Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2006ko urriaren 6koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5607
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2006/10/06
  • Argitaratze-data: 2006/11/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, bi mila eta seiko urriaren bosteko bileran, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

UPV/EHUko ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA

Zientzia eta Teknologia Fakultateak bertan irakasten diren ikasketak antolatzen ditu, eta titulu akademikoak, graduondoko ikasketak eta bestelako ekintza akademikoak lortzeko prozesu akademiko eta administratiboak gidatu eta gestionatzen ditu.

Ikastegien oinarrizko arautegiko 1. artikuluari jarraiki, I. eranskinean daude zehaztuta ikastegiak koordinatzen dituen titulazio ofizialak.

  1. – Zientzia eta Teknologia Fakultatea honako hauen bidez arautuko da: indarreko legeria, UPV/EHUko Estatutuak, arautegi hau, eta aplika dakizkiekeen gainerako arautegiak.

  2. – Zientzia eta Teknologia Fakultateak Leioako Campusean dauka egoitza (Sarriena auzoa, z.g. 48940 – Leioa).

  3. – Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakaskuntza jarduerak aurrera eramaten dituzten sailen eta sail atalen zerrenda arautegi honetako II. eranskinean dago jasota.

  4. – Irakaskuntza eta ikerketarako laguntza eskaintzen duten Zientzia eta Teknologia Fakultateko zerbitzuak arautegi honetako III. eranskinean daude zehaztuta.

  5. – Arautegi honetako VI. eranskinean azaltzen da nolakoa den Zientzia eta Teknologia Fakultatearen ikurra. Ikur hori ikastegiko dokumentu ofizialetan agertu beharko da, UPV/EHUren ikur ofizialarekin batera.

  6. – Hauek dira Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasten diren titulazioak:

    • Biologiako lizentziatura.

    • Biokimikako lizentziatura (2. zikloa besterik ez).

    • Fisikako lizentziatura.

    • Zientzietako lizentziatura – Kimika atala.

    • Kimikako lizentziatura.

    • Geologiako lizentziatura.

    • Matematikako lizentziatura.

    • Ingeniaritza Elektronikoa (2. zikloa besterik ez).

    • Ingeniaritza Kimikoa.

    • Ingurugiro Zientzietako lizentziaturako 2. zikloa.

  1. – Zientzia eta Teknologia Fakultatea ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek osatzen dute.

  2. – Hauek dira fakultateko kideak:

    1. Ofizialki ikastegiari atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Fakultatean irakasten diren ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Fakultateari ofizialki atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Fakultatera lotuta egongo dira, baina kide izan gabe, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten gainerako irakasleak, fakultatean egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta fakultatean zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira Zientzia eta Teknologia Fakultatearen eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.

  3. Ikasketa planen onespena edo aldaketa proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dionean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Fakultatean irakasten diren titulu akademikoak eskuratzera zuzendutako ikasketen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

  6. Fakultatearen aurrekontuko diru zuzkidura gestionatzea, eta atxikita dituen baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Ikastegiaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz promozioa eta prestakuntza eguneratzea.

  11. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituen gainerako eginkizun guztiak.

Honako hauek dira fakultateko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak: Fakultateko Batzarra (kide anitzeko organoa), eta dekanoa, dekanordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea (kide bakarreko organoak).

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: Fakultateko Batzarra, Batzorde Iraunkorra, eta ikastegian sortutako batzorde guztiak, erabakiak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak; hau da, Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea eta Euskara Batzordea.

  1. – Hauek izango dira Fakultateko Batzarraren osakideak: dekanoa (batzarreko burua izango dena), idazkari akademikoa, dekanordeak eta ikastegiko administratzailea, berezko kide moduan.

    Kide hautatuak, berriz, honela banatuko dira:

    • Irakasle katedradun eta titularrak: 50 ordezkari

    • Irakasle kontratatuak: 9 ordezkari

    • Ikasleak: 20 ordezkari

    • Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 11 ordezkari

  2. – Fakultateko Batzarrak bere arautegia izango du funtzionamendurako (V. eranskina), eta kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  3. – Fakultateko Batzarreko kideak hautatzeko Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura bete beharko da.

  1. – Fakultateko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa fakultatean.

  2. – Fakultateko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, eta batez ere honakoak egin:

    1. Fakultatearen arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Fakultateko dekanoa hautatzea.

    3. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak fakultatera egokitzeko plana onartzea.

    4. Ikasturteko irakats plangintza onartzea, hau da, ordutegiak, ikasleen taldeak, azterketen egutegia eta esleituta dauzkan eskumenen arabera arlo akademikoan dagozkion gainerako guztiak.

