Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 14koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2023ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, kuadrillei eta mankomunitateei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena. Dirulaguntza horiek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasunerako planak prestatu eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa emateko bideratuko dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Emakumearen Euskal Erakundea; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 5754
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/12/14
  • Argitaratze-data: 2022/12/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea benetakoa eta eraginkorra, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori izatez eta zuzenbidez osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Aipatu helburuak lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, eta bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen daude-eta. Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak tokiko administrazioaren eskumenak zehazten ditu 7. artikuluan. Haien artean, honako hau aipatzen du 1.c apartatuan:«c) Toki-eremuan plangintza egitea, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruan eta foru-aldundien lurralde-plangintzaren esparruan, eta lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan xedaturikoa zehaztuko eta lurralde-errealitatera egokituko duten arauak, jarraibideak eta gidalerroak sortzea » Bestalde, 15.3 artikuluak dioenez, udalek berdintasun-planak onartuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren esku-hartze ildo eta gidalerroei jarraikiz, eta, beharrezkoak diren baliabide material, ekonomiko eta pertsonalen bitartez, bermatu egin behar dute aipatu planetan eta lege horretan jasotzen diren neurriak benetan eta koordinatuta exekutatzen direla beren sail, organismo autonomo eta mendeko edo lotutako bestelako erakunde publiko guztietan. Udalek banaka edo kide diren edo ondorio horietarako osa ditzaketen mankomunitate, kuadrilla edo elkartzeen bidez egin ditzakete jarduketa horiek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta kasuan kasuko foru-aldundiek laguntza emango diete; bereziki, gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikiagoa dutenei.

Alde horretatik, EAEn legealdi bakoitzean emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen Plana toki-eremuan exekutatzen laguntzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasun-planak abiatu ditu, aipatutako Plana bultzatu eta sustatzeko, bultzatzaile izatea baitagokio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 5.e) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 5.k) artikuluan, egiteko hau ezartzen dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari, kasu honetan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari: «Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-erakundeei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea».

Adierazitako guztia dela-eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beharrezkotzat jotzen du laguntzea udalerriei, kuadrillei, udalerri-multzoei eta mankomunitateei, laguntza teknikoa emateko dirulaguntzen bidez, diagnostikoak egin ditzaten eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak prestatu eta ebaluatu ditzaten. Horretarako egiten da dirulaguntzetarako deialdi hau, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideei jarraituz.

Ebazpen honetan, egokitzat jotzen da diagnostikoak eta/edo planak indar handiagoz sustatzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoak garatzen hasi diren eta oraindik udalbatzak onartutako planik ez duten udalerri, udalerri-multzo, kuadrilla eta mankomunitateetan; hori dela-eta, lehentasuna emango zaie laguntza ekonomikoak esleitzerakoan, lurralde-oreka handiagoa lortzeko xedez. Hori horrela izango da baldin eta toki-erakundeek konpromisoa agertzen badute hasitako berdintasun-politiken jarraitutasuna bermatzeko. Era berean, lehentasuna emango zaio mankomunitate, kuadrilla eta udalerri-multzoek elkarturik proiektuak egiteari, politika publikoek haien ingurunean garrantzi eta oihartzun handiagoa dutelako. Lehentasuna emango zaio, halaber, berdintasunerako teknikarien kontratua luzatzeari eta/edo zuzeneko kontratazioari.

Bestalde, deialdi hau Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoaren babesean egin da. Plan hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2022ko azaroaren 2ko Ebazpenaren bidez onartu zen. Era berean, dirulaguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta lege horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.

Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Hori dela eta, honako hau

Ebazpen honen helburua da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2023an Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, kuadrillei, mankomunitateei eta 4.4 artikuluan aipatzen diren udal multzoei emango dizkien dirulaguntzak emateko deialdia egitea. Emakumeek eta gizonek toki-eremuan duten egoeraren diagnostikoa egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko emango dira dirulaguntzok, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.3 artikuluan ezarritakoa betez eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. Dirulaguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatuko dira, betiere aurrekontuaren IV. kapituluko kredituetan zehaztutako mugen barruan.

  1. Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa, hasieran behintzat, bostehun mila (500.000) eurokoa izango da.

  2. Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da xede horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

  1. Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko, 10.1 artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Puntu gehien lortzen dituen eskaeratik hasi eta aurreko artikuluan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte emango dira dirulaguntzak.

