Euskadiko Osasun Ituna
- Zer da?
- Helburuak
- Prozesuaren faseak
- Ildo estrategikoak
- Eragileen parte hartzea
- Prentsa oharrak
- Dokumentuak
Zer da?
Euskadiko Osasun Ituna Eusko Jaurlaritzak 2024ko irailean bultzatutako akordio estrategikoa da, Imanol Pradales lehendakariak sustatua eta Osasun Sailak koordinatua. Ekimenaren xedea da Euskadiko osasun-sistema publikoa eraldatzea eta epe ertain eta luzera kalitateko arreta jasangarria eta ekitatiboa bermatzea.

Euskadiko Osasun Itunaren helburuak
Osasuna pertsona guztiei bermatu beharreko oinarrizko eskubidea da, eta gizarteak herritarren ongizatearekin duen konpromisoaren isla izan behar du osasun-sistemak. Euskadin, osasun-arreta unibertsaltasunaren, ekitatearen, kalitatearen eta efizientziaren printzipioetan oinarritzen da, betiere osasun-arretaren eta gizarte-ongizatearen etengabeko hobekuntzara begira.
Zehazki, Euskadiko Osasun Itunak bermatu nahi du:
- Herritar guztiek osasun-sistema baliatu ahal izatea, haien egoera sozioekonomikoa edo bizilekua edozein izanik ere.
- Asistentziaren kalitatea etengabe hobetzea, osasun-arretan bikaintasuna sustatze aldera.
- Sistemaren jasangarritasuna, epe luzerako bideragarritasuna ziurtatuko duten neurrien bidez.
- Osasun-politikei buruzko erabakiak hartzean, herritarrek parte hartzea eta herritarrei hitza ematea, gardentasunetik eta administrazioaren eta biztanleriaren arteko elkarrizketatik.
- Osasunaren sustapena eta prebentzioa, betiere ohitura osasungarriak bultzatuko dituzten eta osasunaren determinatzaile sozialei helduko dieten politikak sustatzearen bidetik.
- Osasunaren arloko profesional nahikoak, konprometituak eta lanean eta gizartean aitortuak edukitzeko beharra.
Prozesuaren faseak
Euskadiko Osasun Ituna ondoz ondoko faseetan egituratu da, eta, horri esker, modu ordenatuan eta adostuan egin da aurrera, hasierako analisitik eta printzipioen definiziotik hasi, eta estrategien diseinura eta ondorengo inplementaziora eta ebaluaziora arte.
1. Diagnostikoa, ikuskera, balioak eta printzipioak (2024)
- Osasun-sistemaren inguruko diagnostiko partekatuaren onarpena.
- Ikuskera, balio eta printzipioen definizioa: unibertsaltasuna, ekitatea, elkartasuna, kalitatea, jasangarritasuna.
2. Estrategiak (2025)
- Maiatzaren 7a: lehen 8 ildo estrategikoen aurkezpena.
- Maiatzaren 14a: beste 6 ildo estrategikoren aurkezpena.
- Ekainaren 3a: 24 ildo-estrategikoetako 22ren inguruko adostasuna.
- Ekainaren 27a: 24 ildo estrategikoen onarpena.
3. Inplementazioa eta jarraipena (2025eko uztailetik)
- Laugarren fasean, pazienteen elkarteen parte-hartzea indartu da.
Euskadiko Osasun Itunaren 24 ildo estrategikoak
Euskadiko Osasun Ituna 24 ildo estrategikotan zehaztu da. Ildo estrategiko horiek sei esparru nagusitan banatzen dira: osasunaren prebentzioa eta sustapena; gaixotasunaren arreta; osasunaren lehentasunezko arloak; kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna; profesionalen garapena; eta gardentasuna eta herritarren parte-hartzea. Ildo horien helburua da osasun-sistemaren eraldaketa bideratzea, betiere pertsonak erdigunean izango dituen eredu prebentibo, ekitatibo eta berritzaileagorantz.
Osasunaren sustapena eta prebentzioa
- One Health ikuspegia, osasuna eta klima aldaketa: osasunaren plangintzan gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna barne hartzea.
- Osasunaren prebentzioa eta zaintza: detekzio goiztiarra eta osasun-mehatxuen aurreko erantzuna indartzea.
- Osasuna eta ekintza komunitarioa sustatzea: ekitate-ezak murriztea gizarte-determinatzaileetan oinarritutako ikuspegi baten bidez, eta haurrei, nerabeei, ugalketa-osasunari, emakumeei eta kolektibo zaurgarriei arreta ematea.
- Lehen mailako arreta eta arreta komunitarioa indartzea: eredu eskuragarria, integrala, proaktiboa eta luzetarakoa garatzea, sistemaren gobernantzaren ikuspegitik.
