12. EUskaLkiAk eUskarA LitErArIoAReN ZutABe
Goian esan denetik ere erraz antzeman daiteke euskal literatura euskalkietan idatzi izan dela nagusiki gerraostera arte eta batez ere Arantzazuko Batzarraren ondoren euskara batuaren oinarriak finkatu ziren arte.

Lau literatura-euskalki erabili izan dira batez ere tradizio idatzian zehar: sartaldekoa, edo bizkaiera deitu izan dena, gipuzkera, lapur-nafarrera eta zuberera. Hasiera-hasierako idatzietarik euskalkiak, zein bere berezitasunekin, dira tresna literario: Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) behe-nafarreraz idatzia da, Leizarragaren Testamentu Berria eta gainerako idatziak (1571) lapurtera zaharrez eginak dira. Joanes Etxeberri ziburutarrak eta Axularrek, batak neurtitzez, besteak hitzlauz, liburu baliotsuak aterako dituzte 1627 eta 1645 bitartean, guztiak lapurteraz, baina Leizarragarena baino askoz modernoagoz.

XVI. mendean bertan, sartaldean, Refranes y sentencias errefrau-bilduma eta Betolazaren dotrina (1596) ditugu, biak bizkai hizkeran. XVII. mendean Kapanaga mañariarrak bere dotrina (1656) eta Mikoleta bilbotarrak bere gramatika xumea (1653) ertz beretik garatu zituzten. XIX. mende hasierako Bizkaiko klasikoak: Mogeldarrak, Añibarro, Astarloatarrak, Frai Bartolome eta.
Oraintsu ezagutu eta argiratu den Lazarraga arabarraren XVI. mendeko obra ere sartalde-hizkeran idatzia da, nahiz erdialdeko euskararen ukituak dituen.

XVII. mende hasierako Iruñeko poesiak nafar-hizkeran idatziak daude. Berdin Juan Beriaingoaren dotrina (1626) eta meza entzuteko liburua (1621) edota Lizarraga Elkanokoaren obra mardula mende eta erdi geroago.
Zuberoak ere, lurralde txiki eta apalagoa izanik, bere hizkerari gaurdaino atxiki dio, Tartasen Onsa hilceco bidia (1666) aitzindari dela. Idazle batzuek, hala ere, lapurterarako joera erakutsi dute, hala nola Oihenartek, bere Atsotitzak errefrau-bilduman, nola Neurtitzak izeneko poesietan (1657).
Gipuzkeraz beste hainbeste esan daiteke hasiera-hasieratik. Dotrina zahar, errefrau zahar, kopla eta kantu zahar eta gainerakoetan gipuzkeraren aldaeraren bat erabili izan da XVII. mendean, eta Larramendiz geroko literatura guztian halaber. Mendeetan barrena gipuzkera barruan ekialdeko eredua joan da nagusitzen, sartaldekoaren kaltetan. Eta erdialdeko euskalkia izanik, ertzetakoentzat ulerterrazagoa, eta barrutik ere literaturan dinamika biziagoa erakutsi duena, apurka-apurka ospea irabazten eta gailentzen joan da Pirinioz beheko eremuan, Iparraldean lapurterarekin gertatu den antzera.
Edozelan dela ere, euskalkiak izan dira orohar emaitza literarioaren zutabe nagusia XX. mendearen 70eko hamarkada ailegatu arte.
Aurkezpena | ...
11 >>
12 >>
13...