    10.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuek soilik jaso dezakete laguntza, betiere 11. artikuluan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe: 15.000 euro, proiektua udalerri bakar batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, kuadrilla, mankomunitate edo udalerri-multzo batek programa bateratu bat aurkezten badu.

  1. EAEko udalerri, kuadrilla, mankomunitate eta udalerri-multzoek eska ditzakete ebazpen honetan deitutako dirulaguntzak, baldin eta EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz diagnostikoak eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egin eta ebaluatu nahi badituzte. Horretarako beharrezkoa den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili beharko dute dirulaguntza.

  2. Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzetako bat da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan bildutako debekuren bat ez izatea eta betekizunak konplitzea; bereziki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak izatea. Udalerri-multzoen kasuan, multzoko kide guztiek bete beharko dute betekizun hori.

    Gainera, betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko, nola izaera horri eusteko dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordaintzen denean.

  3. Ezin izango dira onuradun izan lehenengo apartatuan sartutako erakundeen mende edo haiei lotuta dauden edo haietan partaidetza duten pertsona juridikoak (zuzenbide publikokoak edo pribatukoak).

  4. Bi udalerriren edo gehiagoren multzo batek dirulaguntza eskatzen badu programa bateratu bat egiteko, proiektuaren hartzaile diren udalerri guztien berariazko baimena jaso beharko da eskabidean. Halako multzoetan sartuta dauden udalerriek ezingo dute beren kabuz laguntzarik eskatu multzoak eskatutakoaren antzeko proiektu baterako. Gainera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Zehazki, berariaz adierazi beharko da multzoko udalerri bakoitzak nolako konpromisoak hartzen dituen bere gain proiektua gauzatzeko, eta laguntzatik zenbat diru aplikatuko zaion bakoitzari, haiek ere onuradun izaera izango baitute. Eskabidean, betiere, udalerrietako bat izendatu beharko da, harekin egiteko diruz lagundutako programaren kudeaketa- eta ordainketa-jarduerak, eta multzoa ezingo da desegin, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideei dagokien preskripzio-epea amaitu arte (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 44. artikuluan ezarrita daude eskubide horiek).

    Era berean, proiektu batzuk zenbait udalerrik elkarrekin egitekoak badira, ezingo zaio zatika dirulaguntzarik eman udalerri horietako bakoitzari.

  1. Erakundearen helburuekin bat etorriz, laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira dirulaguntzak. Laguntza tekniko hori, hain zuzen, EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartean emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoak toki-eremuan egiteko eta/edo berdintasun-planak prestatu eta ebaluatzeko izango da.

    Jarduera horretan hauek sartzen dira: diagnostiko eta plan orokorrak egitea (udal jardueraren zati handiena hartzen dutenak) eta diagnostikoak eta plan sektorialak eta/edo estrategikoak egitea, indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko protokoloak barne direla, bai eta horiei dagozkien ebaluazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzak egitea ere.

    Deialdi honen helburua ez da planetan aurreikusitako ekintzen betearazpena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza teknikoa ematea ere.

  2. Diagnostikoa egiteko edo berdintasun-plana prestatu eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabil daitezke laguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zehazki, gastu mota hauek onartuko dira:

    Lan-proiektua bakarrik egiteko, udalerri, udalerri-multzo, kuadrilla edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzeagatiko gastuak edo aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzeagatiko gastuak.

    Laguntza teknikorako kontratatutako langileen eta aholkularitza-enpresen gastuak. Horiek, era berean, partez bakarrik azpikontratatu ahal izango dute, proiektuaren guztizko zenbatekoaren % 20 gainditu gabe.

    Aparteko zailtasunak dituzten pertsonek edo askotariko bereizkeria jasaten dutenek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.

  3. Egiaztatu beharko da, betiere, aholkularitza-enpresek diruz lagundutako proiektua garatzeko izendatzen dituztenek eta/edo kontratatu diren edo kontratatuko diren teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza dutela; zehazki, gutxienez hauxe izan beharko dute: 150 orduko ikastaro bat administrazio publiko batek edo unibertsitate batek emana edo egiaztatua, eta/edo urte biko esperientzia profesionala emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan.

  1. 2023ko urtarrilaren 31n amaituko da eskabideak aurkezteko epea, egun hori barne.

