Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 10 >> 11 >> 12...

11. EUskaraReN EsTanDarIZaziOA XX. mEnDeAn

Mende hasierako ahalegin horrek huts eginda, etenaldi bat etorri zen euskara batzeko zereginean. Handik urte batzuetara berriro txosten eta lan batzuk argitaratzen hasi eta, 1918an Euskaltzaindia sortu zenean, honako helburuak hartu zituen: ortografia arautzea, euskal hiztegia eratzea eta euskara bateratzea.

Hasieran Euskaltzaindiak ez zuen finkatu zein euskara-eredu bultzatu behar zuen, baina behin-behineko euskalkia gipuzkera izatea erabaki zuen. Campión eta Broussaini agindu zieten batasunera bidean lehenengo zirriborroa egitea. Hori egin eta eztabaidatu ondoren, ordea, atarramendurik atera ezinik, euskalkien arteko kidetasun eta ezberdintasunak zenbatzea eta zehaztea erabaki zuten. Horretarako Azkuek Erizkizundi Irukoitza prestatu zuen.

Campion eta Broussainen txostena 1920

Argi dagoena da euskararen batasunak kezka eta ardura handia eragiten zuela, alde eta aurka zeudenen artean.

Aurka zeudenen artean Arana Goiriren argumentuak ziren nagusi: batasuna euskalki bakoitzaren mailan ondo ikusten zuen, baina hortik gora ez. Batetik besterako aldeak ez baitziren elkar ez ulertzeko bestekoak. Ortografian, ostera, beharrezko ikusten zuen batasuna.

Julio de Urquijo nahiko eszeptiko agertu zen estandarizaziorako. Bakoitzak bere eredua landuz gero besteenak ere ulertuko lituzkeelakoan, utopiko ikusten zuen batasun behartu bat. Honen iritziak eragin handia izan zuen, bere itzala ere halakoa zelako.

Ramón Menéndez Pidalek artifizialtasuna jo zuen prozesu horren gaitzik kaltegarriena.

Hala ere, idazle eta euskaltzaleen artean, estandarizazioa luzamenduetan ibili gabe burutzearen aldekoak ziren gehientsuenak. Aldekoen artean jarrera ezberdinetakoak zeuden.

Batasuna eta estandarizazioa ezinbestekotzat jotzen zuen Luis Elizaldek, hizkuntza literariorako batez ere. Zatiketa eta banaketa kaltegarri ikusten zituen hizkuntzaren iraupenerako. Batasuna hiru arlotan egin behar zen, haren ustez: ortografia, fonetika eta euskalkiak, eta euskalkien barruan aditzean ikusten zuen berak korapilorik handiena.

Estandarizazioaren alde egin zutenen artean, proposamen ezberdinak atera ziren.

Aukeretako bat ‘jatorriko euskarara’ itzultzea da. Aizquibelek proposatutako bide horri heldu zion R.Mª Azkuek Euskal Izkindea lanean, gero hortik aldendu bazen ere. Orain dagoen sakabanaketa bilakaeraren eta auzo-hizkuntzen kutsaduraren ondorio izanik, aurreko egoerara itzuliz gero, euskara jatorraren eta jatorrikoaren mailara joko litzateke, eta hala berdinduta geratuko lirateke euskalkien arteko aldeak.

Bigarren aukeratzat bizkaiera aipatu daiteke. Bizkaieraren aberastasun gramatikaletan oinarrituz, euskalki horri prestigioa ematearen aldekoek hura aurkeztu zuten batasunerako. Neurri batean badauka zerikusia ‘jatorriko euskarara’ itzultzearekin, bizkaiera ikusten baitzuten jatorriko horretatik hurbilen. Hala ere, ez zuen joera horrek jarraitzaile askorik izan.

Hirugarren aukera gipuzkerari lehentasuna ematea da. Hau da proposamenik nabarmenena XX. mendearen lehenengo erdian, hura ulertzeko modu bat baino gehiago badago ere.

Batzuen iritziz gipuzkera da egokiena, erdikoa, biziena eta erabiliena delako eta besteengan eraginik handiena duelako. Hau da, jatortasun eta zuzentasun irizpideekin batera arrazoi soziologikoa erabiliz.

