Eusko Jaurlaritza

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) datu pertsonalak ezabatzea. Ahaztua izateko eskubidea.

EHAAn datu pertsonalak hainbat kasurekin lotzen dituen informazioa argitaratzen da, hala nola izendapenak, kargu-uzteak, administrazio-zehapenen jakinarazpenak, ediktu judizialak, bekak ematea, dirulaguntzak etab. Horregatik, datu pertsonalen babesaren arloko eskubideak baliatzeari dagokionez gehien eskatzen den eskubideetako bat datu pertsonalak ezabatzeko eskubidea edo ahaztua izateko eskubidea da.

Ahaztua izateko eskubidea datu pertsonalak Interneteko bilaketetatik ezabatzeko eskatzeko eskubidea da. Bilatzaile orokorretan datu pertsonalen hedapen unibertsala eta bereizi gabea mugatzeko eskubidea jasotzen du, informazioa zaharkitua denean edo jada garrantzirik edo interes publikorik ez duenean, nahiz eta jatorrizko argitalpena legitimoa izan, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 93. artikuluak ezartzen duen bezala.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofiziala da, eta, haren bidez, argitara ematen dira ofizialki argitaratu behar diren dokumentuak. Aldizkari ofizialaren benetakotasuna, osotasuna eta aldaezintasuna bermatzen da. Aldizkari ofizialean zabaldutako informazio hori ezin da ezabatu, legezko betebehar bat betetzeko edo interes publikoaren izenean egindako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den informazioa jakinarazteko eginkizuna betetzen baitu.

Beraz, datuak ezabatzean, desindexatu egiten dira Interneteko bilatzaileetan interesdunaren izen-abizenak sartzean eskaintzen dituzten estekak, baina horrek ez du eragotziko webgunean argitaratutako informaziora sartzea, eskubidez baliatzen duenaren izena ez den beste bilaketa-irizpide batzuk erabiliz.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zure datuei buruz ahaztua izateko eskubidea erabili nahi baduzu, eskubideez baliatzeko prozedura erabil dezakezu. Tratamenduaren arduraduna "Gobernantza Saila, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza" eta tratamendu-jarduera "dokumentuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea" izango dira. Gainera, eskaera zehaztuz, beharrezkotzat jotzen dituzun esteka eta dokumentuak eman beharko dituzu.

Azken aldaketako data: