Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 7 >> 8 >> 9...

8. BeStE EkaRPeN BaTzUk

Bonaparteren inguruan sortutako taldea desegin eta Bonaparte bera ere zahartuta, nekatuta eta lehengo bitartekorik gabe agertu zenean, Artuko Campión nafarra ahalegindu zen gehien dialektologiaren gaineko ikerketak bizirik iraun zezan. Bonaparteren lan batzuk gaztelerara itzuli eta argitaratzeaz gainera, Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884) eta Orreaga idatzi zituen, besteak beste.

Atzerriko ikertzaileek ere heldu zioten gure hizkuntzaren azterketari. Julien Sacazek Pirinioetako departamendu guztietan egin zuen inkesta 1887 inguruan, Iparraldea osorik hartuta. Antzeko beste inkesta ba aurkeztu zuen Jean Bourciez-ek 1895 aldera. Eremu zabalagoa hartu bazuen ere, Euskal Herriko departamendua barruan jaso zuen, aurrekoaren irizpideei lotuta.

R. Trebitsch austriarrak grabaketa batzuk egin zituen 1913an J. Urquijo eta beste ikertzaile batzuen laguntzarekin. 1916-17 bitartean Hermann Urtel-ek Iparraldeko hizkeren grabazioak egin zituen. Bi horiek dira Euskal Herrian egin diren lehenengo soinugrabazioak.

Hugo Schuchardt-ek 1922an lan bat argitaratu zuen Sarako hizkeraz. Eta oso kontuan hartzekoa da William Rolloren The Basque Dialect of Marquina (1925).

Geroago, 1950etik aurrera, atzerriko hizkuntzalariek prestakuntza hobea ekarri zuten ikasketa arlo honetara. Gogoratzekoak dira René Lafonen lanak, Nils M. Holmer-enak, Geneviève N’Diaye-renak.

Gerra aurretik argitaratutako lanen artean, morfologia arloan balio handikoak dira G. Bähr-ek Gipuzkoarako batutako datuak, eta Nafarroakoak Aita Intzarenak.

Ekarpen garrantzitsua da 1945ean Euskal Herrian Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País (BRSVP) aldizkaria argitaratzen hastea, lehenengotik argitaratu baitzituen dialektologiako lanak. Hor kaleratu ziren Francisco Ondarra eta Kandido Izagirreren ikerlanak kasurako. Bitartean Euskaltzaindiak argitaratzen duen Euskera aldizkariak ere, hainbat lan eman izan ditu.

Ondoren etorri diren beste ikertzaile batzuek, bai metodologian, bai aztergaien eremuan eta aldaeren arteko konparaketa osoagoak eginez, ekarpenak osotzen joan dira.

Koldo Mitxelena

Halakoa dugu Koldo Mitxelena. Beste arlo batzuk bezala, euskalkiak ere aztertu zituen, zuzenean berak jasotako datuekin askotan. Lan horren emaitza dira artikulu, liburu eta era guztietako argitalpenak. Ikerketen ondorioz, Bonaparteren euskalki-sailkapena zuzendu beharra aipatu zuen, batzuen arteko mugak finago zehaztu beharra. Bere ekarpen ugarien artean azentuaz egindako lanak nabarmendu behar dira. Lau multzotan banatu zituen hizkerak irizpide horren arabera.

Euskararen Hizkuntza Atlasa osotzeko egitasmo ugari bezain aspaldikoei estu lotuta azaldu zen Mitxelena. Atlas hori abian jartzeko prozesuan parte hartu zuen eta berari egokitu zitzaion fonetikako galdera sorta atontzeko ardura. Mitxelenak euskal dialektologiari egindako ekarpenak era askotakoak izan dira: iker sail hau garatu ahal izateko noraezekoak ziren oinarriak jarri zituen; euskalkien ezaugarri behinenak azaleratu, zuzen eta zehatz beti ere, sistematizatuak eta arautuak. Mitxelenak atondutako lanabesak abiapuntutzat jo daitezke. Zehar bidez ere beste ekarpen garrantzitsu bat egin zuen. Berari zor zaio Anuario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” aldizkaria 1954an abian jartzea eta hainbat urtez zuzentzea, eta hori izan da dialektologiarako erakusleiho garrantzitsuetako bat bere garaian.

Euskera aldizkaria

Beste ikertzaile batek, Pedro Yrizarrek, morfologia, eta batez ere aditza aztertuz egindako lana ezin utziko dugu aipatu gabe. Lan handia izateaz gainera, bi alderdi on ditu: Euskal Herri osoa eta euskara bere zabaltasun osoan hartu izana alde batetik, eta aurrekoek egindakoa goitik behera aztertu izana bestetik. Bonaparteren euskalki-sailkapenari zuzenketak egin zizkion, baina bere proposamenetan ere oinarrizko akatsa dago: aditzaren aldaerak eta bokal eufoniak bakarrik kontuan hartu izana.

Euskal Herrian egoera politikoa demokraziara aldatzean, gertakari bi etorri ziren nabarmendu beharrekoak: 1976an Euskaltzaindia dekretu bidez onartua izan zen eta, sasoi bertsuan, Donostia, Deustu eta Gasteizen Filologiako Fakultateetan Euskal Filologiako sailak eratu ziren. Bi gertakariok erabakigarriak izan dira euskal hizkuntzaren ikasketei bultzada emateko, askoz modu profesionalagoan, eta bereziki dialektologia arlokoei.

Ikerketarako bideak ugaritu eta hobetu ahala, lanen emaitzak fintzen doaz. Bonapartek egindako euskalkien sailkapenetik, esan daiteke banaketa hirukoitzak irauten duela. Hark A, B eta C izendatutakoei gaur egun Mendebaldeko, Erdialdeko eta Ekialdeko euskalki multzoak esan dakieke.

Baina hortik gora Bonapartek emandako banaketak badu zer zuzendu. Alde batetik, hark ezarritako zortzi euskalkiei hiru gehitu zaizkie gerora, erronkariera, zaraitzuera eta aezkera. Mitxelenak Arabako lautadako hizkera galdua ere, “meridional” legez izendatu zuen, nolabait euskalkitzat onartuz. Beste batzuen ustez, bizkaiera deritzanaren azpieuskalkia litzateke. Guztira, bada, hamaika edo hamabi euskalki edukiko lituzke euskarak.

Euskalkien kokaguneaz ere izan liteke aldaketaren bat egin beharra. Bizkaierak osotzen du Sartaldeko multzoa, baina horri gehitu behar zaizkio Burgos, Errioxa eta Arabako hizkera zaharrak. Ekialdeko euskalki-multzoa zuberera, erronkariera, zaraitzuera eta ekialdeko baxenafarrerak osotuko lukete. Erdialdeko multzoak lapurtera, iparraldeko goi-nafarrera eta gipuzkera biltzen dituela esan liteke.

Euskalkien eta, batez ere, azpieuskalkien mugei dagokienez, aldaketa batzuk egin beharra badago. Mitxelenak eta Yrizarrek batzuk proposatu dituzte, eta lan monografiko sakonagoak egin ahala emaitzak fintzen joango dira, bitartekoak ere gero eta hobeak daude eta.

Pedro yrizarren lanak

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 7 >> 8 >> 9...
Azken eguneratzea: 2009/11/25