- Aurretiko hitzordurik gabeko zerbitzua irailean arratsaldez ere eskainiko da 15:00etatik 17:30era, aurrez aurreko arreta indartzeko
- Abuztuaren 17tik aurrera, Bilboko arreta zerbitzuan aurretiko hitzorduarekin bakarrik artatuko dira herritarrak, bulegoak eraberritzeko obrak direla eta
Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen dituen Zuzenean, herritarrentzako arreta bulegoetan, abuztutik aurrea, aurretiko hitzordurik gabe 8:00etatik 11:00etarako ordutegian hartuko dira herritarrak. Helburua da aurrez aurreko arreta bermatzea, hitzordua eskatzeko zailtasunak dituzten edo premiazko izapideak egin behar dituzten pertsonentzat.
Azken urteotan, herritarrak artatzeko bulegoetan aurrez aurreko arretaren eskaria etengabe handitu da, bereziki aurretiko hitzordurik gabekoa. Datuen arabera, hitzordurik gabeko arretak %20 egin du gora -2024an %31 izatetik 2026ko maiatzean %50 izatera igarota-. Datuek, beraz, agerian uzten dute beharrezkoa dela aurrez aurreko arreta indartzea, gertuko zerbitzu eraginkorrak eta herritarren beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzeko.
Testuinguru horretan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak herritarren arretarako eredu berria abiatu du, irisgarritasuna, eraginkortasuna eta etengabeko hobekuntza oinarri hartuta; aurrez aurreko arreta funtsezkoa baita, herritarren eta Administrazioaren arteko harremana hobetzeko, gerturatzeko eta eraginkorragoa izan dadin sustatzeko, bereziki herritarrek laguntza behar duten kasuetan.
Abuztutik aurrera, aurretiko hitzordurik gabeko arreta emango da 8:00etatik 11:00etara Bilboko, Donostiako eta Gasteizko bulegoetan,kalitatezko arreta bermatzeko helburuarekin. Irailean, aurretiko hitzordurik gabeko arreta arratsaldera ere zabalduko da, 15:00etatik 17:30era, zerbitzuaren erabilgarritasuna goizez zein arratsaldez bermatzeko.
Bilboko Zuzenean bulegoei dagokienez, abuztuaren 17tik aurrera, aurretiko hitzorduarekin bakarrik artatuko dira herritarrak, bulegoak eraberritzeko obrak direla eta. Lanek herritarren arreta-eredu berria dute oinarri, eredu honek pertsonak erdigunean kokatzen ditu, administrazio hurbilago eta eraginkorrago baten alde. Arreta-eredu berriak pribatutasun handiagoa eta arreta pertsonalizatuagoa eta ordenatuagoa sustatu nahi ditu; espazio publiko funtzionalago, atseginago eta intuitiboagoekin. Orientazio-eremuak, autozerbitzu gidatuko espazioak eta eremu erdi-pribatuak sortuko dira, mahaiko arreta lehenetsiz.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak herritarren arretarekin duen konpromisotik indartu da aurrez aurreko arreta, agenteen lana errazteko adimen artifizialean oinarritutako laguntza-tresnak txertatu dira eta Zuzenean bulego guztiak eraberrituko dira, Administrazioa hurbilagoa, efizienteagoa, gardenagoa eta pertsonengan zentratua lortzeko.
Arreta-eredu berri honen helburua da, beraz, herritarren esperientzia hobetzea, zerbitzu publikoaren kalitatea indartzea eta Administrazioarekiko harremana gero eta errazagoa, eskuragarriagoa eta pertsonalizatuagoa bilakatzea.
Nola eskatu aurretiko hitzordua
Aurretiko hitzordua Euskadi.eus webgunearen bidez edo 945 01 90 00 telefono-zenbakira deituta eska daiteke.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)