2004ko Gure Artea Sariak

Aurkezpena
Artistak
Erakusketak

Euskal Teknika
Peio Agirre


 Aurrekoa - Orrialde  3 . Guztira 7 - Hurrengoa
Testu osoa (pdf,181,28 kB)






 -II-

Aurtengo 2004 honetan, Gernikako Estatuaren 25. urtemuga da eta horrekin batera baita Udal Demokratikoen 25. urtemuga ere.

Euskal Herriko arteari buruz egin zuen liburu-estudioan, Anna María Guasch historialariak 1980an jarri zuen bere muga.10 Urte horretan hasi zen eraldaketa garrantzitsuekiko aldi berri bat, eta artearen munduan de facto islatu zen hori. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran aldaketa demokratikoa egon zen Espainian eta politika autonomistak indartu egin ziren.

Euskal Herriak 1979an hasi zuen bere ibilbide autonomikoa eta urtebete geroago Gasteizen finkatutako Eusko Jaurlaritzak Nestor Basterretxea artista izendatu zuen aholkulari artistiko Ramon Labayen Kultur sailburu abertzalearen babesean. Arte plastikoetako Gure Artea lehiaketa edo sariketa berariazko koiuntura horretatik eta Basterretxeak iradokita sortu zen. Horrek ez du esan nahi, ordea, hura izan zenik lehiaketa sortu zuena. Kasu hauetan gertatzen denez, autoritate paternal bat baino gehiago kausalitate determinante bat dagoela baizik.

Idatziz horrelakorik jaso ez den arren, ez ginateke oker ibiliko pentsatuko bagenu Euskal Herrian egindako artea bultzatzeko lehiaketa antolatzea ia anonimatoan zegoen sorkuntza talde bati babesa emateko markoan sartzen dela edo agian atentzio gabezia zegoelako hainbat hamarkadetan tentsioa nagusi izan eta nazioartean nolabaiteko erreputazioa Jorge Oteizak eta Eduardo Chillidak bakarrik izan ondoren.

Basterretxea, orduan eta orain euskal abangoardiako artistarik nabarmenenetakoa, ez zegoen hor halabeharrez. GAUR taldeko kide "martxan egon" zen hiru urte eskas haietan, Oteizari estu lotua nola adiskidetasunari hala ideologiari zegokionez, polemikoki "euskal arte" bezala konfiguratu den haren zati da. Gaur egun kakotx artean jartzen den arren, XX. mendean egiazkoa izan zen, batez ere hirurogeiko hamarkadatik aurrera. Gure Artea bezalako lehiaketa publikoak sortzearen ondorioz artisten komunitatean zeuden barne borrokak amaitu egin ziren. Borroka horiek nortasun komun bat definitzeagatik izan ziren, batetik nazionalismoa defendatzen zutenak zeuden [euren abstrakzio formalarekin] eta bestetik komunistak edo marxistak [euren errealismo sozialarekin] eta pluralismoa, heterogeneitatea eta eklosio artistikoa nagusi ziren aldi berri bat hasi zela esan genezake.

"Euskal artea" kategoria [zehatz periodizatu beharra dago hitz anakroniko bihurtzeko arriskua baitu gaur egun Holandako artea, Maltakoa edo Papuakoa aipatzen direnean bezala] oso berria da Anna María Guaschen arabera, zehatz esateko hirurogeiko hamarkadaren erdi aldekoa litzateke, une horretan sortu ziren, hain zuzen, Euskal Eskola delakoa eta GAUR taldea. "Beste edozein tokitan euren artearen gaia ez da onartzen edo arbuiatu egiten da edo ez da planteatzen, baina Euskal Herrian euskal artea egotea, horrek dituen konnotazio ideologikoak eta harreman kolonialak kezka, eztabaida eta hausnarketa ugariren iturri dira oraingo jarduera artistikoa finkatzeko".

Egia esan, egiaz euskalduna den artea planteatze hutsak iraganeko belaunaldiek euren jarraikortasun historikoan duten inkontziente politikoa adieraziko liguke.

