Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 8 >> 9 >> 10...

9. "EuSkARaREn HeRRi HizKerEN AtLasA" (EHHA) eGiTaSMoa

Euskaltzaindiak argitaratze eta sareratze bidean du jada, dialektologia arloan euskaraz inoiz egin den egitasmorik asmotsuena. Europako herrialde batzuetan –hala Frantzian eta Alemanian esaterako– erabilitako metodologia modernoen bide bertsutik eta informatikabitarteko gaur-gaurkoak aplikatuz, hogei bat urtean garatu den egitasmoa burutzeko bidean du jada Euskal Akademiak, horretarako giza eta tresna-baliabide ugariak erabili ondoren.

EHHA atlasaren ezaugarri nagusiak hauek dira, labur esanda:

Euskara egiten den lurralde osoko 145 herri edo lekutan egin dira inkesta osoak. Lurralderik lurralde joanda, Bizkaian 36, Gipuzkoan beste 36 –ez bakarrik gipuzkera eremuan, baita bizkai- edo nafar-hizkerak egiten diren herrietan–, Nafarroan 27 –bertako euskalki edo azpieuskalki diferenteak jasotzen direla‑. Araban 1 (Aramaio), Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

Inkesta edo galdesorta osoak 2857 galdera ditu, hizkuntzaren lau alderdi jasotzen dituztenak. Galderarik gehienak lexikoari buruzkoak dira: 2163. Aditzaren morfologiari buruzkoak 595 galdera dira. Joskerari dagozkionak 62 galdera, eta azkenik fonetikari buruzkoak 37.

Lexikoari dagokion galdera-sorta, gaika antolatua dago, Europako beste hizkuntza-atlasetan egin den antzera. Gai-arlo nagusiak hauek dira: 1- Abereak, 2- Zerua, denbora eta eguraldia, 3- Lehorra eta itsasoa, 4- Arbolak eta landareak, 5- Etxe-abereak eta hazkuntza, 6- Baserri-etxea, 7- Baserriko jarduerak, tresnak eta ekoizpena, 8- Gorputza, eritasunak eta familiako bizitza, 9- Gizarte bizitza eta lan mundua.

Inkesta-lana grabaketa bidez egin da. Jasotako erantzun zuzenak koadernoetan transkribatu dira ondoren; hurrengo pausoa, informazio hori datu-base sistema batera eroatea izan da, beren-beregiko programa baten bidez. Datu-base horretan, galdetutako kontzeptuari emandako erantzun zuzenez gainera, informazio osagarri asko ere jaso da, etnografikoa, linguistikoa edo osterantzekoa. Azkenik, datu-basean oinarriturik, kontzeptu bakoitzaren gaineko mapak elaboratu dira, euskararen lurralde osoan kolore bidez azaltzen dela non zein erantzun izan duen kontzeptu bakoitzak.

Informazio eskerga hau liburuki inprimatuetan, CDetan eta sare bidez argitaratzeko bidean da.

Euskaltzaindia

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 8 >> 9 >> 10...
Azken eguneratzea: 2009/12/03