10. EUskaraReN EsTanDarIZaziOA XX. mEnDeRA aRtE
Hizkuntza estandarrak gizartearekin harreman apartekoa dauka. Izan ere, hizkuntzaren bilakaera normalean berez gertatzen bada ere, hizkuntza estandarraren kasuan gizartearen esku hartze zuzen eta antolatuaren emaitza da. Esku hartze horrek, “estandarizazioa” deritzona, hizkuntza estandar bat sortzen du lehenago dialektoak (hau da, aldaera ez estandarrak) baino egon ez diren lekuan.
Ez da erraza zehatz deskribatzea hizkuntza estandarra zer den, baina hartakotzat hartzeko hizkuntza horrek prozesu batzuk beteak izan behar ditu:

Aukerak: era batera edo bestera hautua egin beharra dago; dauden aldaeretatik bat hautatzea dela, edo daudenen artean erdibide edo nahasketa bat bilatzea dela. Puntu honek garrantzi handia du, zeren hautatua den aldaerak prestigioa hartzen baitu, eta harekin batera euskalkiori lehendik erabiltzen dutenek ere.
Kodifikazioa: erakunde batek, Akademiak kasurako, hiztegiak eta gramatikak idatziko ditu aldaera hori finkatzeko, guztiek argiro jakin dezaten zein den araua eta zein ez.
Lantze funtzionala: aukeran hartutako aldaera goi gobernuari atxikiriko zeregin guztietan eta idatzi mota guztietan erabili ahal izatea (hezkuntza, administrazioa, hedabideak…) eta literatur genero guztietan. Hori dela eta, beharbada beste hizkuntza-osagarri batzuk gehitu beharko zaizkio hautaturiko aldaerari, hiztegi teknikoa batez ere, baina era berean dauden formak erabiltzeko estilo-eredu batzuk sortu beharko dira: eskutitz formalentzako ereduak, idatzi administratiboenak eta beste.
Onartzea: Aukeratutako aldaera gizarteak onartu egin behar du denen aldaera gisa. Horrek indar handia hartzen du gizarte-talde horren bateratzaile gisa.
Dena den, estandarizazio maila dela eta hainbat eztabaida dago: ea noraino estandarizatu behar den; beharbada ahoskerak ez du behar idazkerak beste, eta gainera estandarizatua ez da zertan aurkeztu aldaera zuzen bakarra balitz legez.
Euskararen kasuan, estandarizazioari begira XX. mendera arte hiru jarrera bereizten ditu Koldo Zuazok.

Lehenengo jarrera mota, erdarek euskara ordezkatzearen aldekoa da. Hizkuntzaren aldaeren arazoari irtenbide egokia asmatu ezinik euskara alboratu eta erdaretara jo izan dutenen jarrera. Ahoz ere gertatzen da hori, baina idatzira jotzean areagotu egiten da arazoa.
Bigarren jarrera mota, sorterriko hizkeraz baliatzea da. Norberak dakien aldaera edo norbere herri edo eskualdeko hizkeraz, aldaeraz, baliatu izan direnen jarrera.
Hirugarren jarrera mota, estandarizazio-bide jakin bat bilatu nahi dutenena da. Auziari nolako edo halako irtenbidea aurkitzen ahalegindu direnen jarrera.
Hirugarren bidetik jo dutenen artean, aspaldiko idazle zuberotarrak nabarmentzen dira, bateratzeko ereduaren bila aparteko ardura erakutsita. Oihenart eta Tartasek, adibidez, aipatzen dute arazoa. Zuberera bazter euskalkia izatea eta hiztun asko ez izatea egon daiteke azpian arrazoi eragile gisa, hango idazleek irtenbide hori hautatu eta inguruko euskalkietara hurbiltzen ahalegintzeko.
Antzinako idazleen artean, dena dela, Leizarragak egin zuen ahaleginik handiena hizkuntz eredu bat osotzeko. Leizarragak lapurteran oinarritu zuen bere hizkuntza, baina baxenafarrera eta zubererarekin osotuta. Leizarragaren ahaleginak, baina, ez zuen jarraitzailerik izan. Berak zekarren mezuak eta mezu hori bultzatzen zuen aginte politikoak ez zuten aurrera egin, eta haren eredua ere bidean geratu zen.
Lapurdiko itsasaldean sortu eta indartu zen mezu horri aurre egingo zion kontrarreforma, eta nagusitasun horrek hizkuntzan ere izan zuen isla. Kostatarra oinarri zuen hizkuntza eredua euskaldun guztientzako bakar bilakatzeko asmoa Sarako Etxeberrik adierazi zuen, Axular eredu eta gidari jarrita.
Aita Manuel Larramendik euskararen eta Euskal Herriaren apologia egin zuen batez ere, kanpora begira gehienbat. Euskalkiak zaindu eta lantzearen aldekoa zen. Norbere euskalkiaz gainera, hala ere, beharrizanen arabera denak erabili eta lantzearen alde agertu zen. Tokian tokiko euskalkia erabiltzea proposatu zuten berak eta ondoko jarraitzaileek, batez ere predikazioan eta dotrinako zereginetan. Hiztegi arloan halako batasun batera heltzeko nahia erakutsi zuen, euskalkien arteko mugak deseginez, hitzak edo lexikoa zirelako haren aburuz ulergarritasunerako trabarik handiena.

Larramendiren girokoek haren bideari jarraitu zioten orpoz orpo. Aita Sebastian Mendiburuk, Iruñean bizi eta, nafar erako hizkera finkatu zuen idatziz, eta Aita Agustin Kardaberazek, gipuzkeraz idatzi zuen guztiaz gainera, bizkaieraz ere dotrina-liburutxo bi ondu zituen.
XVIII-XIX. mende mugako hegoaldeko euskararen egoeraz jabetzeko, ezinbestekoa da Juan Antonio Mogelen lanari begiratu bat egitea. Markinarra zen, Eibarren jaio bazen ere, baina euskalki biren artean zibo-zabuan garatu zuen bere literatura-lana. Bizkaierak hiztun asko zituen, baina prestigio gutxi. Gipuzkera, ostera, mende erdi bat lehenagotik ospea hartua zen, batez ere jesulagun idazleei esker. Mogelek berak ere gipuzkoar klasikoak izan zituen bide-erakusle: Larramendi, Kardaberaz eta Mendiburu. Hauen lanak irakurriak zituen, eta Pirinioez gorako klasiko batzuenak ere bai (Axular, Oihenart) eta hauen idatzi-ereduak aintzakotzat hartu zituen, bere-berea zuen bizkaierarekin batera.
Bizkaiera literarioaren aitatzat dago Mogel, Añibarrorekin batera. XVIII. mendearen 80ko hamarkadan Asteteren dotrinaren bertsio bat atera zuen bizkaieraz, eta 90ekoan dotrina luze bat idatzi zuen, hau ere bizkaieraz, argitaratu barik geratu zena. Hurrengo urratsa gipuzkeraz eman zuen: Confesio ta Comunioco sacramentuen gañean eracasteac... dotrinaliburua idatzi zuen eta 1800ean atera, arrakasta bikaina jadetsiz. Irakurle gehiago eta inprimatzeko erraztasun handiagoak eskaintzen zituen gipuzkerak.

