Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3...

2. hIZkUntzAk EtA hAIeN AldAErak AzTertZeKo MetODolOgIa

Dialektologia deritza Hizkuntzalaritzaren barruan hizkuntzen aldaera eta dialektoen eremua aztertzen duen jakintza-adarrari. Dialektologiak, hasierako aldietan dialektoak unitate itxitzat hartzen zituen, bata besteagandik osoro aldenduak balira legez. Dialektologia azterketak XIX. mendean indarra hartu zuen, berez lehenagotik sortua bada ere. Sarritan baina, azterketok deskriptiboak ziren, batak bestearekin zerikusi gabekoak edo irizpide ezberdinekin landutakoak. Horregatik, banan balio handia duten arren, elkarren artean konparatu ahal izateko eragozpen handiak daude, ostera.

Geografia Linguistikoa deritzanak zorroztasun handiagoa ekarri zuen metodologian, eta beste ondorio batzuk eragin ditu.

Dialektologia lanak

Geografia Linguistikoak, Dialektologiak bezala, hizkuntzaren aldaerak espazioan aztertu eta emaitzak mapetan erakusten ditu. Zientzia honen ekarpena hau da: hizkuntza-gertaerak aurretiaz erabakitako lekuetan aztertzen ditu, metodologia zehatz batekin, zuzeneko inkesten bitartez, eta mapetan jartzen ditu. Mapa multzoak atlas linguistikoa osatzen du.

Geografia linguistikoaren sortzailea Jules Gilliéron izan zen, Atlas linguistique de la France (ALF) egitasmoaren zuzendaria. Hain arrakastatsua izan zen, non berau aipatzen eta hartzen baita behin eta berriro eredu gisa beste hizkuntza eta herrialde batzuetan atlasak egin orduan; metodologia berarekin abiarazi dira atlas linguistikoak, batez ere hizkuntza erromanikoetan.

Dialektologia lanak

Mapak azterturik ikusten da hitzak, hiztunak eurak bezala, leku batetik bestera doazela, bideak egiten dituztela batzuetan edo bidean trabak aurkitzen dituztela. Zein indartsuen izateko lehian, hitz batzuk nagusi gertatzen direla eta beste batzuk galtzaile.

Hitz sinonimoen hedadura

Horrezaz gainera, hitzen hedapenean gorabeherak ikusten dira; hala, leku batzuk hedapen zentro indartsuak dira (hiriburuak, botere ekonomikoko guneak, kultur guneak, etab.) eta hedatzen dituzten hitzei prestigioa ematen diete. Berrikuntzak onartzeko orduan ere, bakartuta dauden eskualdeek ez dute hain ondo hartzen berrikuntza; kultura zentroek bai, ostera.

Geografia linguistikoarekin Dialektologiak aurrerakuntza handia egin zuen, metodologia zorroztu zelako batez ere. Inkestako puntuei metodologia hori ezartzeak, emaitzak zehatz eta errakuntzarik gabe konparatzeko bidea ireki zuen, hortik gero ondorio teorikoak atera ahal izateko. Esate baterako, betiko itauna da: non hasten da eta non amaitzen dialekto jakin bat? Bada galdeketen emaitzak mapetan jartzean, agerian geratu zen dialektoen artean ez dagoela muga zehatzik, isoglosa sortak elkarrekin gurutzatzen direla. Lexikoan, kasurako, hitz bakoitzak bere historia dauka, eta hitz baten historiak ez dauka zertan loturik joan beste hitz batzuenarekin, ezta familia bereko hitzenarekin ere.

Geografia Linguistikoaren ekarriek beste ondorio bat ere izan zuten: Dialektologiaren oinarriak dardaran jartzea. Honen arabera, hizkuntza barietateen artean mugarik ez badago, ez dago dialektorik. Batzuek hala interpretatzen zuten. Baina hizkuntza-mapek ez zuten halako ukaziorik ekarri, eta bai ostera dialektoaren kontzeptua zehaztu eta hizkuntzaren aldaketetan hiztunaren protagonismoari leku eman. Espazioan aldaerak daudenez, Geografia Linguistikoak aldaera horien arteko batasunaren printzipioa ezarri zuen.

Hizkuntzako ezaugarri bakoitzaren azterketa egin ondoren, datuak interpretatu egin behar dira, eta dialektoen arteko bateratasun-ezberdintasunak interpretatu gero. Baina ez bakarrik kopuruaren aldetik, batzuk beste batzuk baino esanguratsuagoak izango dira eta. Dialektoen arteko ezaugarri banatzaileak hiru multzotan bereizten dituzte hizkuntzalariek: arkaismoak, aukerak eta berrikuntzak.

Euskararen kasuan zer den arkaismoa eta zer den berrikuntza bereiztea oso garrantzitsua da, hizkuntzaren hasierako maila edo estraturik ez daukagun aldetik. Horregatik, zenbat eta aldaera gehiago eduki, eta bakoitzaren ibilbide historiko zein geografikoa zenbat eta identifikatuago izan, errazago finkatu ahal izango dugu zer den zaharra eta zer berria.

Adibidez, iratzarri eta urtarril bizkaieran eta ekialdeko euskalkietan badaude, ez du horrek esan nahi mutur bien artean harreman handia egon dela, hori historiak berehala ukatuko bailuke. Baina muturretan bat egiten bada hitz horien erabileran eta erdialdean esnatu edo ilbeltz erabiltzen badira, pentsatu beharko genuke lehenengo biak lehenagokoak direla, eta erdialdean hasitako berrikuntzak ez direla muturretara heldu. Horri “muturreko edo bazterreko eremuen irizpidea” esaten zaio.

Hizkuntza-egoera guztiek erakusten dute lehenagoko aldietako informazioa, gehiago edo gutxiago, ageriago edo gordeago. Hau da, aldi prehistorikoak berreraikitzeko oinarria ematen dute, eta oinarri hori zabalago eta sendoagoa izango da zenbat eta hizkuntzaegoera gehiago izan eskura. Gure kasuan gertatzen den bezala, egoera oso ezberdinak eta asko daude, baina elkarrekin lotuak denak.

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3... ...
Azken eguneratzea: 2009/09/11