Basterretxea Gure Artea lehiaketaren sustatzaile gisa jartzen duen xehetasun horrek lehiaketaren isilpeko ideologia azalduko luke, edo gutxienez testuinguru sozial eta politiko zehatz batean jarriko luke, historikoki lokalizatzeko moduan.

Orain, hogei urte baino gehiago igaro diren honetan, Gure Artea-ren esanahia laututa gelditu da marka zentzua baitu [euskal artearen adierazgarria da], "Gure" horren esanahia [gehienetan] itzuli-gabe, esan-gabe gelditu da edo segurutzat jotzen da. Gure hori [gazteleraz Nuestro] Nuestro Arte bihurtuko litzateke horrela.

Baina zein gara Gu? GU edo GUK hori zein gara, edo berdin dena eta beste hizkuntza unibertsal batera itzulita zain gara WE edo US hori?

Jarraian "gu" horren esanahia aztertu eta ikusi beharko dugu nork osatzen duen edo dugun baino gehiago. Gure Artea delakoaren esanahia aldatu egiten da amaieran -n jarriz, gero, hau da, artean, gure artean, litzateke orduan, gaztelerazko "entre nosotros"; harrera edo ongietorri zentzua luke edo "gureetako bat" ere izan daiteke.

Gauzak apur bat sinplifikatzeko, "gu" egoteak esan nahi du "haiek" ere badagoela, eta hala jaso dute taldeak sortzeko edo nortasun kolektiboak berenganatzeko prozesuei buruz egindako azterketa soziologikoek. Horrek "kanpo konstitutiboaren" beharra dakar, horrela mantenduko baita gizarte kohesioa. "Gu" - komunitatea, nazioa edo autoafirmaziorako beste edozein forma - bagarela ohartzeko, aurrez "haiek" zehaztu, estereotipatu eta identifikatu beharra daukagu, haiek ere gu bezain auto-kontzienteak euren nortasun politiko kolektiboari dagokionez.

Richard Sennett eta Zygmunt Bauman autoreek hausnartu dute "gu" horren zentzuari buruz. Lehenbizikoarentzat "geure burua babesteko ekintza da gu. Komunitate bateko kide izateko nahia defentsarako da. […] Ia lege unibertsala da gu hori nahastetik eta kaosetik defendatzeko erabil daitekeela".

Bigarrenak, aldiz, behin eta berriz eta modu kritikoan errepikatu izan du bere idatzietan promesa utopiko hori, komunitate nahia alegia, chez soi edo norbera bere etxean egotea, gu/haiek egiturazko desberdintasun horretatik abiatuta ezarriko litzatekeela, banatzen eta zatitzen dituen mugan.

Zentzu horretan, Chantal Mouffe-k, Derridaren lanean oinarritu eta bestearen kanporatze osagarri horretan ikusten du "gu" eta "haiek" horien arteko bereizketa egiteko behar den antagonismoa. Honakoa idatzi du, "Schmittentzat adiskide/etsai harremaneko irizpide politikoak, bere berariazko differentiak, 'gu' sortzea dakar eta 'haiek' delakoari kontrajarrita ezartzen da eta hasieratik finkatzen da hori identitate kolektiboen eremuan".

Politika definitzerakoan adiskide/etsai oposizioa jarri zuen Carl Schmitt teoriko aleman politikoki desegokiak; 30eko hamarkadan garatu zuen definizio hori eta orduko oposizio horrek balio du testuinguru honetan politikaren izaera antagonikoa nabarmentzeko eta pluraltasunaren beharra adierazteko, non "etsai" hitzaren ordez beste hitz adiskidetsuagoa jarriko den "aurkaria".
Mouffek bere tesiarekin jarraitzen du esanez "kasu honetan antagonismoa ezin da izan inbertsio dialektikoko prozesu hutsa: 'haiek' ez da 'gu' zehatz baten aurkako osagarria, baizik eta edozein 'gu' ezinezko bihurtzen duen haren sinboloa […] Nortasun kolektiboak gu/haiek moduaren bidez bakarrik ezar badaitezke, argi dago baldintza batzuk egonez gero beti eraldatu ahal izango direla harreman antagoniko bihurtzeko. Beraz, antagonismoa ezin da inoiz kendu eta beti presente dagoen aukera bat da politikan".