Gaixotasunaren arreta
- Denbora-mendeko patologiak: erantzuna optimizatzea, bizirik irauteko edo desgaitasuna saihesteko denbora erabakigarria den baldintzetan.
- Kronikotasuna: gaixotasun kronikoen kudeaketa eta bizi kalitatea hobetzea.
- Arreta sozio-sanitarioa: osasun-sistema gizarte-zerbitzuekin koordinatzea, arreta integratua eskaintzera begira.
- Bizitza amaierako zainketak: pertsona erdigunean duen arreta duina bermatzea.
Osasunaren arloko lehentasuneko ildoak
- Onkologia: minbiziaren ikuspegi integrala, prebentziotik hasi eta arreta eta errehabilitaziora arte.
- Gaixotasun kardiobaskularrak: gaixotasun horien inpaktua murriztea, prebentzioa eta tratamendua hobetzearen bidetik.
- Osasun mentala: sustatzea, prebenitzea eta asistentzia-eredua optimizatzea.
- Gaixotasun neurodegeneratiboak: arreta indartzea, detekzio goiztiarra eta pazienteei eta familiei laguntzea.
- Gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa: diagnostikoa eta tratamendu indibidualizatuen eskuragarritasuna hobetzea.
Kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna
- Osasunaren arloko balioa eta emaitzak: sistema emaitza sanitario hobeagoetara bideratzea, efizientzia eta ekitatearen bidetik.
- Antolaketaren arloko berrikuntza eta asistentzia-ereduak: asistentzia integrala eta integratua sustatzea, efizientzia handiagoa lortzera begira.
- Zerbitzu-zorroa: eskaintzen diren osasun-zerbitzuen definizioa eta berrikuspena.
- Osasunaren arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B): medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak sustatzea, besteak beste.
- Osasunaren arloko digitalizazioa: arreta, plangintza, kudeaketa eta ikerketa optimizatzeko teknologia aplikatzea.
- Azpiegiturak eta lankidetza-eredua: ekipamendu egokiak garatzea eta lankidetza publiko-pribatuak zehaztea.
Osasunaren arloko profesionalen garapena
- Osasunaren arloko prestakuntza eta irakaskuntza: osasun-langileen artean etengabeko gaikuntza sustatzea eta ezagutza zabaltzea.
- Pertsona-politika: langileak sisteman atxikitzea, fidelizatzea, parte hartzea eta lidergoa garatzea.
Gobernantza
- Deliberazioa eta erabaki partekatuak hartzea: osasunaren kudeaketan herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzea.
- Lankidetza publiko-pribatua eta ituntze-araubidea: sektoreen arteko lankidetza-eredu orekatua ezartzea.
- Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideak: osasun-sisteman hizkuntzen erabilera eta errespetua bermatzea.
Eragileen parte hartzea
Euskadiko Osasun Itunean eragile politikoek, sindikatuek, osasunaren arloko profesionalek, pazienteen elkarteek, unibertsitateek eta patronalak parte hartu dute. 400 aditu inguru aritu dira Euskadiko osasun-sistemaren printzipioak eta estrategiak definitzen.
- Alderdi politikoak: EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu, PP, Sumar.
- Sindikatuak: Sendagileen Sindikatua, SATSE, SAE, LAB, UGT, CCOO.
- Pazienteen elkarteak eta herritarren plataformak.
- Elkargo profesionalak: medikuak, erizaintza, farmazia, psikologia, odontologia, optikariak, fisioterapia, biologia, albaitaritza, gizarte-lana.
- Unibertsitateak: EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.
- Confebask eta enpresa-eragileak.
Prentsa oharrak
Euskadiko Osasun Itunaren bilakaera jasotzen duten prentsa-ohar guztiak dituzu eskuragarri, itunaren hasieratik hasi, eta estrategien inplementaziora arte eta eragileen parte-hartze aktibora arte.
Dokumentuak
Euskal Osasun Itunaren prozesuan landutako dokumentuak
1. Diagnostikoa, ikuskera, balioak eta printzipioak
- Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren inguruko diagnostiko partekatua.
- Osasun-sistemaren epe ertainerako eta luzerako ikuskeraren dokumentua.
Diagnostikoa, ikuskera, balioak eta printzipioaen sarbidea (PDF, 345 KB) 
2. Balio eta printzipio gidarien dokumentua
Unibertsaltasuna, ekitatea, elkartasuna, kalitatea, jasangarritasuna, parte-hartzea eta komunitate-orientazioa.
Balio eta printzipio gidarien dokumentuen sarbidea (PDF, 1 MB) 
3. Ildo estrategikoak
24 dokumentu estrategikoren multzoa, profesionalek, pazienteen elkarteek eta adituek parte hartu duten lantaldeetan egina.
Ildo estrategikoen sarbidea (PDF, 3 MB) 
Azken aldaketako data: