Lehendakaritza

Europar Batasuna eta Erresuma Batuaren arteko Merkataritza eta Lankidetzari buruzko Akordioa

Ateratze Akordioarekin batera doan Adierazpen Politikoak EBren eta Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko harremanak arautu behar dituzten oinarriak eta printzipioak ezartzen ditu.

Elkarte ambiziosoa, zabala, sakona eta malgua nahi da, merkataritzaren eta lankidetza ekonomikoaren, legearen eta zigor-justiziaren aplikazioaren, kanpo-politikaren, segurtasunaren eta defentsaren bidez. Gainera, lehia ireki eta leialerako (level playing field) baldintza ekitatiboen esparrua mantentzeko konpromisoa hartu dute aldeek.

Akordioak eskubideen eta betebeharren arteko oreka bermatu behar du, alderdien autonomia errespetatuz. Giza eskubideen, oinarrizko askatasunen, printzipio demokratikoen eta zuzenbidezko estatuaren errespetuan eta zaintzan oinarrituko da.

Otsailaren 25ean, Kontseiluak negoziazioak irekitzeko baimena eman zuen eta Batzordea EBko negoziatzaile izendatu zuen formalki. Era berean, negoziazioetarako Batzordearen agindua osatzen duten negoziazio-gidalerroak onartu zituen.

Bestalde, otsailaren 27an Erresuma Batuak Europar Batasunarekin negoziatzeko agindua jasotzen duen dokumentua aurkeztu zuen.

Martxoaren 2an hasi ziren ofizialki negoziazioak. 11 mahai sektorial eratu ziren, eta aldi berean bildu dira. Pandemiak zaildutako eta hainbat unetan porrot egiteko zorian egon den 10 hilabeteko negoziazio trinkoaren ondoren, EBk eta Erresuma Batuak Merkataritza eta Lankidetza Akordio bat lortu zuten 2020ko abenduaren 24an, EBren eta Erresuma Batuaren artean.

Adosteko gai konplexuenak lehia ireki eta leialerako baldintza bidezkoak (level playing field), akordioaren gobernantza (eztabaidak konpontzeko mekanismo bat barne) eta arrantza izan dira, alderdi bakoitzaren uretarako sarbidean eta harrapaketa-kuota baimenduetan arreta berezia jarrita.

Akordio teknikoa da – negoziatzaile mailan lorturikoa –, eta, orain, aldeek akordio hori sinatu eta berretsi beharko dute, bakoitzaren arau eta prozeduren arabera. EBren aldetik, Europar Kontseiluak sinadura baimendu behar du, eta Parlamentuak adostasuna eman. Erresuma Batuaren aldetik, Parlamentuak onartu behar du. Epe iragankorra amaitu baino lehen berrespen-prozedura amaitzeko denborarik egongo ez denez, akordioa 2021eko urtarrilaren 1ean behin-behinean indarrean jartzea proposatu da.

Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko Merkataritza eta Lankidetza Akordioak honako esparru hauek hartzen ditu barne:

  • ondasunen eta zerbitzuen merkataritza,
  • merkataritza digitala,
  • jabetza intelektuala,
  • kontratazio publikoa,
  • aireko eta errepideko garraioa,
  • energia,
  • arrantza,
  • gizarte Segurantzaren koordinazioa,
  • legearen aplikazioa eta zigor-arloko lankidetza judiziala,
  • gaikako lankidetza eta Batasunaren programetan parte hartzea.

Baldintza-berdintasuna eta oinarrizko eskubideen errespetua bermatzen duten xedapenetan oinarritzen da. Akordioak eskubideak eta betebeharrak emango dizkie bai Europar Batasunari bai Erresuma Batuari, bere subiranotasuna eta araugintza-autonomia erabat errespetatuz. Akordioaren funtzionamenduari eta aplikazioari buruzko erakunde-esparru batek arautuko du, bai eta gatazkak konpontzeko eta aplikatzeko mekanismo lotesleek ere.

Erresuma Batuak eskatuta, Akordioak ez du kanpo-politikaren, kanpo-segurtasunaren eta defentsaren arloko lankidetza estaltzen, nahiz eta hasiera batean Adierazpen Politikoan aurreikusita egon. Gainera, akordioak ez du finantza-zerbitzuen baliokidetasunei buruzko erabakirik hartzen. Era berean, ez ditu estaltzen Erresuma Batuko datuak babesteko araubidearen egokitasunari buruzko balizko erabakiak.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, Erresuma Batuak ez du onurarik izango merkatu bakarrera eta EBko aduana-batasunera oztoporik gabe sartzeagatik, ezta EBren nazioarteko politika eta akordioetatik ere (beste hirugarren herrialde batzuekin dituen merkataritza askeko akordioak barne). Horrek oztopo berriak sortuko ditu ondasunen eta zerbitzuen merkataritzan, eta gaur egun existitzen ez diren mugaz gaindiko mugikortasunean eta trukeetan, bi norabideetan.

Akordio berriak akordiorik gabeko egoera batekin alderatuta eragozpenak mugatzeko balioko badu ere, bi aldeetako administrazio publikoek, enpresek, herritarrek eta alderdi interesdunek ezinbestean izango dute eragina. Batzordeak orientabide zabalak argitaratu ditu aldaketa horiei heltzeko modurik onenari buruz.

Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko Merkataritza eta Lankidetza Akordioaren edukiari buruzko informazio gehiago:

Azkenik, ondoren, Europar Kontseiluak 2020an egin dituen bilerei buruzko informazioa ematen da. Bilera hauetan etorkizuneko harremanari buruzko Akordioa landu da:

EBko Gai Orokorren Kontseiluaren bilera (2020.02.25)

Europar Kontseilua (2020.06.19)

Europar Kontseilua (2020.10.15)

Azken aldaketako data: