Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazio Sektorea eta Onura Publikoko Elkartegintza

 

Fundazioak estatistikak

Estatistika ofiziala. Eragiketaren Kodea: 190906

Eragiketa honen xedea fundazioetako eta onura publikoko elkarteetako kopurua zehaztea da. Jarduera-eremua, lekua, patronatuko kideen sexua, enpleguan eta ekonomian eragina -zuzkidurak, aktiboak, ondarea, ustiapen diru-sarrerak eta gastuak- kontuan hartuko dira, besteak beste.


 




FUNDAZIOA

Fundazioak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, fundatzaileek hala nahi izan dutelako beren ondarea interes orokorreko helburuetara lotuta dutenak modu iraunkorrean. Fundazioek fundatzaileen borondatea, beren estatutuak eta, edonola ere, legea izango dituzte arau. [1]

FUNDAZIO EZ-AKTIBOAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen Xedapen Iragankorrean aurreikusitako bi urteko epea amaituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren Xedapen Gehigarriarekin bat etorriz, Fundazioen Erregistroak orri-bazterreko idazpen batean jarduera ezaren presuntzioa jasoko du, estatutuak egokitu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legea indarrean sartu zenetik erregistroari beste eskaerarik edo jakinarazpenik egin ez dizkioten fundazioentzako.

HERRI-ONURAKO ELKARTEA

Tutoretza edo kuradoretza peko pertsonak: elkarteak eratu ahal izango dituzte edo elkarteetan kide gisa sartu ahal izango dira haien gaitasuna ordeztu edo osatu behar duten pertsonen adostasuna badute, agiri bidez egiaztatua, baina ezin izango dira elkartearen gobernu- organoko kide izan, halako organorik bada, ez eta elkartearen ordezkari gisa aritu ere. [2]

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun , altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte. Horretaz gainera, honako betekizun hauek bete behar dituzte:

  • a) Interes orokorra edo guztien ongia sustatu behar dute, eta, horretarako, benetan eta jarraituki bete behar dituzte zenbait xede, hala nola izaera zibikoko eta hezkuntza-, zientzia-, kultura-, kirol- edo osasun-izaerako xedeak edo beste hauek eta antzekoak: giza eskubideak sustatzea, gizartean esku hartzea, garapenerako lankidetza, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, haurrak babestea, aukera-berdintasuna eta tolerantzia bultzatzea, ingurumena defendatzea, gizarteekonomia edo ikerketa bultzatzea, boluntariotza sustatzea,kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzea, eta etorkinak eta arrazoi fisiko, sozial, ekonomiko edo kulturalak direla-eta baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonak promozionatzea eta artatzea.
  • b) Beren jardunean, ez dute batez ere eta eskuarki bakoitzak bere kideen onura bilatu behar, elkartekoak ez diren beste batzuena baizik.
  • c) Bitarteko pertsonal eta material nahikoa eta antolamendu egokia izan behar dituzte, estatutuetan ezartzen diren xedeak beteko direla bermatzeko.
  • d) Haietako bakoitzak lan- edo zerbitzu-harreman baten bitartez kontratatuta dituen elkartekideen kopuruak ez du handia izan behar elkartekideen kopuru osoa kontuan hartuta.
  • e) Frogatu behar dute estatutuetako xedeak benetan eta eskuarki bete dituztela, inskribatzeko eskaera egin aurreko hiru urteetan gutxienez.
  • f) Haien gobernu-organoetako kideek doan bete behar dute kargua, inolako ordainsaririk jaso gabe. Dena den, ordainsari egokia jaso ahal izango dute gobernuorganoko kide izate hutsagatik dagozkien eginkizunez bestelako zerbitzuak egiteagatik.
  • g) Ekonomia-kudeaketa txukuna eta gardena egin behar dute.
  • h) Benetan egiten dituzten jarduerek egokiak izan behar dute bilatzen diren interes orokorreko xedeetarako. [3]

    [1] 9/2016 LEGEA, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa. 2. art.
    [2] 7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa. 5. art.
    [3] 7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa. 42. art.

Azken aldaketako data: