizpideak eta beste elementu asko eta asko.
Adostutako iritzi baten mende ezin egona, eztabaida eta liskarra sustatzea, katalogo honen beraren bidez eta edizio honen bidez ere egin daiteke. Ez litzateke erradikalizazio bezala ikusi behar hau, baizik eta demokrazia erradikala [Mouffe eta Laclau-en hitzetan esanda] eta pluraltasuna gauzatzea bezala.
Errealitate sozialak modelatzen badu produkzio artistikoa, nolatan uler daiteke partehartze kopuruak behera egin izana sariketan gauzatze demokratikoa bada?
Datu soziologikoek honakoa diote: Euskal Herria belaunaldi erreleboaz kezkatzen da. Populazioaren piramidea goitik hazten eta behetik txikitzen ari da. Administrazioak eszenatoki demografikoak hartzen ditu kontuan ongizate estatua bermatuko duten politikak planifikatzeko.
Eustatek 2002ko martxoan aurkeztu zituen 2050era bitarteko eboluzioaren zazpi eszenatoki desberdinak. Populazioaren hazkundea zehazten duten fenomenoak kontuan hartuta [hilkortasuna, ugalkortasuna edo migrazioak] Eustatek aurkezturiko zazpi eszenatoki horietatik bostetan populazioa galera zegoen, Euskal Herrian dagoen beheranzko proiekzio demografikoaren adierazpen garbiak ziren, beraz. XX. mende amaierako eta XXI. hasierako euskal populazioak behera egiten jarraitzen du; 1983an hasi zen beherakada hori, urte horretan izan zuen inoizko populazio gehien. Kontsulta iturria, Eustat [Euskal Estatistika Institutua], 2002.
Agian denborazko kointzidentzia hutsa da jenderik gehieneko urte hori eta Gure Artea hasi zena ia bera izatea. Eta agian gehiegi eskatzea izango da, baina nagusi diren produkzio moduekiko paraleloa den azterketa demografiko bat eginez gero, beharbada adieraziko liguke lehiketa-sariketan artistek izandako partehartze maila.