Azkue ere gipuzkeraren aldekoa zen, baina ez huts-hutsean, osotuta baino. Gipuzkerari deritzo egokiena, euskaldun gehienek ondoen hori ulertzen dutelako. Baina hizkuntzaren ezaugarri batzuk beste euskalkietan gorde direnean, gipuzkera horri gehitu beharko litzaieke: dut adizkia, -tzu atzizkia (bitzuk, nortzuk, zeintzuk), niri-nire, kasurako. Gipuzkera osotuaren proiektua azaldu zuen Euskera aldizkarian, lau helburutara ekarrita: hutsuneak bete; aditz-jokoak kontu handiz aukeratu; arkaismoak aurkeztu eta egokienak proposatu; solezismoa baztertu.

Gipuzkeraren aldekoen artean, batzuk gipuzkeralapurteraren arteko baten aldekoak ziren. 1920an Campionek eta Broussainek Euskaltzaindiari estandarizaziora begira aurkeztutako txostenean, euskalki bakarra aukeratu beharrean, gipuzkera eta lapurtera oinarritzat hartuta, gainerakoekin osotutako eredua proposatzen dute. Praktikan hori egin zuen Orixek bere idatzietan eta, neurri batean behintzat, baita Lizardik ere.

Argitalpenen adibideak 1

Argitalpenen adibideak 2

Gipuzkera osotuak izan zituen jarraitzaileak, baina, Azkuek bere lan teorikoetan eta literatur lan zenbaitetan ere erakutsi arren, ez zuten eredua nahikoa sistematizatu eta azkenean ez zuen aurrera egin. Horrez gainera, gipuzkoar batzuen jarrerak ez zuen lagundu, gipuzkera osotua gipuzkera hutsa balitz bezala jokatu baitzuten.

Nafar-lapurtera Iparraldeko idazleen artean XIX. mendetik sortzen joan zen, batez ere Eskualduna aldizkariaren bidez, eta hori zen beste aukera bat, baina, Iparraldean zabal onartua bazen ere, ez zuen indarrik hartu euskal eremu osorako.

’Ameriketako euskara’ esan izan zaiona ere ahotan ibili zen. Ameriketara leku guztietako euskaldunak joatean, denen arteko nahasteak hizkuntza batu bat eman zuen zenbait lekutan, Buenos Airesen kasurako. Berez sortutako batasun hori eredugarri jo zuten batzuek.

Gabriel Arestiren 'Decameron' lanaren itzulpena

Gerrak eta gerraosteak isildu egin zuten eztabaida, baina gerraosteko urte ilunak igarota, 1950 inguruan eztabaida giroa berotu egin zen asko. Krutwigek, Euskaltzaindia suspertzeko ardura hartuta, hizkuntza modernizatzeko ahalegina hiru ardatz nagusitan oinarritu zuen: lapurtera klasikoan eratutako hizkuntz eredua bultzatzea; Euskal Herri osorako ortografia bakarra arautzea, maileguetan jatorrizko itxurari eutsiz; atzerriko kultura hitzei (eta jatorri grekolatindarrekoei batik bat) erabat ateak zabaltzea.

Federico Krutwig buru dela, lapurtera klasikoaren aldeko joerak bere bidea egin zuen. Hainbat alde on ikusten zizkion berak lapurtera klasikoari: tradizioko forma literarioa da; Euskal Herriko bi zatietan erabiltzen da; tradizioaren bidez kutsu nobleagoa hartu eta behar den prestigioa du; Euskal Herriko eskualde guztietan ulertzen da, dialekto guztien sintesia balitz legez; hizkuntza horretan idatzi zutenek euren mugatik harago begiratu eta denen interesen alde egin zuten; forma unibertsala izango da, euskararen ikuspuntutik; hizkuntza perfektua da sorreratik, Leizarragaren eskuetan sortu zenetik. Krutwigek euskalkien iraupena proposatzen du, erabiltzen diren zereginetarako. Baina espainieraz eta frantsesez lantzen diren gaietarako lapurtera klasikoa proposatzen du, kultura hizkuntza gisa eta euskalkien gainetik, goragoko erregistro gisa. Aita Luis Villasantek ere hasieran bide horri oratu zion, baita zenbait idazlek ere, literaturarako erabiltzean. Jon Mirandek eta Gabriel Arestik, esaterako.

Lapurtera klasikoaren bidea denborarekin bertan behera geratu arren, Krutwig eta haren jarraitzaileek egindako ekarpenak sakon sustraitu ziren. Ekarpen horietako bat da literatura tradizioari ematen zaion lehentasuna. Beste bat, euskara kultura hizkuntza bihurtzeko ahalegina, izan ere, nekazaritza gizartetik industria eta merkataritzara jauzi egin zuen eta administrazioaren aldetik onarpena egonez gero, euskara hedabideetan, irakaskuntzan, administrazioan eta gainerako esparru guztietan sartu behar izanez gero, derrigorra zen estandarizazioa. Hirugarren ekarpena izan zen euskara estandarra Euskal Herri osora hedatu beharraren kontzientzia.

