Arautegia

Inprimatu

341/1999 DEKRETUA, urriaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 201
  • Hurrenkera-zk.: 4378
  • Xedapen-zk.: 341
  • Xedapen-data: 1999/10/05
  • Argitaratze-data: 1999/10/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak herri-jaurgopeko izaera ematen die Euskal Autonomia Elkarteko esparruan aurkiturik, interes arkeologikoa eta paleontologikoa daukaten ondasun guztiei, berauek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendutatako tokian entregatzeko obligazioa ezarriz. Hau dela eta, aipaturiko Legearen 47.3 artikuluak xedatzen du baimendutako lanen ondorioz topatutako ondasunak dagozkien lurralde-museoetan edota Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hartarako izendatu duen lekuan laga behar direla, ondasunok beste toki batera eramateko Sail honen baimena derrigorrezkoa delarik.

Ustekabean aurkituriko ondasunei dagokienean, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 48. artikuluan adierazten da aurkikuntzok dagozkien lurralde-museoetara edota Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hartarako izendatu duen lekura eraman beharko direla, baldin eta topatu diren arkeologia edo peleontologia intereseko gauzaki eta aztarnak galtzeko edo hondatzeko arrisku larrian badaude. Arrisku egoerarik ez balego, aurkitutakoak beren testuingurutik kanpora ez ateratzearren edo azternategiari kalterik ez egitearren, agertutako tokian eduki beharko dira, harik eta dagokion Foru Aldundiak egokien deritzon eskuhartze arkeologikoa erabaki arte.

Aurkikuntzen osotasuna zaintzeko, hauek topatzen diren unetik lurralde-museotan edo hartarako izendatutako lekuetan behar bezala gordailuan jartzen diren arte hartu beharreko neurriak arautzea garapenaren zain dago oraindik.

Egin beharreko eskuhartze arkeologikoak zehazteko eta baimentzeko foru erakundeek dauzkaten eskumenak erabat errespetatuz, Dekretu honek interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten aurkikuntzei babes egokia ziurtatuko dien lege-estaldura ezartzen du. Hartarako arauak jartzen dira, aurkikuntzen hasierako garraioa nahiz beren gordailua eta geroztikako garraioak ondasunak hondatu edo desegiteko arriskurik gabe burutuko direla bermatzeko, berauek lurralde-museoan edo horretarako izendatutako tokian kokatzen direlarik.

Euskadin aurkitutako interes arkeologikoa eta paleontologikoa duten ondasunak entregatzeko obligazioa zein baldintzatan burutuko den zehazteko premiak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea arau bidez garatzea beharrezko bihurtzen du, bere Azken Xedapenetan Lehenak dioenaren arabera, zeinak lege hori betearazteko premiazkoak diren xedapenak ematera baimentzen baitio Eusko Jaurlaritzari.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 1999ko urriaren 5ean egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honek ondorengo helburua dauka: interes arkeologikoa eta paleontologikoa daukaten ondasunak –ustekabean edo baimendutako lanen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan aurkitutakoak— garraiatzeko nahiz dagozkien lurralde-museoetan edo Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatutako lekuetan entregatzeko eta gordailuan uzteko baldinztak arautzea.

  1. – Baimendutako lan arkeologikoen emaitzak diren aurkikuntzetan ondasunak entregatzeko obligazioa lan horien zuzendariarena da edota dagokion Foru Aldundiarena, baldin eta beronek zuzenean burututako jarduera arkeologikoak badira.

  2. – Ustekabeko aurkikuntzak baldin badira, aurkitzaileak topatu duenaren berri berehala Foru Aldundiari edo Udalari emateko obligazioa dauka. Dagokion Foru Aldundia arduratuko da ondasun horietaz eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatutako lekura eramango ditu, jarduera arkeologikoak edo paleontologikoak burutzeko baimena ematea komenigarritzat jotzen ez bada behintzat; kasu horretan obligazioa lan horien zuzendariari dagokio, baimendutako jarduerak entregatzeko arauak onartu beharko dituelarik.

  3. – Baldin eta ustekabeko aurkikuntzetan interes arkeologikoa eta paleontologikoa daukaten gauzakiak eta aztarnak galtzeko edo hondatzeko arrisku larrian baleude, salbuespen modura aurkitzaileak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatzen duen lekuan entregatu beharko ditu, elementu horien izaerak hartarako bidea emanez gero.

