Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 5 >> 6 >> 7...

6. LoUIs LuCieN BonApArTE (1813-1891)

Arestian aipatutako aurrekariak gorabehera, esan daiteke euskal dialektologia bi pertsonaren lana dela batez ere: Louis Lucien Bonaparterena XIX. mendean eta Resurrección María Azkuerena XX.ean. Bi inkesta egin dira berariaz euskararen gainean, bi egile horien eskutik hain zuzen. Azkuerenari Euskaltzaindiak eman zion jarraipena gero.

Louis Lucien Bonaparte printzea dialektologia modernoaren aitzindaria da eta euskal dialektologiaren historia ia osoa, zuzenketa batzuk gorabehera haren lanaren balioak gaur arte iraun duelako.

Bonaparte printzea

1813an Ingalaterran jaio zen, Napoleon I.aren anaia baten semea. 1815ean Waterlooko borrokaren ostean Musignanora aldatu zen, Italian. Han egin zituen ikasketak, baita unibertsitatean ere. Ikasketen aldetik kimika, mineralogia eta hizkuntzalaritza ikasi zituen. Europa eta Estatu Batuetan ibili zen. Napoleon III.a lehengusuarengandik datorkio printze titulua Louis Lucieni, baina gainera Frantziako asanbladarako aukeratu zuten eta senataria ere izan zen.

Oxfordeko unibertsitatean Ohorezko Doktoretitulua hartu eta Ingalaterran jarri zen bizitzen, hizkuntzalaritzari ekiteko. Frantzian Hirugarren Errepublika ezarri zenean diru-sarrerarik gabe geratu zen eta orduan Gladstoneko gobernuak diru bat izendatu zion ingelesaren dialektoak aztertzeko. 1891an hil zen, 78 urte zituela.

Le Verbe basque en tableaux

Bigarren ezkontzan euskaldun batekin ezkondu zen, Clemencia Richard Grandmontagne, Atarratzeko (Zuberoa) alaba eta Klaudio Otaegi euskal poetaren koinata.

Bonaparteren lehen harremana euskararekin Londresen izango zen Antoine d’Abbadieren bitartez, baina gero sei aldiz etorri zen Euskal Herrira. Bidai horietan euskaltzaleak ezagutu eta lan-sarea antolatu zuen metodologia jakin bati jarraituz euskararen aldaerak jasotzeko.

Lehenengo bidaia 1856an egin zuen. Baionan izan zituen zain AbbadieDuvoisin eta Intxauspe. Urte horretako Euskal Jaietan buru egin zuen Urruñan. Hurrengo urtean, 1857an, berriz etorri zen eta Zuberoan eta Zaraitzun ibili zen batez ere. 1866an ekialdeko euskalkiak definitu zituen: aezkera, zaraitzuera eta erronkariera. 1867an bi bidai egin zituen. 1869an Donibane Lohitzunen jarri zuen bulego ibiltaria.

Laguntzaileen taldean honakoak izan zituen lagun: Jean Pierre Duvoisin, Fr. José Antonio Uriarte, Klaudio Otaegi, Emmanuel Intxauspe, M. Salaberry, Bruno Etxenike, Abate Casenave, José Antonio Aspiazu, P. Juan Eloy Udabe, Mariano Mendigacha, Prudencio Hualde, P. José Samper, Abate Ibarnegaray, Pedro José Minondo eta Martin Elizondo.

Euskalki literarioak parez pare

Bonaparte printzeak lan eskerga egin zuen, eta horrezaz gain, berak egindako eta laguntzaileei eragindako lanetariko asko eta asko bere kostura argitaratu zituen. Denak dira balio handikoak, baina bi dira ekarpenik handienak: Carte de sept provinces basques (1869), Euskal Herriaren mapa, koloreetan euskalkiak, azpieuskalkiak eta aldaerak bereizita dakartzana, eta Le Verbe basque en tableaux (Londres, 1869). Horiekin batera, Biblia, dotrina eta ebanjelioen itzulpenak euskararen aldaera ezberdinetara eginak; artikulu eta lan monografikoak aldizkari espezializatuetan argitaratuak; eta beste lan asko utzi zituen.

Bi eratako materialak batu, prestatu eta argitaratzen jarri zuen arreta. Alde batetik zuzenekoak, berak tokian bertan batu zituenak edo leku jakinetako berriemaileek lekuan lekuan batutakoak. Bestetik zeharkakoak, berak testu batzuk, batez ere Itun Zahar eta Itun Berrikoak, prestatu eta gazteleratik edo frantsesetik itzultzeko agintzen zien bere ustez eskualde edo toki batekohizkera ondo zekien eta bere oharrak zehatz-mehatz zainduko zituen jendeari, beti ohar oso zehatzekin.

