Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

34/2009 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Deba eta Zumaia arteko itsasertza Babestutako Biotopo izendatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 35
  • Hurrenkera-zk.: 910
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/02/10
  • Argitaratze-data: 2009/02/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; EAEko udalak

Testu legala

Gipuzkoako itsasbazterreko mendebaldeko sektorean dagoen itsasertz-lerroan Haitzandi (Deba ibaiko senadiaren ekialdeko muturra, Deban) eta Haitzabal artean (Urolaren ibai-ahoaren ezkerreko ertza, Zumaian) labarrez osatutako 8 bat km-ko tartea dago, eta oinarrian abrasio-plataforma zabalak ditu. Sektore horrek Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko ekosistema guztien artean geologia, paisaia eta naturaren aldetik oso balio handia duten elementuak ditu.

Besteak beste, itsasertzeko eremuaren geomorfologia aipatu behar da, nazioartean oso berezia delako, baina baita zonaren aldaketa antropogeniko handia ere, batez ere isolatuta dagoelako eta zaila delako bertara heltzea. Interes geologikoa ezohikoa da, bertan dagoen marearteko zabalgunea oso handia baita. Zabalgune hori flysch tertziarioko materialen higadura bereizgarriak eta hain garbi markatzen den Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko trantsizioko tarteak sortu dute. Beste geologia-aldi batzuen arteko trantsizio oso nabarmen batzuk ere badadude: hala nola, Paleozenoa-Eozenoa edo Goi eta Behe Kretazeoak. Muga horiek garrantzia izugarria dute zientziaren aldetik, biologia-krisi handiak edo planetaren historian ingurumenaren arloan izan diren aldaketak erakusten dituztelako. Paisaiaren ikuspegitik, eremu honetan kostaldearen fisiografiak higadura-lagin interesgarriak ematen ditu: haran esekiak, lurraldean barneratzen doazen labarrak eta, batez ere, marearteko zabalgune handia. Naturaren aldetik duen interesa higadurak sortzen dituen inguruneen aniztasun handian oinarritzen da; horri esker, zoko ekologiko desberdin ugari bereizten dira eta landare- eta animalia-dibertsitate handia ikus daiteke zabalgunearen marearteko zonan.

Hortaz, zati horrek bete egiten ditu Babestutako Biotopo izendatzeko Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeak eskatzen dituen baldintzak. Izan ere, berezitasuna, bakantasuna, edertasun ikusgarria eta zientziaren aldetik nazioarte-mailan interes nabaria duten formazioak dauden eremua da.

Deba eta Zumaia arteko itsasertza Babestutako Biotopo kategorian babestutako naturagune izendatu aurretik, Natura Baliabideak Antolatzeko Plana egin eta bideratu da. Plan hori, 16/1994 Legearen 7. artikuluan ezarrita dagoen bezala fase guztiak gainditu ondoren, behin betiko onetsi zen, otsailaren 10eko 33/2009 Dekretuaren bidez. Izapideak egitean, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 19. artikuluan ezarritakoa bete da. Gainera, Natura Baliabideak Antolatzeko Plan horretan deskribatzen dira Babestutako Biotopo eta Babestutako Gune Periferiko izendatzeko proposatutako eremuak.

Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean ezarritakoaren arabera, Deba eta Zumaia arteko itsasertza Babestutako Biotopo izendatzeko, Naturzaintza Euskal Herriko Natura Zaintzeko Aholku Batzordeak txostena egin zuen 2008ko abenduaren 18ko bilkuran, eta aldekoa izan zen.

Horri jarraiki, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak otsailaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea Deba eta Zumaia arteko itsasertza babesteko araubide juridiko berezia ezartzea da. Horretarako, Babestutako Biotopo izendatu da, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Deba eta Zumaia arteko itsasertzaren eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana otsailaren 10eko 33/2009 Dekretuaren bidez onartu zen, eta plan horretan ezarritako jarraibideetan, araubide juridiko bereziak helburu hauek izango ditu:

  1. Labarren aurrealdeko geologia-ondarea zaindu egingo dela bermatzea.

  2. Eremuan sortzen diren geomorfologia-prozesuak mantendu egingo direla ziurtatzea: bereziki, zabalguneari eta labarrei lotuak.