  1. – Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentroak zerrenda osatu bat gauzatuko du, non Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitutako interes arkeologiko eta paleontologikoko materialak jasoko diren.

  2. – Zerrendak —jasotako oharpenen arabera kronologikoki sailkaturik— honako xehetasunak izango ditu:

    1. Aurkitzailea nor den edota, baimendutako lanak badira, euron zuzendariaren izena.

    2. Aurkikuntza mota: ustekabekoa ala baimendutako lanen emaitza ote den.

    3. Aurkikuntza lekutzea.

    4. Agertu deneko data.

    5. Gordailurako izendatu den lurralde-museoa edo zentroa.

    6. Aldi baterako gordailuak eratzeko baimenak.

  1. – Baimendutako lan arkeologikoaren zuzendariak dagokion Foru Aldundiari jakinarazi beharko dio aurkikuntza, gehienez ere baimendutako eskuhartze arkeologikoa amaitu eta hamabost eguneko epe barruan. Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko dio.

  2. – Ustekabeko aurkikuntzetan interes arkeologikoa edo paleontologikoa daukaten gauzakiak eta aztarnak galtzeko edo hondatzeko arrisku larrian baldin badaude, berehala eman beharko zaio topatutakoaren berri dagokion Foru Aldundiari. Honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinaraziko dio, aurreko idatz-zatian adierazitako epean.

  3. – Aurreko idatz-zatian aipatutako baldintzarik ez duten ustekabeko aurkikuntzetan, berriz, Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari berauen berri eman beharko dio eta, hala egokituz gero, gordailura eraman aurretik onartzen den jarduera arkeologikoa edo paleontologikoa ere jakinaraziko zaio Sailari.

Dagozkien lurralde-museora edo hartarako Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatu duen lekura gauzakiak eraman aurretik, aurkitzaileari edota, baimendutako lanak badira, ikerketaren zuzendariari lege-gordailuaren arautegia ezarri beharko zaio.

  1. – Uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 48. artikuluan dioenaren arabera, ustekabeko aurkikuntzak direnean, aurkitzaileak interes arkeologiko edo paleontologikoko materialak azaldu diren lekuan mantentzeko obligazioa dauka. Kasu hauetan aurkikuntzak ibilgetuta geratzen dira; eta, halaber, arautegi honetako xedapenen arabera, jarduera arkeologiko edo paleontologikoren bat premiazkotzat jotzen ez bada, aurkikuntzak jasotzea tokatzen zaion Foru Aldundiak euroi buruz erabakitzen duenaren zain.

  2. – Ustekabeko aurkikuntzaren izaerak edo kontserbazio-egoerak berau lekuz aldatzea ezinezkoa bihurtzen duenean, galtzeko edo hondatzeko arrisku larrian egon arren, ibilgetuta mantendu beharko da, eta dagokion Foru Aldundiari jakinarazi beharko zaizkio lekualdaketa eragozten duten arrazoi berezi horiek, hark egokiena deritzon burubidea erabaki dezan.

  1. – Baimendutako lan arkeologikoen ondorioz aurkitutako ondasunak, gehienera jota, urtebeteko epe barruan entregatu beharko dira, eskuhartze arkeologiko bakoitzeko landa-lanen amaieratik kontatzen hasita, eta dagokien behin behineko edo behin betiko inbentarioarekin batera. Baldin eta aztarnategi horietan urtebete baino gehiagoko indusketak burutzen badira, aurkitutako materialak aipatu berri den epe horretan entregatu beharko dira, eskuhartze arkeologiko horren garapenerako ekitaldioro edo urtero baimen desberdina behar dela ulertzen delarik.

  2. – Ustekabean aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak ibilgetuta geratu beharko dira, dagokion Foru Aldundiak, hamar eguneko epe barruan, ondasun horiei buruz egokiena deritzon burubidea hartu arte. Jarduera arkeologiko edo paleontologikoren bat burutzeko irizpenik ez badu Foru Aldundiak ematen, honek berrogeita zortzi orduko epe barruan entregatuko ditu materialok, eta baiezko irizpena ematen badu, berriz, entregatzeko epea aurreko idatz-zatian ezarritakoa izango da.

