Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 6 >> 7 >> 8...

7. ReSuRRecCiÓn MAríA AZkUE (1864-1951)

Bonaparteren ondoren arlo honetan ekarpenik handiena egin duena Azkue izan da zalantzarik gabe, dialektologoa izan gabe ere.

Resurrección María Azkue Lekeition jaio zen 1864an. Gasteizko Seminarioan eta Salamancakoan ikasketak egin ondoren, Bilbon jarri zen. Elizgizon izateaz gainera, Bilboko Institutuko euskarako katedra atera, eta irakasle jardun zuen hogeita hamar urtez. Bere zaletasunak filologia eta musika izanik, horiei eskaini zien lanik handiena, lan emankorra gainera. Gramatika gaietan lan handiak egin zituen: Euskal Izkindea (1893), Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-1906), Fonética Vasca (1919), Morfología Vasca (1925) eta Particularidades del dialecto roncalés (1932), besteak beste. Folklorea izan zuen beste eremu emankorretarikoa; lanik aipagarrienak: Cancionero Popular Vasco (1922) eta Euskalerriaren Yakintza (1942-47). Sorkuntzan ere murgildu zen, genero ezberdinetako lanak idatziz: nobela, zarzuela, antzerkia… Ardi galdua, Vizcaytik Bizkaira, Latsibi, Jesusen Biyotzaren Illa; baita opera ere: Ortzuri, Urlo. Berak bultzatuta argitaratu ziren Euskalzale (1897-1900) eta Ibaizabal (1902) aldizkariak euskal gaien gainean. Idazle klasikoen edizio gaurkotuak ere prestatu zituen.

R.M. Azkue

Euskaltzaindia sortu zenean, lehenengo euskaltzainburua izan zen. Horrezaz gainera, Academia de la Lengua Españolako kide izan zen euskararen ordezkari, eta Parisko Sociêté Linguistique eta San Petersburgoko Zientzien Akademiakoa ere bai.

1951an hil zen Bilbon.

Erizkizundi Irukoitza

Azkuek dialektologiari egindako ekarpenak, baina, hor-hemen sakabanatuta daude, berak beste helburu batzuk bete nahirik jasoak baitira; horregatik bada sistematizaziorik gabeak dira. Horrez gainera Azkuek, bere aldiko gizona izanik, baditu beste akats batzuk ere. Garbizale jokatzen zuen, “jatorrizko euskarara” bihurtzeko grinaz. Euskalki guztien arteko batasunaren alde gogor jokatu zuen, euskaldun guztiok gipuzkeraren ingurura erakartzeko. Bera beste jakintza-arlo batzuk jorratzen ari zen, beste helburu batzuetarako (folklorea, etnologia, euskararen batasuna, gramatikagintza, lexikografia…); horregatik fonetika ezaugarriei ez zien behar besteko arretarik jarri. Hizkera mintzatuko laburtzapen eta aldaera fonetikoei zien gaitzespenaz gainera, euskara jantzi eta landua eraiki nahi zuen.

Hala ere, argibide eta informazio asko eman zituen Azkuek, baita ordura arte ibili gabeko bideak urratu ere: euskal azentua aztertu zuen, eta azentuaren arabera euskalkiak nola bereizten diren zehaztu.

Azkuek dialektologiaren esparruan egindako ekarpenetan Erizkizundi Irukoitza / Triple Cuestionario lanak aparteko lekua dauka. Euskaltzaindi sortu berriaren ardurarik handienetakoa euskararen batasunerako bidea zuzentzea zen. Horretarako Campión eta Broussain euskaltzainei batasunaz txosten bat egiteko agindu zien (1920). Euskaltzaindiak lau batzar berezi egin zituen 1921-22an gai hau bideratzeko. Eta helburu horren osagarri izan zen Erizkizundia, Euskaltzaindiak erabakia hartu beharreko gaietan oinarri sendoagoa izateko.

Azkuek berak prestatu zituen galderak eta sarrerako oharrak, eta baita berak aurkeztu ere euskaltzainei 1921ean. Erizkizundi Irukoitza deritza, hiru atal dituelako: I. Itzen otsa (fonetika), 52 galderakoa; II. Itzen erabidea (morfologia), 69 galderakoa; III. Itzbatzuen erabilkera (lexikografia), 68 galderakoa.

Euskal Herri osoan egin zen, 260 inkesta guztira. Inkesten erantzunak Euskera aldizkarian argitaratu ziren. Hain zuzen ere, aldizkari hori, RIEVekin batera, izan zen euskal dialektologiaren gaineko lanen agerlekua.

Azkueren lanetako datu asko eta asko ez dira argitaratu izan eta Euskaltzaindiaren artxiboan gorderik daude.

El Baskuenze en 120 lecciones

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 6 >> 7 >> 8...
Azken eguneratzea: 2009/11/24