  3. Itsasbazterreko eremuko paisaia kudeatzea, eta andeatu eta sinplifikatzea ekiditea.

  4. Eremuko sistema eta prozesu ekologiko berezien iraunkortasuna ziurtatzea eta marea barneko zerrendatik hurbil daudenei arreta berezia eskaintzea.

  5. Zaintzarekin bateragarriak diren ohiko erabilerak mantendu eta garatzea.

  6. Natura-ingurunea, zaintzarekin bateragarriak izango diren ikerketa eta aisialdiko erabileretarako gune izatea bermatzea.

  1. Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Babestutako Biotopoan, 33/2009 Dekretuan onartutako Natura Baliabideak Antolatzeko Planean deskribatu eta irudikatutako geografia-eremua sartuko da.

  2. Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Babestutako Biotopoak 4.299,7 ha-ko azalera hartzen du Deba eta Zumaiako udalerrietan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

  1. Natura baliabideen babes osoa bermatzeko eta ekologia nahiz paisaiaren alorretan kanpotik etor daitezkeen eraginak saihesteko, babeserako gune periferikoa ezarri da. Otsailaren 10eko 33/2009 Dekretuan onartutako Natura Baliabideak Antolatzeko Planean dago deskribatuta eta irudikatuta gune hori.

  2. Babeserako gune periferikoan, Deba eta Zumaia arteko itsasertza Babestutako Biotopo izendatzeko adierazpenaren oinarri diren helburuak edo Natura Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako helburuak lortzea eragotzi edo zaildu dezakeen jarduera oro, organo kudeatzaileak baimendu beharko du.

  3. Errealitate fisikoan edo biologikoan ondorioak izan ditzakeen edo aldaketak eragin ditzakeen edozein jarduera mugatu edo eten ahal izango du Babestutako Biotopoa kudeatzeko organoak, babeserako gune periferikoan, xedapen honetan ezarritakoaren arabera: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 54.1.f) artikulua.

  1. Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Babestutako Biotopoa Gipuzkoako Lurralde Historikoan eskumena duen foru-organoak kudeatuko du.

  2. Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Babestutako Biotopoa kudeatzeko organoak biotopoaren zuzendari-artatzaile bat izendatuko du. Bere zereginak, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritakoak eta berariaz agintzen zaizkionak izango dira.

16/1994 Legearen 35.2. artikuluan aipatzen den lankidetzaren esparruan, organo kudeatzaileak hitzarmenak izenpetuko ditu beste administrazio publikoekin: bereziki, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Arrantza Sailburuordetzarekin, itsasoko ingurunean zaindu eta ikuskatzeko. Zumaiako Udalak kudeatzen duen Algorri ezagutzeko zentroaren ibilbidea kontuan izanda, lankidetza-hitzarmenak izenpetuko ditu udal horrekin, bi erakundeen artean behar den koordinazioa bermatzeko.

  1. Deba eta Zumaia arteko itsasertza Babestutako Biotopo izendatzeko adierazpenak berekin dakar erabilera publikoaren adierazpena, dagozkion ondasun eta eskubideak desjabetzeari begira.

  2. Dekretu honetan edo Natura Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako xedapenak ezartzeko jabetza pribatua edo eskubideak eta legezko ondare-interesak kentzean, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute ondare eta eskubideen titularrek, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

Eskumena duen organoaren bitartez lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak egikaritzea Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, Babestutako Biotopoaren barnean dauden lursailak bizidunen artean kostu bidez eskualdatzeko egintza guztietan.

Lehenengoa. Ahalmena eman zaio Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari Dekretu hau gauzatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik