Segurtasun Saila. Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Segurtasun Saila Euskadi.eus

Mahaiko kideen gida

Bozketa

Hauteslekua irekitzea eta bozketa hastea

9:00etatik 20:00etara bitartean egingo da bozketa, etenik gabe. Bozketa hazteko, hauteskunde-mahaiko lehendakariak honela esango du: "Bozketa hasiko da" - "Empieza la votación".

Bozketaren mekanika

Bozketarako, ondoren azaltzen diren pausoak jarraitu behar dira:

  • Hautesleak kabina erabiltzea boto-txartela hautatzeko.
  • Hautesleak, hala nahi badu, hauteskunde-kabinan sartuko da boto-txartela aukeratzeko, eta gutun-azalean sartuko du, jarraian hauteskunde-mahaira eramateko.

  • Hauteslea identifikatzea eta Mahaiko Hauteskunde Erroldan dagoen egiaztatzea.
  • Hautesleek bozkatzeko eskubidea izango dute, baldintza hauek betez gero:

    • Mahaiko Hauteskunde Erroldako zerrendetan agertu behar dute.
    • NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztu behar dute, eta beti jatorrizkoak izango dira, nahiz eta epea iraungita izan. Mahaiak beste agiri batekin identifikatzen uzten badio, hauteskunde delitupean eror daiteke, eta, kasu horretan, espetxealdi-zigorra edo isuna jaso dezake; edo, kasuaren arabera, administrazioko arau-haustea.
    • Ez da onartuko NANaren, pasaportearen edo gidatzeko baimenaren kopiarik, ez eta NANa berritzearen ordezkagiririk ere, titularraren argazkirik ez izateagatik. Halere, epea iraungita duen NANa bai onartuko dela.
    • Bozketa-egunean 18 urte beteta edukitzea.

Gainera, Mahaiko Erroldan agertzen ez den hautesleak botoa eman ahal izango du ondorengoak aurkezten baditu:

  • Erroldan alta eman izanaren gaineko erroldako ziurtagiria. Mahaiko Hauteskunde Erroldako zerrendetan agertzen ez bada, ziurtagiri horrek ordezka dezake, hautesleak hauteskunde-erroldan agertzeko duen eskubidea frogatzen baitu.
  • Dagokion epai judiziala, hautesleak Mahaiko Erroldan agertzeko duen eskubidea ziurtatzen duena.

Ezingo dute botorik eman hautesle hauek:

  • Posta bidezko botoa eskatu eta mahaian bertaratzen badira botoa ematera.
  • Botoa emateko ez dagokien mahaira joaten badira, hauteskunde-erroldaren arabera.
  • Beste baten izenean botoa ematera badoaz.
  • Boto-emailearen nortasuna argi ez badago, hauteskunde-mahaiko lehendakariak eta bokalek erabakiko dute botoa eman dezakeen ala ez, ziurtatzeko agiriak eta boto-emailearen lekukotza ikusita.
  • Erroldaren zerrendan agertzen diren hauteslearen izen-abizenak eta NAN agirian agertutakoak desberdinak badira, euskarazko ortografia gaztelerazkoarekin bat ez etortzeagatik, mahaiak ziurtatu behar du boto-emailearen nortasuna.
  • Beste Sailetako Erroldan agertzen diren Hauteskunde Mahaiko ikuskatzaileek botoa eman dezakete funtzioak bete behar dituzten mahaian, betiere, egiaztatutako mahaiari dagokion barrutiko hautesleak badira.
  • Ikuskatzaileek edo ahaldunek erreklamazioren bat egiten badute hautesleek botoa ematea galarazita duten kasuren batean, mahaiak gehiengoz erabakiko du, eta hartutako erabakia bilkura-aktan jasoko da.

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak hauteslearen botoaren gutun-azala mahaiko hautestontzian sartzea

Bozketa modu honetan egingo da:

Botoa isilpekoa denez, hauteslea, nahi izanez gero, hauteskunde kabinara joango da. Hautesleak irakurtzen ez badaki edo ezintasun fisikoren bat izanez gero, konfiantzazko norbaitekin joan daiteke botoa emateko eskubidea gauzatzera.

Braille bidezko bozketa

Hautesleak ikusmen-urritasunen bat badu, Braille sistema ezagutzen badu eta aldez aurretik botoa Braille sistemaren bidez ematea eskatu badu, botoa ematera joaten denean, hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozkatzeko beharrezko agiriak emango dizkio, Braille sisteman egongo direnak.

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak edo hauteskunde-mahaiko bokalek horrelakoetan gaitutako lekua erakutsi eta bertara joateko laguntza emango diote.

Hautesleak boto-txartela hautatuko du, gutun-azalean sartu, mahaira hurbilduko da eta hauteskunde-mahaiko lehendakariari aurkeztuko dio nortasuna egiaztatzeko agiria

Hauteskunde-mahaiko bokalek eta ikuskatzaileek, hala nahi badute, Hauteskunde Erroldako zerrendak egiaztatuko dituzte, eta, behar izanez gero, aurkeztutako errolda ziurtagiriak edo epai judizialak.

Behin hauteslearen nortasuna eta botoa emateko eskubidea egiaztatuta, hautesleak edo haren konfiantzazko pertsonak hauteskunde-mahaiko lehendakariari emango dio botoaren gutun-azala. Hauteskunde-mahaiko lehendakariak ozen esango du "botoa eman du", eta gutun-azala hautestontzian sartuko du.

Boto-emailea mahaiko zerrenda zenbakidunean idaztea.

Botoaren gutun-azala hautestontzian sartzeko unean, hauteskunde-mahaiko bokalek boto-emaileen izen-abizenak idatziko dituzte Boto-emaileen zerrenda zenbakidunean, bozkatzeko ordenaren arabera. Era berean, Hauteskunde Erroldako zerrendetan duten zenbakia adieraziko dute edo, bestela, "ZIURTAGIRIA" edo "EPAIA", botoa emateko eskubidea errolda ziurtagiri berezia edo epai judiziala aurkeztuz ziurtatzen bada.

Gainera, hautesleak ikus dezake bere izen-abizenak ondo idatzita geratu diren Boto-emaileen zerrenda zenbakidunean.

Bozketa garaian

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozketa eten dezake hautagai-zerrenda bateko boto-txartelak falta direla konturatzen bada. Eteteko arrazoiak behin zuzenduta, bozketari berriro ekingo zaio (Ikus Eskualdeko Udal eta Hauteskunde Batzordeetako telefono-zerrenda menuko "Hauteskunde-telefono interesgarriak").

Bozketa ordubete baino gehiago eten bada, bozkatzeko denbora zenbat luzatu behar den hauteskunde-mahaiko lehendakariak erabakiko du.

Bozketa bertan behera utziko da edo hasi gabe .geratuko da ezinbesteko kasuan Hauteskunde-mahaiko lehendakariak arrazoizko idatzia egingo du, eta horren kopia Lurralde Historikoaren Hauteskunde Batzordeari emango dio, alegatutako arrazoiak egiazta ditzan.

Bozketa bertan behera uzten bada, emandako botoak hautsiko dira.

Hautesleek hauteskunde-mahaiaren aurrean erreklamatzea.

Hautesleek hauteskunde-mahaiak hautesle baten bozkatzeko eskubidea egiaztatzeari uko egitean hautesle bati buruz zalantzak badaude baino ezin dituzte erreklamazioak egin. Hauteslea mahaiaren aurrean erreklamazioan tematzen bada, hauteskunde-mahaiko lehendakariak, jarrera hori uzteko eskatu ondoren, polizia-indarrei laguntza eskatu ahal izango die hauteslekua utz dezan.

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak ez du inolako kontsultarik onartu behar, bozkatzeko eskubidea gauzatzetik datozenak eta hautagai-zerrenden ikuskatzaileek edo ahaldunek egindakoak izan ezik. Hautesleek, hala badagokio, kontsultak Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari aurkez diezazkiokete. Hauteslea mahaiaren aurrean kontsulta onartzeko tematzen bada, hauteskunde-mahaiko lehendakariak, jarrera hori uzteko eskatu ondoren, polizia-indarrei laguntza eskatu ahal izango die hauteslekua utz dezan.

Mahaiko bozketa amaitzea

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak, 20:00etan, bozketa amaituko dela esango du, eta ez du beste inor hauteslekura sartzen utziko.

Era berean, han dauden hautesleei oraindik botoa eman gabe dauden galdetuko die, eta jarraian emango diren botoak onartuko ditu.