Laguntzaileak ondo hautatu zituen orohar, eta haiek bidaltzen zioten materiala. Metodologia aldetik zorrotz jokatu zuen, herri hizkerara itzultzeko eskatzen zien, lurralde mugatu bateko aldaera erabiltzeko. Zehaztasun hori lexikoan, fonetikan, ortografian ageri da, lehentasuna dauka beti lekuan lekuko erabilerak: ziutatea esaten badute hori jaso, eta ez hiria; begarria esaten bada horrela idatzi; edo bestelako ahoskerak: itsasoät (itsasorat), contraïc’in (kontrarik egin), ezpaita eta abar.

Bonaparteren lanean lau aldi bereizi izan dira. Lehenengoan, 1861-1863, Langue basque et langues finnoises lanean aurkeztu zuen lehenengo sailkapena, sei euskalki bereiziz: bizkaiera, gipuzkera, goi-nafarrera, lapurtera, baxenafarrera eta zuberera. Bigarrenean, 1864-1865, lau euskalki bereizten ditu: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera eta zuberera. Goi-nafarrera eta behe-nafarrera bitarteko euskalkitzat jotzen ditu, alderdi batzuk besteetatik dituztenak. Hirugarrenean, 1866-1868, bostera ekarri zituen: gipuzkera, bizkaiera, nafar-lapurtera, baxenafarrera eta nafar-zuberera. Laugarrenean, 1869az geroztik, argitaratu zituen lan nagusi biak: Carte des sept provinces basque eta Le verbe basque en tableaux. Hor ematen duen sailkapena da erabakigarritzat hartu izan dena. Hiru multzo handitan bereizten ditu zortzi euskalki, 25 azpieuskalki eta 50 aldaera. Hurrengo urteetan, sailkapen horri ohar batzuk egin zizkion, baztaneraerronkariera eta Nafarroako gipuzkerari buruz batez ere.

Bonaparteren proposamena

Sailkapena egiteko zein irizpidetan oinarritu zen Bonaparte ez dago inon zehatz idatzita. Hala ere, berak argitaratutako lanen sarreran eta gainerako ikerketetan egiten dituen oharretan oinarrituta, esan daiteke morfologian aditzaren morfologiari erreparatu ziola batez ere: aditz laguntzailearen banaketa, zuketa eta xuketako alokutiboak, ukan/izan arteko bereizketa, -gi-/-za- aditz erroak eta euskalkiz euskalkiko beste ezaugarri bereizgarri batzuk. Izenaren morfologian -a bokalaz amaitzen diren hitzen deklinabidea (alaba / al(h)abá / alabea / alabara), ergatibo pluraleko atzizkiak -ak/-ek, soziatiboko atzizkiak -gaz/-kin eta datibokoak -ai/-ei/-er, -gan/baithan banaketa, erakusleak (kau/gau / hau / au) dira garrantzitsuenak.

Hiztegi mailako aldaketak oso kontuan izan zituen. Joskerako atal batzuk ere bai, -bai / -en banaketa kasurako.

Bestalde, fonetikan kontuan hartu zituen bokalen harmonizazio legeak, [ü] bokala, bokal eta diptongo sudurkariak, aspirazioa, *j- fonemaren ahoskera ezberdinak. Baina aldaketa fonetikoei ez zien ia garrantzirik eman.

Bonaparteri gehien kritikatu izan zaiona da dialektoa bat eta bakuna balitz legez ulertu zuela, eta kontzeptu horren gatibu izan zela. Horregatik bere lanean euskalkiak, azpieuskalkiak eta aldaerak mugatzeko ardura izan zuen, mapetan ondo jaso zuen moduan, 1863an. Euskalkien arteko mugak marra bakarrekin adierazi zituen, nahiz eta gaur egun jakina izan euskalki batek ez daukala muga finkoa; fenomeno bakoitzak bere marra baitauka, isoglosen bitartez adierazten den moduan.

Baina argi dago, ondorengo ikertzaile guztiek, xehetasun batzuk gorabehera, Bonaparteren sailkapena onartu dutela oinarritzat. Horrek erakusten du orokorrean ondo asmatu zuela. Eta ondo asmatu bazuen, horrek esan nahi du, nahita edo jabetu gabe, isoglosak erabili zituela, euskara erabiltzen zen lurra ondo bereizitako eremuetan zatitu ahal izateko.

Langue basque et langues finnoisesBonaparteren proposamena

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 5 >> 6 >> 7...
Azken eguneratzea: 2009/11/24