Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 2 >> 3 >> 4 >> ...

3. eUSkaRa ETa EusKALkiaK

Euskarak zenbait puntutan handik honako aldeak, desberdinak diren aldaerak dituela begien bistakoa da, bideetan zehar dabilen edozeinentzat. Gertaera horrek berez ez du aparteko azalpenik behar, natura zein kulturako edozein eragilek aldaketak sorrarazten baititu; beraz, hizkuntzak ez du zertan egonkorragoa izan erakunde politikoak edo lurraren erliebea baino. Baina aldaketok gertatzen direnean, ez dauka leku guztietan zertan berdin egokitu.

Euskararen kasuan, gainera, ezin da ahaztu, euskara ez dela hizkuntza ofiziala izan luzaroetan eta, ondorioz, ez dela irakaskuntzan erabili izan. Horrek ez du esan nahi, hala ere, aldaera “literariorik” egon ez denik, idatziz erabiltzean normalizatu bihurtu direnak. Gertatu dena da, aldaera batek ere ez duela iraun besteen gainetik, eta ondorioz, bakoitzaren nagusitasuna eskualde mailakoa izan dela esan daiteke.

Bonaparteren mapa 1

Dena dela, uste okerra da euskalkien historian dena bereizkuntza izan dela pentsatzea, bateratasunak izan direla kontuan hartu gabe. Sarritan hasierako edo sorrerako sustrai berdina bilatu nahi izaten da, baina aldi berean eta berdintsu jaso dituzten berrikuntzek berdindu egiten dituzte dialektoak, gure kasuan euskalkiak. Horregatik, euskal hizkera guztietan bat datozen fenomenoen kopurua guztira handitu egiten da ikaragarri frogagarriena bakarrik neurtzen badugu, hau da, aldaera guztietan berdin bereganatutako berrikuntzak.

Fonetikan, esate baterako, zenbait hitz, bakarrean erabili ordez beste hitz baten hasierako atal bihurtzen direnean, azken soinuak aldatu egiten dira: begi>bet- (betilun), idi>it- (itaurren), etxe>etxa- (etxaurre), gari>gal- (galbahe), itsaso>itsas- (itsasontzi), gurdi>gurt- (gurtardatz). Eta hori euskararen eskualde guztietan ikusten da.

Bonaparteren mapa 2

Euskarak latinetik hartu dituen hitzetan, zenbait aldaketa orokorrak izan dira, zehaztasunetan ezberdintasunak egon arren: hasierako kontsonante gorrak soinudun bihurtu (parcere>barkatu, turris>dorre, cella>gela), bokal arteko -n- galdu (arena>harea, corona>koroa, honorem>ohore), edo bokal artean -l->-r- bihurtzea (voluntatem>borondate, colum>goru, coelum>zeru). Aldi berean, latin eta erromantzearen ekarpena euskal lexikoan bateratzailea izan da, ia gaur arte, hainbat berba ekarri dituztelako leku guztietarako berdinak: arima, aingeru, bekatu, gorputz...

Morfosintaxiaren alderdian, aditz sintetikoak, euskalki batetik bestera alde txikiak izan arren –batean dakusagu, bestean dakusku, han dazagut, hemen dazaut–, euskalki bakoitzaren barruan bateratsu joan dira indarra galtzen, aditz perifrastikoen mesedetan. Fenomeno hori, gainera, Europa sartaldeko beste hizkuntza batzuetan ere berdin antzera gertatu dela gogora dezagun.

Gramatika-atzizkietara bagatoz, izen-deklinabidean, ablatibo kasuan badira oraindik atzizki zahar bi, -rik eta -ti, -tikatzizkiaren mesedetan indarra galtzen joan direnak euskalki guztietan; bazterretako hizkeretan iraun dute bizirik, baina beti atzeraka. Hala urterik urtera edo etxeti nator esaldietako ablatiboak urtetik eta etxetik bihurtu dira ia leku guztietan.

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 2 >> 3 >> 4 >> ...
Azken eguneratzea: 2009/09/11