    5. Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    6. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak onartzea, aldez aurretik balorazio orokor bat eginda eta sailen iritzia kontuan hartuta.

    7. Bere zereginak betetzeko egoki deritzen batzordeak eratzea.

    8. Fakultateak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    9. UPV/EHUko Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

  3. – Fakultateko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko gestio txostena, urteko txosten ekonomikoa eta hurrengo urteko gestio txostena. Dokumentu horiek dekanoak aurkeztuko ditu bileran. Txostena eta gestio plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

  1. – Honakoak izango dira Fakultate Batzarraren Batzorde Iraunkorreko kide: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen dekanordea, eta Fakultateko Batzarreko hamabost kide, unibertsitateko sektoreek aukeratuak ikastegien oinarrizko arautegiak dioenari jarraiki.

  2. – Batzorde Iraunkorra Fakultateko Batzarraren lehenengo bileran eratuko da, batzarra behin berrituta. Fakultateko Batzarreko kide hautatuak aukeratzen diren aldi bererako aukeratuko dira Batzorde Iraunkorreko kide hautatuak.

  3. – Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izango ditu eskuordetuta:

    1. Gobernu organoei fakultateko irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillako beharrizanak aurkeztea.

    2. Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta planoi jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    3. Fakultateari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    4. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    5. Fakultateak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    6. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena fakultateko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

  4. – Batzorde Iraunkorraren bilerarako deia dekanoak egingo du, edo batzordeko sei kidek. Bilera baino 24 ordu lehenago egin beharko da deia, eta bilerako burua dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen dekanordea izango da.

Aurretikoa.– Ondoren aipatzen diren batzordeen lehenengo bileran erabakiko da nor izango den idazkaria.

  1. – Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea honako hauek osatuko dute: dekanoak edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak (batzordeko burua izango dena), titulazio bakoitzeko irakasle batek, eta Ikasleen Kontseiluko bi ordezkarik. Dekanotzak bermatuko du batzordeari aholkularitza teknikoa emango zaiola.

  2. – Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki.

  3. – Euskara Batzordea honako hauek osatuko dute: dekanoak edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak (batzordeko burua izango dena), titulazio bakoitzeko irakasle batek, administrazio eta zerbitzuetako langile batek eta Ikasleen Kontseiluko bi ordezkarik. Euskara Batzordea parte hartze eta aholkularitza organoa izango da. Batzorde horren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea ikastegian, UPV/EHUren plangintza orokorrari jarraiki.

  4. – Ekonomia Batzordea honako hauek osatuko dute: dekanoak edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak (batzordeko burua izango dena), titulazio bakoitzeko irakasle batek, Ikasleen Kontseiluko bi ordezkarik, eta fakultateko administratzaileak. Batzorde hori aholkularitza organoa izango da eta fakultatearen aurrekontuei dagokien guztiaz arduratuko da.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Fakultateko Batzarrak ohiko bilera bat egingo ditu seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, halaber, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko aurreko akten onespena eta galde-eskeak izeneko aztergaiak.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia. Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zer ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoko kideek eskura izan dezaten euren eginkizunak betetzeko beharrezkoa duten dokumentazioa eta informazioa, deialdiarekin batera bidaliko zaie, ahal den neurrian behintzat, komunikatzeko erabiltzen den bideren baten bitartez.

  1. – Kide anitzeko organoa balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea 10 minutukoa izango da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Botoa kide anitzeko organoko beste kide baten esku utzi ahal izango da. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak beste baten ordez baino ezin izango du eman botoa. Organoak eratzeko quoruma dela-eta, ezin dira zenbatu kideek beste batzuen esku utzitako botoak. Kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute beren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara, egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa kide anitzeko organoari eman diezaioten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena onartuko da. Lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean aukeratuko da bigarren botazioan. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek horretarako arrazoia azalduz gero, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Horretarako, botazioak isilpekoak badira, interesdunek botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar diete organoko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktei erantsi behar zaizkie.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Aktak hurrengo bileran onartuko dira. Bilera horretako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera bidaliko dira akten zirriborroak, edo Intraneten bidez emango dira argitara, baina betiere babestu egingo da pertsonen intimitatea eta bete egingo da abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoak, dioena. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta batzarraren buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktan nahitaez jasoko dira bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak, behin onartuta, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen web orriko Intraneten emango dira argitara (edo abian jar daitekeen antzeko prozedurari jarraiki), eta fakultateko kideen eskura egongo dira, kontsultetarako.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak Zientzia eta Teknologia Fakultatearen web orriko Intraneten emango dira argitara (edo abian jar daitekeen antzeko prozedurari jarraiki), gehienez ere hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea babestuta. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko errektoreari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi behar zaizkie. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 6. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Dekanoa Zientzia eta Teknologia Fakultateko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da.

