1. hIZkUntzAk EtA DiALeKtOAk
Hizkuntzak aipatzen ditugunean bereizi egiten ditugu bata bestearen artean: gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, italiera... eta gurea euskara. Hizkuntza diferenteak direla esaten dugu, bata besteagandik bereizi legez sumatzen ditugulako eta gizartean edo kultura mailan hartakotzat onarturik daudelako.
Baina kontu jakina da bestetik, hizkuntzok euren eboluzioaren lehenagoko aro edo aldietan elkarri lotuago egon direla gaur diren baino; zuhaitzaren irudia erabilita, enbor beraren adar ezberdinetatik eratorriak direla; latinetik hizkuntza batzuk, eta indoeuropar antzinakotik guztiak, euskara izan ezik.

Aldi berean, hizkuntza batek dialektoak dituela esaten dugu. Eta zein jotzen dugu dialektotzat? Hizkuntza banako legez hartzen dugun horren aldaera bereiziak: hitzetan, gramatikan edo ahoskeran bereizitasun jakinak dituzten hizkerak. Hala ere, hizkuntza baten eta aldaera baten arteko muga non dagoen zehazten ez da beti erraza: hizkuntza bi bereiziak direnetz ala hizkuntza beraren dialektoak direnetz epaitzea, hain zuzen.
Hizkuntza bat, une historiko jakin baten gizatalde batek darabilen komunikabide onartua da; gizatalde bati barruko kideak elkarrekin komunika daitezen balio dion bitartekoa; eta berdin dio gizatalde edo gizarte hori handia edo txikia den, eremu murritz edo zabalagoan bizi den. Hizkuntza baten baldintza nagusia, atzean gizatalde bat edukitzea da, egiten dituen aldaketak egiten dituela. Hizkuntzaren definizio batera hurbiltzeko, honako baldintzak edo ezaugarriak emango ditugu, garrantzitsuenetik apalenera zerrendaturik:
• Eragile erabakigarria dira hizkuntza bat besteetatik bereizi, banandu eta apartatzen dituzten ezaugarriak. Bereizketa edo ezberdintzea argia izatea.
• Hizkuntzaren barruko mailakatzea ere oso garrantzitsua da. Ezaugarri bateragileek, orokorrean betetzen direnek, osotuko lukete hizkuntza horren hezurdura. Hedadura mugatuagoa duten ezaugarriak, aldiz, bigarren mailakoak izango lirateke, beti ere hizkuntzaren osotasuna hausterainoko indarrik ez dutenak eta, aldi berean, hizkuntza horren ugaritasunaren, pluraltasunaren erakusle.
• Hizkuntza esaten dioguna, normalean, literatura tradiziorako bitarteko edo tresna da. Ezaugarri horrek eragin handia dauka jatorri bereko dialektoetan, euren artean aldea ezartzen baitu, batek besteek baino garapen handiagoa izango duelako.
Hizkuntza definitzeko esandako guztiaren arabera, dialektoak honako ezaugarriak izango ditu:
• Zeinu-sistema bat da, baina ez autonomoa, hizkuntza komun bizi zein galdu batetik zatitua baizik; normalean muga geografiko zehatza du, baina jatorri bereko beste batzuetatik askorik aldendu gabe.
• Definizio horren arabera, dialektoaren ezaugarririk behinena da jatorri bereko beste batzuetatik alde handiegirik ez izatea.
Ez da ahaztu behar literatur hizkuntza edo kultur hizkuntza esaten diegunak jatorrian dialekto apalak baino ez direla. Bestela esanda, aldi baten dialekto zirenak dira denboraren buruan hizkuntza bihurtu direnak. Hala, aldi batean latin hizkuntzaren herrialdaera ziren hizkerak hizkuntza izatera etorri dira: frantsesa, italiera, gaztelania, portugesa, katalana edo errumaniera.
Beste kasu batzuetan ez da holakorik gertatu, administrazio, politika edo gizarte arrazoiak bitarteko direla. Aleman hizkuntzak baditu dialekto bi argi bereiziak, goikoa eta behekoa, hoch eta platt. Goikoaren aldaera bat nagusitu da hizkuntza literario gisa, behekoa dialektotzat jo izan den bitartean. Baina Holandan eta Flandesen behe-aleman horren aldaera bat bihurtu da hizkuntza literario, estatu eta administrazio aparteko bat dela medio.
Hizkuntza-aldaerok direla eta, esan behar da sarritan ez dagozkiola muga eta banaketa administratiboari, baina administrazio bakoitzak bere hizkuntza eredua goian jartzera jotzen du, bere ardurapean baitago erabileraren gaineko legeak ezartzea eta legeok betearaztea. Aginte politiko edo administrazio baten jokabideak eragin zuzena izan ohi du hizkuntza-aldaeren statusean; onartua denean indartu eta hedatu egiten da eta hizkuntzaren maila onartu, baina ukatua edo baztertua denean, murriztu eta erkindu egiten da, eta sarri dialektotzat baino ez da ezagutua.
Espainian, katalan-valentzieraren gaineko eztabaida oraindino ere hor da; hizkuntza bera dira izatez, baina administrazio bi izanik, diferentetzat jotzen dituzte batzuek. Galiziera eta portugesa ere bat ziren lehenago, baina estatu bereizietan erabili izanak hizkuntza bereizitzat hartzera eroan ditu. Ostera, Holandan eta Belgikako Flandesen egiten dena hizkuntza berbera da, estatu bi izanagatik.
Herrialdeen mugak historian zehar aldatu direnean, eragina izan dute hizkuntzen erabileran, maila ofizialean batez ere. Erromatarrek, kasurako, latina eroan zuten inperioko lurralde guztietara, eta haien oinordeko dira hizkuntza erromaniko guztiak.
Aurkezpena |
1 >>
2 >>
3 >> ...