  3. – Ustekabean nahiz baimendutako lanen ondorioz aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak, galzorian edo hondatzeko arrisku larrian egon ezkero, berehala entregatu beharko dira, baldin eta Dekretu honen 8. artikuluan jasotako kasuetan sartzen ez badira behinik behin.

  1. Dekretu honek arautzen dituen aurkikuntzak dagokien lurralde-museoan edota Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatutako lekuan entregatu beharko dira.

  2. – Aurkikuntza arkeologiko edo paleontologiko baten jakinarazpena jaso eta gero, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak dagokion Foru Aldundiari eta, bere lekuan aurkitzaileari ere bai, adierazi beharko dio nora eraman behar duen aurkitutakoa eta nori entregatu behar dion, lege-gordailua bakarrik deuseztua gelditzen dela espreski adieraziz, topatutakoa hartarako izendatu den pertsonari eta tokian entregatzen denean.

  3. – Baimendutako jarduera arkeologiko nahiz paleontogikoen bitartez topaturiko ondasunak gordetzeko museo edo zentroaren izendapena egitean, kontuan hartuko dira toki horren egokitasuna eta ondasunak behar bezala babesteko bermea eskaintzen ote duen. Bereziki baloratuko dira: ondare arkeologikoa babestu, kontserbatu eta ezagutarazteko museo edo zentroaren entitate arduradunak izan duen jokabidea; gordailuan utzitako materialak entregatzeko eta kontserbatzeko museoak edo zentroak erabiliko dituen baliabide material eta pertsonalen gaitasuna; hala nola, materialak gordailuan uzteko erabiliko diren lokalen egokitasuna.

  4. – Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa duten ondasunak gordailuan uzteko museo edo zentroaren izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek jakin dezaten.

Dagokion Foru Aldundiak, ustekabeko aurkikuntzen topatzaileak edota —baimendutako ikerkuntzak izan ezkero— berauen zuzendariak aurkikuntzak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendaturiko tokira eramateko obligazioa dute. Hau guztia, aurkitutakoari narriadura edo kalterik gerta ez dakion behar diren segurtasun-neurriak hartu ondoren eta lege-gordailuaren arauekin bat datorrela.

  1. – Baimendutako ikerkuntzen zuzendariak materialen behin behineko edo behin betiko inbentarioa egin beharko du, ondorengo edukiak dituela gutxienez:

    1. Piezek zein aztarnategitan duten jatorria, beronen izena, eman zaizkion siglak, kokatuta dagoen udalerria eta gordetzen diren materialak zein urtetan aurkitu diren.

    2. Multzoaren barruan pieza bakoitza identifikatzeko datuak, hau da, eskuhartze arkeologikotik datozen materialetako pieza bakoitzari emandako siglak, zeinetan zehaztuko baitira, gutxienez, aztarnategiaren sigla eta ikerkuntzaren data ez ezik, topatu zireneko testuingurua edo maila eta pieza bakoitzaren erregistro-zenbakia.

    3. Piezaren izaera, berau lantzeko teknika, bere tipologia eta kronologiari buruzko datu guztiak zehaztuko dira, bere ezaugarriak azaltzen direlarik.

    4. Halaber, materialen kontserbazio-egoera nahiz berauek sendotzeko edo/eta eraberritzeko premien lehentasuna adierazi beharko dira.

  2. – Aurkitutako materialekin batera behin behineko edo behin betiko inbentarioaren kopia ere entregatuko da, museoaren edo materialok zaintzeko izendatu den zentroaren arduradunak gordailu-agiria luzatu behar duelarik.

Gordailu-agirian honako datu hauek jarri beharko dira:

  1. Ikerkuntzaren zuzendariaren identitate-datuak; edo aurkitzailearenak, ustekabean topatutako materialak badira.

  2. Gordailua jasotzen duen pertsonaren identitate-datuak, zeinak hara eramateko izendatu den Museo edo Zentroko arduraduna izan behar baitu.

  3. Gordailuan utzi behar diren materialen jatorria adierazten duten datuak.

  4. Aurkikuntzaren izaera, ustekabekoa edo baimendutako lanen emaitza den zehaztuz; azken kasu honetan baimena zein lanetarako eman den adierazi beharko da.

  5. Gordailuan utzitako ondasunaren azaleko deskribapena, behar bezala identifikatuta geratzen delarik, hala badagokio, behin behineko edo behin betiko inbentarioko sailkapena aipatuz.