  2. – Dekanoa Zientzia eta Teknologia Fakultateari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatzen da, eta errektoreak izendatzen du.

  3. – Dekanoa Fakultateko Batzarrak hautatuko du. Dekanoa hautatzean ezingo da botoa eskuordetu (arautegi honetako 15.2. artikuluan jasotako aukera).

  4. – Dekanoa izendatua izan ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da, eta karguan elkarren segidako bi agintaldi bete daitezke.

  1. – Dekanoak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. hilez gero;

    2. legezko ezintasuna izanez gero;

    3. dimitituz gero;

    4. fakultateko kide izateari utziz gero;

    5. agintaldia amaituz gero;

    6. Fakultateko Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero.

  2. – Zentsura mozioa Dekanotzan aurkeztuko da eta, gutxienez, batzarreko kideen % 25ek sinatuko dute. Mozioarekin batera idatzi bat aurkeztuko da, arrazoiak azaltzeko, eta hautagai baten izena ere emango da. Era berean, gobernu taldearen egitura eta programa aurkeztuko dira. Zentsura mozioa Fakultateko Batzarrean eztabaidatu eta bozkatuko da eta hori izango dira batzar horretako aztergai bakarra. Batzar eguna mozioa aurkeztu eta gutxienez zapi egun eta gehienez bi aste beranduago izango da.

    Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen batzarkideetako batek. Dekanoak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten batzarkideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Zentsura mozioa onartzeko, Fakultateko Batzarreko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira.

  3. – Ahal den kasuetan, dekanoak jardunean jarraituko du dekano berria izendatu arte.

  4. – Dekanoa gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako dekanordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Fakultateko Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen dekanotza taldeko kidea. Fakultateko Batzarreko burua, kasu honetan, adin handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko dekanoak hauteskundeetarako deia egingo du hilabeteko epean.

  5. – Zientzia eta Teknologia Fakultatean kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan fakultateko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain dekanoaren zereginak. Irakasle horrek dekanoa aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du dekanoa, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Hauek dira fakultateko dekanoaren eginkizunak:

    1. Fakultateko ordezkaria izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Ikastegiko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Fakultateko Batzarraren, gobernu organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Urteko gestio txostena eta urte berriko gestio plana aurkeztea Fakultateko Batzarrari.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Fakultateko Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Fakultateko dekanoak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanotza taldearen burua dekanoa izango da eta honako hauek osatuko dute: dekanordeek, idazkari akademikoak eta ikastegiko administratzaileak.

  2. – Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanotza taldeak laguntza eman behar dio dekanoari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, dekanoak proposatuta, dekanordeak izendatuko ditu fakultateko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Dekanordeek dekanoak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta beren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Fakultateko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Dekanordeen kopurua ez da izango IV. eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, fakultateko kide izateari uztea edo errektoreak hala ebaztea, dekanoak proposatuta.

  5. – Dekanoak dekanotza taldean gertatuko aldaketen berri emango du Fakultateko Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu dekanordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, dekanoak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, fakultateko kide izateari uztea edo errektoreak hala ebaztea, dekanoak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Fakultateko Batzarrean, Batzorde Iraunkorrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Fakultateko Batzarrerako eta Batzorde Iraunkorrerako deia egitea, dekanoaren agindua jaso ondoren.

  3. Ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo fakultateko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Fakultateko erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Fakultateko Batzarrak eta Batzorde Iraunkorrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

  6. Oro har, fakultateko dekanoarekin elkarlanean aritzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuets dezake fakultateko idazkari akademikoa, arduraldiaren erdiraino, gehienez ere.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Fakultateko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menekotasun funtzionala izango du dekanoarekiko eta fakultateko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, fakultateko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Fakultateko administratzaileak eguneratuta izango du ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Fakultateko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio dekanotza taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Fakultateko Batzarrak.

Fakultateak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak izango ditu, eta bere sailak autonomiaz gestionatuko ditu.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du fakultatearen aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Fakultatearen jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Fakultateak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, dekanotza taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko du Fakultateko Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegi hau zati batean edo erabat aldatzeko ekimena dekanoari dagokio, edo Fakultateko Batzarreko kideen % 25i gutxienez. Aldaketak proposatzeko idatzi arrazoitua aurkeztuko zaio Fakultate Batzarrari. Idatziak aldaketa proposatzen duten pertsonen izenak eta proposatzen duten ordezko testua jaso beharko ditu.