Kasu honetan, Gure Artea horrek duen zentzua nola literala hala metaforikoa da, edo gutxienez sortu den testuinguruarekin paraleloan dago eta eztabaida sozialaren eta politikoaren erdian, aitorpenaren eta singulartasunaren bila dabiltzan prozesuekin.

Nancy Fraser-ek ongi esaten digunez "gatazka politikoaren forma paradigmatiko ari da bihurtzen onarpenaren aldeko borroka XX. mende bukaeran. 'Desberdintasuna onartzeko" errebindikazioek sustatzen dituzte talde borrokak, denak ere nazionalitatearen, etnizitatearen, arrazaren, generoaren eta sexualitatearen banderaren azpian mugitzen direnak. 'Sozialismo-osteko' gatazka horietan taldearen identiteak ordezkatu du klasearen interesa mugimendu politikoaren zergati nagusi gisa. Kultur mendekotasunak ordezkatu du esplotazioa funtsezko bidegabekeria den heinean; eta kultur onartzeak, berriz, birbanatze sozio-ekonomikoa ordezkatu du bidegabekeriaren aurkako erremedio eta borroka politikoaren helburu gisa".

Prozesu horietan klitxeak eta estereotipo kulturalak taldea batzen duten "kanpoko gauzak" dira alteritate diren heinean eta, Jamesonek berriro gogorarazten digun bezala, beste taldeekin harremanak izateko funtsezko tresnak izaten dira beti, izan ere, "inork ere ez dio beste talde bati aurre egin bere bitartekotzarik gabe".

Eratorri etimologiko horiek eta hizkuntza joko horiek, deseraikitzeko saio argiak denak ere, inozoak iruditu daitezke orain, baina ideologiak nola funtzionatzen duen erakusten dute.

Historia txiki honekin jarraituz, Gure Arteako 1984ko Katalogoaren sarreran garai hartako Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Joseba Arregik, honakoa zioen: "behar adinako autokontzientzia maila lortu nahi duen gizarte orok behar ditu edozein kolektibitateren azpian dauden bihozkada itsuak, zailtasunak eta arazoak kontzeptualizazioaren edo adierazpen sinbolikoaren bidez mendean hartzen ahalegintzen diren pertsonak forma eman eta gizarte horren giza alderdia osatuko duen hizkuntza sinbolikoa sortzeko".

Esaldi hori zentzuz betea da [eta agian hemendik aurrera serio hartu beharko ditugu erakundeen sarrerak] iraganeko belaunaldien gizarte eta kultur kontzientzia handia planteatzen baitu eta Historian, denboraren ibaian, sartzea ere bai. "Belaunaldi" kategoria horrek beti dakar mugimendu ziklikoa berarekin, era berean, taldearen auto-kontzientzia handia ere eskatzen du aldi horri buruzko identitateari eta singulartasunari dagokionez.

Behin baino gehiagotan idatzi da GAUR taldearen ondoren [1966an sortu eta 1969an desegina eta Gipuzkoako zortzi artistek osatua, Oteiza, Basterretxea, Sistiaga, Chillida, Mendiburu, Amable Arias, Ruiz Balerdi eta Zumeta] beste talde batzuk sortu ziren gainontzeko probintzietan: EMEN [Bizkaian], ORAIN [Araban], DANOK [Nafarroan], izen guztiak Oteiza irudikorrak emanak. Modernitatean sartzeko espiritu hori azkar zabaldu zen eta iraultza kulturala sortu zuen herrian.

"Hemen" eta "orain" honetan [berriro ere auto-afirmazioa ezaugarri moderno gisa] loratu zen "denek" parte hartuko zuten modernitate edo talde proiektu baten funtsa.

Apur bat urrunago joanda, berriro ere gauza bakarra faltako litzateke, historiako subjektu kolektiboak haragi bihurtze du GU hori -eta espekulazio transhistorikoaren eremuan sartzen gara hemen. Identitatearen kontakizun gehienak indibidualak izan beharrean beti kolektiboak izaten dira, modernitatearen kontakizuna bezala.