Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lagunduko ditu garapen lankidetzako, produkzio garapeneko eta gizartea eraldatzeko hezkuntzako 69 proiektu

Bolivia.jpg

2019.eko abenduak 11

Abenduaren 10ean EHAAn argitaratu zen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako (GLEAko) garapen lankidetzan proiektuetarako laguntzen 2019ko ebazpena. Aurtengo deialdian 30 milioi euro bideratu dira 69 proiektu finantzatzera. Azken hauek hiru modalitate nagusietan banatzen dira: garapenerako lankidetzako proiektuak; produkzio garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuak. GLEAren lehentasun estrategikoak jarraituz, deialdian onartutako ekimen guztien %36 emakumeen ahalduntzeari zuzenduak daude, eta %20 Afrikan egingo dira.

Hiru finantziaketa lerroetan banatutako proiektuak

Lehenengo finantzaketa lerroari dagokio pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoaldeko herrialdeen prozesuak indartzeko balio duten proiektuak. Azken hauetara bideratu dira funtsa gehienak (24,8 milioi euro inguru) eta 48 proiektuk jasoko dute dirulaguntza. Honako herrialde hauetan gauzatuko dira: El Salvador (6), Guatemala (6), Peru (5), Mexiko (4), Bolivia (4), Senegal (4), India (3), Mali (3), Kolonbia (2), Ekuador (2), Txad (2), Burundi (1), Etiopia (1), Mozambike (1), Kongoko Errepublika Demokratikoa (1), Honduras (1), Nikaragua (1) eta Kuba (1).

Lerro honetako proiektuen %41 emakumeen ahalduntzera bideratuko dira, eta %7 giza eskubideen defendatzaileak babesteko balioko dute. Beste guztiak askotarikoak izango dira: herri indigenekin batera lan egiteko, eredu ekonomiko solidarioak eta  jasangarriak sortzeko, lurralde eta eskubideen defentsarako, edota komunikazio proiektuak gauzatzeko.

Bigarren modalitatea da produkzio garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak ekimenetarako, eta Pakistanen (1), Kuban (2) eta Euskadin (1) egingo diren lau proiektu onartu dira. Guztira, 1,1 milioi euro inguru jasoko dituzte.

Azkenik, gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuetako modalitatean 17 proiektu onetsi dira, eta ia 4 milioi euro zuzenduko zaizkie feminismoa, globalizazioa, giza eskubideak, emakumeen kontrako indarkeria edota baloreak jorratzeko. Proiektu hauek guztiak Euskadin egingo diren arren, elementu globalekin lotura izango dute. Izan ere, helburua da munduan diren desberdintasunen eragileak uler daitezen sustatzea eta gizartea eraldatzeko herritarren inplikazioa eta konpromisoa bultzatzea.