  2. – Dekanoak Fakultateko Batzarra -horretarako beren-beregi deitutakoa- ezohiko bilera batean bilduko du, proposamena aurkeztutako egunetik hilabeteko epean, aldaketa proposamenari buruzko iritzia emateko.

  3. – Proposatutako aldaketak emandako botoen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  • Ingeniaritza Elektronikoa (2. zikloa besterik ez).

  • Ingeniaritza Kimikoa.

  • Biologiako lizentziatura.

  • Biokimikako lizentziatura (2. zikloa besterik ez).

  • Fisikako lizentziatura.

  • Geologiako lizentziatura.

  • Matematikako lizentziatura.

  • Kimikako lizentziatura.

  • Zientzietan lizentziatua – Kimika atala.

  • Landareen Biologia eta Ekologia.

  • Biokimika eta Biologia Molekularra.

  • Elektrizitatea eta Elektronika.

  • Estratigrafia eta Paleontologia.

  • Fisika Aplikatua II.

  • Materia Kondentsatuaren Fisika.

  • Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia.

  • Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia.

  • Geodinamika.

  • Ingeniaritza Kimikoa.

  • Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa.

  • Matematika.

  • Mineralogia eta Petrologia.

  • Kimika Analitikoa.

  • Kimika Fisikoa.

  • Kimika Ez-organikoa.

  • Kimika Organikoa II.

  • Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia.

  • Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia.

  • Multimedia Zerbitzua.

  • Kopiagintza Zerbitzua.

  • Analisien Zerbitzu Nagusia.

  • Genomikako Zerbitzu Orokorra.

  • Geokronologiako Zerbitzu Orokorra.

  • Neurketa Magnetikoen Zerbitzu Orokorra.

  • Mikroskopia Elektronikoko Zerbitzu Orokorra.

  • Proteomikako Zerbitzu Orokorra.

  • X Izpien Zerbitzu Orokorra: Molekulak eta Materialak.

  • X Izpien Zerbitzu Orokorra: Arrokak eta Mineralak.

  • Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko Zerbitzu Orokorra.

  1. irizpidea: 1. eta 2. zikloko titulazioetako ikasle kopurua.

    1-1.000 ikasle: dekanorde 1

    1.001-2.500 ikasle: 2 dekanorde

    2.501-5.000 ikasle: 3 dekanorde

    5.000 ikasletik gora: 4 dekanorde

  2. irizpidea: ikastegiari atxikitako irakasleen kopurua guztira.

    1-150 irakasle: dekanorde 1

    • 151-300 irakasle: 2 dekanorde

    • 300 irakasletik gora: 3 dekanorde

  3. irizpidea: titulazio kopurua.

    • 3 titulazio edo gehiago: dekanorde 1

  4. irizpidea: nazioarteko harremanak.

    • 50 ikasle baino gehiago ikasleak trukatzeko nazioarteko programetan: dekanorde 1

  5. irizpidea: gehienezko kopuruak.

    • Gehienezko kopurua: 7 dekanorde

  6. irizpidea: egoera bereziak.

    Indarrean dauden irizpideetako tarteak aplikatzean gertatzen bada tartearen aplikazio maila % 75era heltzen dela bi irizpideren kasuan, edo handiagoa dela, ikastegiak dekanorde bat gehiago izan ahalko du.

    Aurreko irizpideetan jasota ez dagoen egoera bereziren bat gertatzen bada, ikastegiak Gobernu Kontseilura jo dezake irizpide orokorrak aplikatuta dagozkion dekanorde kopurua baino handiagoa onar diezaioten.

Zientzia eta Teknologia Fakultatearen ikurra ikastegian irakasten diren titulazioen irudi alegorikoa da: elementu desberdinez osatutako eraztun batek inguratzen ditu bederatzi puntu zentral. Eraztuneko elementuen kokapenak fakultateko taldeen arteko sinergiak eta hartu-emanak irudikatzen ditu. Eskuinean edo behean «ZTF-FCT» agertuko da, bakarrik edo «Zientzia eta Teknologia Fakultatea» eta «Facultad de Ciencia y Tecnología» idatzita hurrengo bi lerroetan.

Ikurraren ezaugarriak, koloreak, letra mota eta izenaren kokapena Zientzia eta Teknologia Fakultatearen Identitate Eskuliburuan daude jasota.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.