  2. Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denari jarraituz. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartu ahal izango da eskaeraren formularioan. Helbide honetan dago fitxa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038509

  3. Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (bide elektronikoa erabiliz), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoren bat eduki beharko dute. Helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, 14.f) artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

  6. Eskabideak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira elektronikoki; horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakundeek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

  1. Eskabide-eredua, zinpeko adierazpenekin batera, honako hauek egiaztatzeko:

    Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea oraindik ebatzi gabe dagoen.

    Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

    Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

    Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko ordainketak.

    Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen dituela.

  2. Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera.

  3. Kuadrilla edo mankomunitatearen estatutuak. Mankomunitate-elkartearen izaera juridikoa eta jarduera-mota adierazi beharko dira.

  4. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntzaren eta/edo esperientziaren egiaztagiria

  5. Proiektuaren deskribapena, lan-prozesua jasotzen duena; lana, gehienez, 2023ko abenduaren 15ean bukatu beharko da (II. eranskinaren arabera).

  6. Laguntza teknikorako dirulaguntza udalbatzak edo dagokion osoko bilkurak onartutako planik ez duen udalerriak, kuadrillak, mankomunitateak edo udalerri-multzoak eskatzen badu, hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa agertu beharko du organo eskudunak. III. eranskina Berdintasunaren alorrean hasitako politikekin jarraituko delako konpromisoa.

  7. Udalerri, udalerri-multzo, kuadrilla edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzen denean edo aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzen direnean, horren egiaztagiria, agintari eskudunak egina. IV. eranskina Zuzeneneko kontratazioak egiteko edo kontratua luzatzeko konpromisoa.

  8. Kuadrilla, mankomunitate edo udalerri-multzo batek egiten badu proiektua, udalerri bakoitzaren berariazko onarpena jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da, 4. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritakoaren arabera. V. eranskina Proiektua elkarlanean egiteko konpromisoa.

  9. Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.

  1. Ondoren aipatzen diren agiriak ere aurkez daitezke, merezimendutzat baloratuko baitira (10.1.B artikulua):

  1. Ziurtagiri bat, zeinaren bidez frogatzen baita udalerrietan, kuadrilletan, mankomunitateetan edo udalerri-multzoetan badaudela berdintasuneko teknikari plazak edo berdintasunerako politiketan lanean jarri direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza duten langile kontratatuak. VI. eranskina Merezimenduak egiaztatzea.

  2. Emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko udalerri bakoitzak 2023. urterako aurrekontuan jarritako ehunekoa egiaztatzen duen agiria (Berdintasunerako organo / administrazio-unitatera bideratutako aurrekontua). VI. eranskina Merezimenduak egiaztatzea.

  3. Udalerri, kuadrilla, mankomunitate edo udalerri-multzoko Emakumearen Toki Kontseiluaren edo parte hartzeko organoaren erregelamendua edo, bestela, organo horien beste egiaztagiri bat. VI. eranskina Merezimenduak egiaztatzea.

  1. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  2. Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan.

  3. Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

  4. Laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean bete beharrekoak betetzen dituzten automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta erakundeek onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluak xedatzen duena aplikatuz, egiaztapen elektronikoa egiteko baimena berariaz ukatzen duela jasota ez badago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz. Kasu horretan, interesdunak dokumentazioa aurkezteko konpromisoa hartzen du.

Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gainera, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hona hemen kideak:

Batzordeburua: Zuriñe Elordi Romero, idazkari nagusia.

Batzordekideak:

Ander Bergara Sautua, Lankidetza Instituzionaleko Arloko arduraduna.

Izaskun Garaigordobil Garmendia, Administrazio eta Zerbitzu Arloko arduraduna.

Amagoia Arrieta Aguado, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikaria.

Mari Jose Etxegoien Arzuaga, Herritarren berdintasun-eskubideen Defentsaren Arloko arduraduna, idazkari ere arituko dena, eta Unay Casado Lataburu Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikariak ordezkatu ahal izango duena.

  1. Dirulaguntzak esleitzeko, hautaketa-batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

    1. Proposamenaren kalitatea. 55 puntu, gehienez.

      EAEn indarrean dagoen Berdintasunerako Planarekin bat etortzea, testuinguruari eta egiturari dagokienez. 10 puntu, gehienez.

      Udal-errealitatera egokituta egotea; proposamenak zein neurritan hartzen duen kontuan udalerriaren eta udalerria osatzen duten pertsona eta taldeen ezaugarriak (berariaz aintzat hartuta aniztasun soziala, kulturala, ekonomikoa...) eta non kokatzen den udalaren berdintasun-egituren eta -politiken garapenean. 15 puntu, gehienez.

      Proiektua argi azalduta egotea (planteatutako lan-prozesua, helburuak eta metodologia, alderdi berritzaileak, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema, etab.) eta proiektua bideragarria izatea, garatu beharreko lan-prozesuaren ezaugarriak eta horretarako proposatutako aurrekontu eta lan-egutegia kontuan hartuta. 30 puntu, gehienez.

    2. Genero-ikuspegia zenbateraino dagoen instituzionalizatuta (berariaz berdintasun-politikarako zenbat langile eta zenbaterako aurrekontua dagoen: emakume eta gizonen berdintasunerako berariazko organo edo unitate administratibo bat izatea, soilik berdintasunean jardungo duten teknikariak izatea, Berdintasun-teknikariaren plaza lanpostu-zerrendetan (LPZ) goi mailako teknikarien multzoan sartzea, berdintasun-teknikarien plazetan berariazko prestakuntza betekizunak txertatzea, berdintasunerako organo edo unitate administratiboari bideratutako aurrekontua izatea, eta emakumeek parte hartzeko organo iraunkorrak egotea). 15 puntu, gehienez.

    3. Aparteko zailtasunak edo askotariko bereizkeria duten emakumeen parte-hartzea bermatzeko neurriak. 5 puntu, gehienez.

    4. Lan-proiektua bakarrik egiteko, berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzea edo udalerri, kuadrilla edo mankomunitateko teknikariaren kontratua luzatzea. 8 puntu gehienez.

    5. Proiektua garatzeko, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontratatzea. 2 puntu, gehienez.

    6. Proiektua mankomunitate, kuadrilla eta/edo udalerri-multzoen bidez elkarte bat osatuta egitea. 5 puntu, gehienez.

    7. Diagnostikoa eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana lehenengo aldiz egin behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, kuadrillek edo mankomunitateek 10 puntu izango dituzte, baldin eta hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa hartzen badute. Ez zaie punturik emango plan sektorialei, ez eta soilik barrurako direnei eta berdintasunerako ordenantzei ere.

  2. Proiektuek, dirulaguntza jasotzeko, 50 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

Diruz lagundu nahi diren jardueretarako onartutako aurrekontuaren % 80 izango da dirulaguntzaren zenbatekoa 5.000 biztanletik gora dituzten udalen kasuan, eta % 90 izango da 5.000 biztanletik behera dituztenen udalen kasuan; baita kuadrillen, mankomunitateen eta/edo udalerri-multzoen kasuan ere.

Proiektu bakoitzeko, 15.000 euro emango dira gehienez, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, kuadrilla, mankomunitate edo udalerri-multzo batek aurkezten badu.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

Gainfinantzaketa egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

  1. Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko du prozedura hori, hautaketa- batzordearen proposamena aintzat hartuta. Ebazpen horretan, interesdunek azaldutako arazo guztiak erabakiko dira.

  2. Hartzen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta, emandakoen kasuan, erakunde onuradunen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Udalerri-multzoen kasuan, gainera, multzoko kide bakoitzak zer konpromiso hartzen duen eta zenbateko dirulaguntza emango zaion adieraziko da. Ukatuen kasuan, erakunde eskatzaileen izena, jarduera-proiektua eta zergatik ukatu den adieraziko da.

  3. Ebazpen horretan, hala badagokio, ordezko erakundeen zerrenda bat jasoko da (puntuazio-hurrenkeraren arabera), onuradunek laguntzari uko egiten badiote ere.

    Erakunde horiek ordezkapen-hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira, eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

  4. Puntuazioan berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko honako irizpideen arabera ezarriko da hurrenkera (irizpideok hurrenez hurren aplikatuko dira):

    Lehen diagnostiko edo plana izatea.

    Proposamenaren argitasun eta bideragarritasunean puntuazio handiagoa izatea.

    Puntuazio handiagoa izatea EAEn indarrean dagoen berdintasunerako planari egokitzeari dagokionez.

  5. Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-aldian daudenak, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dira ere.