  6. Kanpainaren hasiera- eta amaiera-data eta gordailu-data.

  1. – Baimendutako lanen bidez aurkitutako material arkeologikoak era egokian eraman beharko ditu gordailura lanon zuzendariak. Hartarako, eurontzako aproposena den prozeduraz eta euren izaera kontuan izanda garbitu beharko dira; pieza bakoitzari ipini beharko zaizkio siglak; eta euren izaera, aldi eta dagokien testuinguruaren arabera paketatu beharko dira, ondo etiketatutako kutxetan sartuta, azkar topatzeko moduan egon daitezen.

  2. – Aztarnetegian burutzen diren lehenengo lanak baldin badira, materialak siglatu aurretik, indusketaren zuzendariak aztarnategiaren sigla eskatu beharko dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Ondare Zentroari, lurralde berean edo beste batean sigla berdinak errepika ez daitezen. Aurreko urteetan lanak burutu badira, hasieran emandako sigla mantenduko da.

  1. – Materialak gordailuan utzi eta hamabost egunen buruan, baimendutako lanak burutu dituen zuzendariak Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentrora nahiz dagokion Foru Aldundira ondoren zehazten diren dokumentuen kopia bana igorriko du:

    1. Lanen emaitzen atariko txostena edota, ahal baldin bada, behin betiko memoria dagokion dokumentazio grafikoarekin batera. Baldin eta aztarnategi horietan urtebete baino gehiagoko indusketak burutzen badira, epe berdinetan entregatu beharko da kanpaina edo urte bakoitzean egindako lanen atariko txostena.

    2. Lan-kanpainan zehar ateratako materialen behin behineko edo behin betiko inbentarioa.

    3. Aurkikuntza eta hondeatutako eremua kokatzen dituen mapa bat. Lurrik atera gabeko prospekzioak izanez gero, materialak jaso eta egiturak aurkitzen direneko mapak eta planoak gehituko dira.

  2. – Gordailua jaso duen museoak edo zentroak gordailu-agiriaren kopia bidaliko dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Ondare Zentroari, ondasuna gordailuan utzi eta hemabost eguneko epe barruan.

  1. – Dagokion Foru Aldundiak edota, hala egokituz gero, aurkitzaileak gauzatuko du ustekabeko aurkikuntzaren entrega, non kokaturik dagoen zehaztuz. Dekretu honen 13.5 artikuluak dioenaren arabera, gordailu-agiria emango da.

  2. – Materialen gordailua egin eta 15 eguneko epe barruan gordailua jaso duen museoak edo zentroak burututako gordailuaren agiria bidaliko dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zentroari, dagokion sigla eman diezaiotela eskatuz, behar bezala identifikatua izan dadin.

  1. – Materialak lurralde-museoan edo hartarako izendatu den lekuan laga ondoren, baimendutako lanen ondorioz izandako aurkikuntzetan berauen zuzendariek jarduera horri dagokion memoria aurkeztu beharko dute. Berau arautzeko oinarrizko markoa ezartzen ez den bitartean, memoriaren edukiak Foru Aldundiek hartarako xedatu dutenari jarraituko dio.

  2. – Baimendutako lanaren titularrak memoriaren kopia igorriko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentrora, materialen behin betiko inbentarioarekin eta eskuhartzen zehar sortutako dokumentazio grafikoarekin batera.

  3. – Memoria eskuratu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentroak txosten horren kopia bat bidaliko dio materialak gordailuan jaso duen Zentro edo Museoari.

  1. – Memoria bi urteren epe barruan gehienez —baimendutako lanen bukaeratik kontatzen hasita— aurkeztu beharko da.

  2. – Urtebete baino gehiagoko lanetan diharduten aztarnategiak direnean, bosgarren kanpainaren amaieratik hasita bi urteren epe barruan gehienez, edota, bost kanpaina baino gutxiago izan ezkero, azkenaren bukaeran memoria bat aurkeztuko da ordura arte lortutako emaitzekin.

    Edonola ere, aztarnategian lan arkeologikoak amaitu eta gero, baimendutako eskuhartzearen behin betiko itxieratik gehienez bi urtera derrigorrez entregatu beharko da azken memoria.

