Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 3 >> 4 >> 5...

4. eUSkaRa GuZtiaK EnBor bErEtiK aL DatOZ?

Euskaraz idatzi duten idazlerik zaharrenetatik hasita, behin eta berriro aurkituko dugun kezka da gure hizkuntzaren aldaeren gainekoa. Euskarak aldaera mordotxoa duelako, batetik, eta aldaeron artean elkar ulertzeko arazoengatik, bestetik.

Elkar-ulertze arazo edo eragozpenok direla eta askotariko iritziak jalgi dira aztertzaileen artean. Baina bat garrantzi oso handikoa, administrazio aldetik zatituta eta banatuta egon izan dela eta oraindik dagoela euskararen lur-eremua. Eta horri atxikita, euskara ez dela izan oraintsura arte –eta orain ere ez lurraldearen zati handi batean– administrazio hizkuntza, ez zaiola ofizialtasunik ezagutu izan. Horrek guztiorrek, hizkuntzen arteko harremanak baldintzatuaz gainera, ez du biderik eman hiztunengan komunitate linguistiko bateko kide izatearen kontzientzia sor zedin.

Jose Basterretxea 'Oskillaso'

Hizkuntzalarien artean uste nagusia da euskara jatorrian bat izan dela eta historian zehar euskalkietan banatu eta bereizten joan dela. Baina bizkaiera eta sartalde hizkeren gaineko iritzi bat ere indarrez azaldu da hizkuntzalari batzuen bidez, batez ere atzerrikoetatik: sartalde euskara gainerako euskalkietatik asko aldentzen dela eta bi jatorri aitortu behar ote diren; aitzin- edo protoeuskara batetik bi adar hastandu ez ote ziren: adar batetik bizkaiera edo sartalde-euskara eratorri zatekeen eta beste adarra zatekeen gainerako euskalki guztien jatorria.

XIX. mende amaieran hasita, hurrengo mende gehienean zehar, bizkaieraren eta gainerako euskalkien aldea ez ezik, jatorri ezberdina ote duten ere agerian esaten hasi zen. Willem van Eys holandarrak 1879an adierazi zuen aukera hori. Van Eysi jarraituz beharbada, Arana Goirik eta, ondoren, haren jarraitzaileek, Imanol Arriandiagak eta Koldo Eleizaldek kasurako, denak XX. mende hasieran.

'Oskillaso'ren 'Kurloiak'

Urte batzuk geroago, 1924an munduko hizkuntzen gaineko liburu batean, euskarari zegokion atala Georges Lacombek prestatu, eta han adierazi zuen euskararen aldaeren artean bi multzo egin daitezkeela: bizkaiera eta gainerako guztiak. Julio Urquijok beste horrenbeste esan zuen 1929an, aurretik hizkuntza bakarra izango zirela aitortuta, hori bai. XX. mendean aurrera egin ahala beste aipamen batzuk ere aurkitzen dira ideia bera gogoratuz. C.C. Uhlenbeck hizkuntzalariak 1942an argitaratu zuenez, batetik bilakatuko zen bizkaiera eta bestetik gainerako euskalkiak, bai Espainiako aldekoak bai Frantziakoak. Juan Gorostiaga (1947) eta José Basterretxea Oskillaso (1984) bizkaitarrek euskararen barruan familia bereko bi hizkuntza daudela defenditu zuten, bizkaiera eta gainerakoa, bietan euskalki asko daudela.

Koldo Mitxelenari jarraitzen badiogu, egia da zenbait puntutan onartzen duela bide banatatik datozela bizkaiera eta gainerako euskalkiak. Baina bizkaieraren ezaugarri bereizgarriak zehatz eta banan-banan aztertuz gero, ondorioa izango da ezaugarri horietatik batzuk Bonapartek bizkaieraren eremutzat mugatutakotik gora doazela, eta beste batzuk ez direla eremu horretan osoan erabiltzen. Hizkuntzalari handi honen iritziz, garai zaharretan zer gertatu ote zen eztabaidatzea alperrekoa da orduko testigantzarik ez badago. Bizkaieraren lekukotasun argiak, ordea, azken lau mendeetakoak dira eta horrek laguntzen du hainbat puntu argitzen. Esaterako, aditzean gaur egun bizkaieraren bereizgarritzat hartzen diren zenbait forma berriagoak dira beste euskalkiekin bat egiten duten beste batzuk baino. Prozesu historiko osoari erreparatuta, gaurko aldeak ez dira beti halakoak izan.

Euskalkien eta hizkeren arteko eraginak zenbaterainokoak eta zein izan diren azken lau-bost mendeotan hobeto jakiteak asko lagunduko luke auzia argitzen: zertan izan diren joera bateratzaileak eta zertan banatzaileak. Esaterako -kin atzizki soziatiboa, gaur ia bizkaieraren erdiraino heltzen dena, erdialdeko hizkeretatik hedatzen joan da -gaz baztertuz ala hor zen lehenagotik?

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 3 >> 4 >> 5...
Azken eguneratzea: 2009/09/11