  6. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskaera egin duten udalerriei, kuadrillei, mankomunitateei edo udalerri-multzoei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40.etik 43.era bitarteko artikuluetan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

    Era berean, herritar guztiei jakinarazteko asmoz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako dirulaguntzen, ordezkoen eta ukatuen zerrenda (emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako inbertsio proiektuak, eta ukatzeko arrazoiak adierazita).

  7. Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi dela esan nahiko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

Ebazpen hau dela bide onuradun diren erakundeek ondoren adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte beti, bai eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoak ere.

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

  2. «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia aurkeztu behar dute, baldin eta erakundea dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda ez badago edo eskaerarekin batera aurkeztu ez bada. Beharrezkoa izango da inprimaki hori aurkeztea aldaketaren bat egonez gero (kontu zenbaki desberdina, edo ordezkaritza aldatzea mankomunitatean, kuadrillan edo udalerri-multzoan). https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  3. Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den; halaber, diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

  4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

  5. Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egitekotan, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko. Beste edozein laguntza edo dirulaguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.

  6. Diruz lagundutako jardueren publizitatea egiterakoan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da. Horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, zeina hedatu beharreko publizitate-euskarrian jarriko baita, marka hori inprimatzeko edo ikusteko moduan izan dadin, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.) https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan.

  7. Hizkuntza ofizial biak erabili behar dituzte, euskara eta gaztelania, diruz lagundutako proiektua egitetik ondorioztatzen diren dibulgazio-jardueretan eta materialak editatu eta/edo argitaratzean.

  8. Hizkera ez-sexista erabili behar dute, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea duten irudiak erabili beharko dituzte diagnostikoari edota planari buruzko komunikazio- edota zabalkunde-ekintza guztietan.

  1. Jarduerak gauzatu ondoren eta dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza; horretarako, 2023ko abenduaren 15a baino lehen egun hori barne, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    Dirulaguntza jaso duten jarduerak direla-eta egindako gastuak justifikatzeko, fakturak, nominak edo soldata justifikatzen duten agiriak; edo dirulaguntza jaso duten jarduerei dagokienez egindako gastua justifikatzen duten egiaztagiriak, udalerriko idazkariak edo esku-hartze zerbitzuko arduradunak eginak. Faktura edo agirietako gastuen data 2023ko abenduaren 15ekoa izango da, beranduen jota. Egiaztagiria eta kasuan-kasuan diruz lagundutako jarduera lotzen dituzten agiri osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak, nominak...).

    Egindako lan-proiektua justifikatzeko memoria. Memoria horretan nahitaez deskribatu beharko dira lortutako helburuak, erabilitako metodologia (egindako lan-prozedura, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta berrikuntzak) eta egindako gastuen eta lortutako sarreren banakatzea, udal-ekarpena zehaztuta (VII. eranskina Justifikazio-memoria). Era berean, sexuka banakatuta, zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua jasoko da (politikariak eta toki-erakundean lan egiten dutenak), baita zeharka onuradun direnena ere (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak eta proiektua diseinatu eta gauzatzeko kontratatzen den erakunde edo enpresa osatzen dutenak eta bertan lan egiten dutenak).

    Diagnostiko, plan eta/edo ebaluazioaren kopia, euskaraz. Baldintza berezi hori bete ezean, dirulaguntzaren zenbatekoa % 15 murriztu ahal izango da. Agiri horietan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da, eta, horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, ebazpen honen 14.f) artikuluan jasotzen denez.

  2. Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

  3. Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

  1. Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.

    Alde horretatik, dirulaguntzaren helburua bete dela ulertuko da, baldin eta ebazpen honen 5.2 artikuluan aurreikusitako kontratazioa egiten bada eta diruz lagundutako diagnostikoa, plana edo ebaluazioa gauzatzen bada. Diagnostikoa, plana edo ebaluazioa gauzatutzat emango da, justifikazio momentuan produktu honen dokumentua aurkezten bada.

  2. Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoak jaso, eta agiriok aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatuko du, eta, hala badagokio, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako ez-betetzeetako bat izan dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkien legezko interesak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez direla eta emandako dirulaguntza ezeztatu eta, hala badagokio, dirulaguntza itzultzeko jarraituko den prozedura honako honi lotuko zaio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz:

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dien alegazioak aurkezteko.

  2. Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

    Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua gehienez bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

  3. Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Ebazpen honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 14a.

    Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

    MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.