’Euskara osotua’ izango da beste joera bat. Azkueren gipuzkera osotua azkenean gipuzkera hutsa bihurtuko zela eta, gipuzkerarenekin batera bizkaieraren eta lapurteraren morfologia-ezaugarriak ere hartuko zituen eredua proposatzen zuten hauek. Bizkaitarren artean izan ziren aldeko sutsuenak (Zaitegi, Aurre-Apraiz), baina nafar eta lapurtarren artean ere bai. Oskillaso izan zen joera honen bultzatzailea, Kurloiak nobela eredu horren erakusgarritzat idatzi zuelarik, erregistro bakoitzaren esparru banaketaren erakusle. Aldeko gutxi bildu zituen, hala ere, joera honek. Artifizialtasuna, naturaltasunik eza egotzi zioten kritiketan, Mitxelenak eta Villasantek besteak beste.

Baziren erdialdeko euskalkietan oinarritutako ereduaren aldekoak ere. Literatura tradizioaren eta arrazoi soziologikoen arteko oreka bilatu nahi dute, eta estandar-eredu hau euskal komunitate osora hedatzearren eta euskara kultura hizkuntza bilakatzearren ahalegin handia egiten da. Hori dela eta, lapurtera, gipuzkera eta goi-nafarreraren arteko erdibide bat proposatuko dute, hau da, Krutwigen lapurtera klasikoaren eta Azkueren gipuzkera osotuaren arteko erdibidea. Horixe izango da Euskaltzaindiak 1968ko Batzarrean onartutako estandar-ereduaren oinarria.

1968an Euskaltzaindiak Arantzazun egin zuen bilera mugarri bihurtuko da estandarizazio prozesuan. Han hainbat puntu finkatu ziren, ortografiaz, izenen deklinabideaz, euskal hitz zahar eta berrien formaz. Hortik aurrera ere izan ziren istiluak, h eta letra bustien (ñ eta ll) erabilera zela-ta batez ere. Giro garratza sortu zen kontu horiekin, politika, fedea, gizarte-jokabidea eta denak nahastuz. Hurrengo urteetan, 1978an Bergaran egindako batzarrean eta haren ondotik batez ere, finkatu ziren arau nagusiak, gaur egun ia inork zalantzan jartzen ez dituenak eta guztiz gizarteratuta daudenak. Horrez gainera, euskara bakarra izanik, aldaera guztietan, baita euskalkietan ere, ortografia bera erabili beharra finkatu zen.

Morfologian buruhausterik gehien eman dutenak deklinabidea eta aditza dira. Lehendik joera bat sortuta zegoela, 1964ko Baionako biltzarrean hartu zituen Euskaltzaindiak deklinabidearen gaineko lehen erabakiak. Aurreko joera onartuz, deklinabideko kasuen ezaugarriak, bizidunen deklinabidea erabaki ziren. 1979an erakusleen deklinabidea finkatu eta eman zituen horretan azken erabakiak.

Arazorik larriena euskararen estandarizazioan aditza izan da. Euskalki batetik bestera aditz-forma ezberdinak erabili arren, elkarri ulertzeko arazorik ez du ematen. Bai, ordea, hotsetan, hitzetan, joskeran. Gainera, ez dago tarteko irtenbiderik, bat hartu behar da eta besteak baztertu. Proposamenetan lapurtera eta gipuzkeraren aldekoak bazeuden ere, azkenean nafar-gipuzkeraren aditz-jokoa atera zen garaile, zenbaitetan, ahalezko eta subjuntiboetan batik bat, lapurterari ere eskua luzatzen zitzaion arren.

1983an ekin zion Euskaltzaindiak maileguzko kultur hitzen ortografia arautu eta finkatzeari. Harrezkero hainbat erabaki hartu dituzte: hitz hasierak, hitz bukaerak, g, j eta i-ren erabilera, x duten hitzak, kontsonante multzoak dituztenak, ahoskera, morfologiako erabilera jakinak, etab.

Batasuna

Liburu osoa (pdf, 5984 kB)
Aurkezpena | ... 10 >> 11 >> 12...
Azken eguneratzea: 2009/12/14