Hala ere, bere jaioterriko bizkaiera ere goi mailara eroaten ahalegindu zen: Peru Abarka eta Maisu Juanen berba-jardunak dira Mogeli osperik gorena eman diotenak, nahiz laurogei urte beranduago argitaratu izan. Antzeko zerbait gertatu zen gerotxoago ipuin on edo alegiekin. Bizkaieraz ondu zuen bilduma argitaratu barik geratu zen, baina gipuzkeraz bertsioa, iloba Bizenta Mogelen izenez argitaratu zen 1804an.
Gipuzkera eta bizkaiera hautatzeko orduan nahi eta ezinaren artean aurkitu zen: batzuen eta besteen gogoak bete nahi zituen, obra berak bizkaieraz eta gipuzkeraz eman, baina eragozpenez josita zegoen bidea. Batetik bizkaierak bizkaitarren artean zuen estimu urria, eta bestetik gipuzkoarrengandik jasaten zituen arbuio eta destainak. Nolanahi ere, guztientzakotzat gipuzkera erabiltzea ikusten zuen egokiago, beste edozein euskalki baino.
Bai Mogelek, bai Añibarrok, euskalkiz idaztea ezinbestekotzat dute helburu praktikoetarako: dotrina edo erlijio eskola euskaraz emateko; nekazariek zein eskolariek hori zutelako mezua hartzeko modurik zuzenena. Baina aldi berean, euskalki diferenteetako hiztunak elkarrengana hurbiltzeko ahalegin pedagogiko handi bat egiten du Mogelek, batez ere Peru Abarka-n aurrez aurre ipintzen dituelarik Peru eta Maisu Juan bizkaitarrak batetik, eta luebagin baigorritar bat eta giputz artzain bat bestetik.
Añibarrok, bizkaieraz idatzi zuen guztiaz gainera, badu nafar hizkeraz ondutako dotrina labur bat, lurralde hartako katekesi premiei begira idatzia.
Euskalkien banaketa, bai Mogelek, bai Añibarrok, Larramendiren bidetik egiten dute: hiru literatur euskalki bereizten dituzte, batez ere literaturari begira: nafar-lapurtera, gipuzkera eta bizkaiera. Eta elkar ulertzea elkar gehiago ezagutzean datza. Horren eredu bikaina da Añibarrok atondu zuen gaztelania-euskara hiztegitxoa, Voces bascongadas diferenciales delakoa: euskal hitzak c. (común) markatzen dira guztientzakoak direnean, baina eremu batekoak direnean, b. (bizcaino), g. (guipuzcoano) eta n. (navarro).
Mogelen hurrengo belaunaldikoen artean, euskalkietako eta are azpieuskalkietako hitz eta aldaerak erabiltzeko joera bizitu egin zen, batez ere Bonaparte eta haren laguntzaileen ekarriaren ondoren. Honen aurretik ere tokian tokiko hitz eta aldaerak biltzeko eta idazteko joera nabarmena da Juan Mateo Zabala edo Iztueta bezalako idazleetan. Diferentziak markatzeko joera hori nabarmena da orduko idazleetan, baina badira salbuespenak ere; horien artekoa da Jose Francisco de Aizquibel lexikografoa.
Aizquibelek batasunaren arazoari erantzuteko egin zituen proposamenek bi ardatz dituzte: euskararen akademia sortzea eta euskal komunitate linguistiko osoan, hau da, zazpi probintzietan, Iparralde eta Hegoaldean, erabili ahal izateko hizkuntz eredu bat finkatzea.
XIX. mendean, 1876az geroztik bereziki, hizkuntzaren batasunaren kontuak beste bira bat egin zuen. Inguru horretan Sabino Arana Goirik prestigioa eta entzute handia hartu zituen, eta beste arlo batzuetan bezala, hizkuntzaren auzian ere zeresana izan zuen. Ez zuen ondo ikusten euskara eredu bakarra egitea, hiru euskalki nagusiak osotzea proposatzen zuen, bizkaiera, nafar-gipuzkera, eta nafar-zuberera, bakoitzak dituen aldaerak elkartuta. Ortografian bakarrik ikusten zuen batu beharra.
Hain zuzen ortografiari dagokionez, lehenengo idazleetatik ikusten da kezka bidea dela erabakiak hartu eta aukerak egin beharra. Oihenart hartu behar ei da ortografia arauemaileen aitzindaritzat, latinaren eta euskararen alfabetoak ez datozela beti bat baietsi ondoren, erabaki batzuk proposatzen ditu. Tamalez haren proposamenak ez zuen jarraipenik izan. Geroago, Larramendik ere hainbat iritzi eman zituen ortografiaz.
XIX. mendearen aurretikoen artean, Kardaberazek jorratu zuen sakonen ortografia. Larramendiren bideari heldu zion, baina puntu batzuetan urrunago joan zen. Mogelek aurreko bion antzeko proposamenak egin zituen; baita Añibarrok ere.
Zalantzarik gehien sortzen zuten puntuak hauek ziren: h idatzi ala ez; k-ren ordez c edo q erabili ala ez; ç-ren ordez c (e eta i bokalen aurrean) eta z (a, o eta u bokalen aurrean).
Horiez gainera, beste arazo batzuk ere bazeuden: p eta b aurrean m idatzi; v baztertu eta b erabili; fonema bustiei dagokienez, tt, ll eta ñ aurreko i bokalik gabe; hasierako r- aurrean e edo a gehitzea.
XIX. mendean eztabaidak aurrera egin zuen. Iparraldeko idazleek alde batetik jotzen zuten, eta Hegoaldekoek bestetik. Bonapartek eta bere laguntzaileek erabilitako sistemak indar handia hartu zuen, jakina. Baina mende amaieraraino helduko gara antzeko eztabaidetan, ohitura batzuk sortu arren, beste puntu batzuetan proposamen irekiagoak utziz.
Ortografia bateratzeko premiak bultzatuta, 1901-1902an hainbat batzar egin ziren, Guilbeau, Gratiem Adema, Arturo Campion, Resurrección Mª Azkue, Sabino Arana Goiri eta beste batzuk tarteko zirela. Azkenean, elkarrekin bat egin ezinik, ez zuten ezer erabaki.

Aurkezpena | ...
9 >>
10 >>
11...