  1. – Materialak publikoaren esku jarri ahal izango dira, auraudi honen 16. artikuluan memoria aurkezteko xedatzen den bi urteko epea igaro ondoren.

  2. – Aipaturiko epe horretan aurkitutako material arkeologiko eta paleontologikoak baimendutako eskuahartzearen zuzendariak edo honek berariaz baimentzen duen pertsonak soilik eskura ditzake.

  1. – Salbuespen modura, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak material arkeologikoak edo paleontologikoak lekuz aldatzeko baimena eman dezake, baldin eta ikerketa, zabalkunde edo zaharberritze lanetarako bada.Hala ere, arau orokor gisa, material horiek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatutako museo edo zentroan egon beharko dute.

  2. – Lehendik lekualdaketa baterako baimena eman bada, materialok gordailuan dauden museo edo zentrora itzuli zirenetik gutxienez urtebeteko epea igaro arte, ezin izango da euron lekualdaketa berri baterako baimenik eman.

  1. – Aurkikuntza agertu den tokian burututako eskuhartze arkeologiko edo paleontologikoaren zuzendariak, edota bere eskabidea era egokian justifikatzen duen edozein pertsona interesatuk topatutako materialen irteera eska diezaioke Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, materialon ikerketa- zabalkunde- eta zahaberritzera-lanetarako baldin bada.

  2. – Materialak nora eraman nahi diren, eta ikerketa- zabalkunde- eta zaharberritze-lanetarako zenbateko epea den premiazkoa adierazi beharko du eskabideak. Egin nahi diren lanei buruzko txostena erantsi beharko zaio eskabideari, lurralde-museoan edo gordailurako Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendaturiko lekuan eskatu den materiala aztertu-ezinaren arrazoiak ipiniz.

  3. – Izaera zientifikoa duten erakunde edo zentroek lehentasuna izango dute materialak lekuz aldatzeko baimenak ematerakoan. Derrigorrezkoa izango da lekuz aldatzeko baimenak ikerketa-lanak burutzeko direnean.

  4. – Materialak lekuz aldatzeko baimenean jatorrizko tokira zein epetan itzuli behar diren adieraziko da. Epeak ezin izango du inolaz ere bi urte gainditu.

  1. – Lekualdaketarako baimena espreski eman beharko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, aldez aurretik aurkikuntza gordailuan dagoen lurralde-museoko edo zentroko arduradunak txostena bidali ondoren.

  2. – Lekualdaketarako baimena emateko erabakian honako hauek zehaztu beharko dira: materialak zein tokitara eramatea onartzen den, zenbat denbora gehienez iraun behar duen gordailuak, garraiorako zein neurri hartu behar den, hala nola, gordailu-lekuan materialon kontserbazioa eta segurtasuna bermatzeko hartuko diren neurriak, komeni bada, arriskuak behar den legez estaliko dituen aseguru-poliza bat sinatuz.

  3. – Lekualdatzeko baimena ondorengo aginduen baldintzapean eskuratuko zaio ikertzaileari edo zabalkunde- nahiz zaharberritze-lanetarako izendatu den pertsonari:

    1. Lekuz aldatutako ondasuna zaintzeak eta erakusteak dakartzaten ohiko gastuei erantzun beharko die.

    2. Ondasunaren osotasunarentzat erabateko edo zatikako aldaketa suposatuko lukeen edozein proba zientifiko edo tratamendu debekatu egiten da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren berariazko baimenik ez badu.

    3. Materialek jasandako edozein aldaketaren berri eman beharko dio Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta noiznahi utzi beharko die materalien kontserbazio-egoera ikusten Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari edo honek baimendutako pertsonari nahiz materialak gordailuan jaso dituen jatorrizko herrialde-museoko edo zentroko arduradunari.

    4. Lekuz aldatutako ondasuna jatorrizko tokira itzuli beharko du Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eskatzen dion unean, lekualdaketarako baimena lortzean ezarritako neurriak beteaz, eta eman zitzaion gehienezko epea igaro gabe egon arren.

  4. – Aurreko idatz-zatian dauden aginduak betetzen ez badira, baimena indargabetuta geratuko da, lekuz aldatutako ondasunak berehala jatorrizko museo edo zentrora itzuli behar direlarik, dagozkien erantzunkuzinak garbitzeari utzi gabe.

Bakarra.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko urriaren 5ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.