Posta bidezko botoa: irekitzea eta mahaiko hautestontzian sartzea

Bozketa 20:00etan amaitu eta gero, hauteskunde-mahaiko lehendakariak Espainian bizi direnen posta bidezko gutun-azalak aztertuko ditu, eta hauteskunde-mahaiko lehendakariari zuzendutako gutun-azalak posta bulegoko zigilua duen ziurtatuko du, horrek egiaztatzen baitu posta ziurtatu bidez bidalia izan dela. Gutun-azalak zigilurik ez badu, hautsi egingo da ireki gabe, horren aurka egin den kasuetan izan ezik; hau da, ados ez egoteagatik botoa haustearen aurka norbait azaldu denean

Horrez gain, Mahaiak atzerrian aldi baterako bizi diren pertsonen posta bidezko botoak ere jaso ditzake. Kasu horretan, egiaztatu behar da Mahaira zuzendutako gutun-azala Legebiltzarrerako hauteskundeak egin baino hiru egun lehenago bidali dutela gutxienez. Mahaiak posta bidezko boto hori irekitzean, frankeo-gastuak itzultzeko inprimakia gorde beharko du, 3 zenbakidun marroi koloreko gutun-azalean sartzeko.

ONARTUTAKO posta bidezko gutun-azalei dagokienez:

  • Mahaiari zuzendutako gutun-azala irekiko da, eta hauteslea erroldan inskribatuta dagoela ziurtatzen duen ziurtagiria aterako da.
  • Posta bidezko boto-emailea Hauteskunde Erroldako zerrendan dagoen eta posta bidezko botoa emateko eskaera egin duen egiaztatuko da.
  • Hauteskunde-mahaiko lehendakariak hautestontzian sartuko du boto-txartela duen gutun-azala, ireki gabe.
  • Posta bidezko botoa eman duten hautesleak Boto-emaileen zerrenda zenbakidunean sartuko dira.

Posta bidezko gutun-azalak EZ DIRA ONARTUKO kasu hauetan:

  • Botoa posta bidez eman duena Mahaiko Hauteskunde Erroldan ez badago.
  • Mahaiari zuzendutako gutun-azalean hauteslea Mahaiko Erroldan inskribatuta dagoela ziurtatzen duen inprimakia, dagokion Hauteskunde Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritzak ematen duena, ez badago.
  • Mahaiko Erroldaren zerrendan posta bidezko botoa emateko eskaera jasota ez badago.

Kasu horietan, botoa ez da hautestontzian sartuko eta ez da hartuko baliozko edo baliogabeko bototzat ezta boto zuritzat, hautsi egingo baita, aurka egiten zaionean izan ezik.

Zalantzak direla-eta, AURKA EGINDAKO gutun-azalei dagokienez:

Aurka egitea botoz boto egingo da. Hauteskunde-mahaiak gehiengoz erabakiko du aurka egite hori onartu ala ez.

Onartzen ez badu:

  • Hauteskunde-mahaiko lehendakariak hautestontzian sartuko du botoaren gutun-azala, ireki gabe
  • Era berean, mahaiari zuzendutako gutun-azala eta Hauteskunde Erroldako Bulegoko Probintziako Ordezkaritzak boto-emaileari egindako ziurtagiria gordeko dira hauteskunde-agiriekin batera jasotzeko. Halaber, mahaiaren akordioa eta botoari aurka egiteko arrazoia jasoko dira bilkura-aktan.

Onartzen badu

  • Boto-txartela duen gutun-azala ez da hautestontzian sartuko eta, mahaiari zuzendutako gutun-azalarekin eta hauteslea Mahaiko Erroldan inskribatuta egotearen ziurtagiriarekin batera gordeko da, Lurralde Historikoaren Hauteskunde Batzordeak kontra egitea aztertu eta ebatzi dezan.
  • Mahaiak kontra egindako botoa onartzen badu ez da boto baliagarritzat, baliogabetzat ezta zuritzat hartuko, boto-emailea ezin baita zenbatu, eta hauteskundeetako dokumentazioarekin batera gordeko da.

Hauteskunde-mahaiko bokalen, ikuskatzaileen eta, azkenik, hauteskunde-mahaiko lehendakariaren botoak

  1. Posta bidezko botoa egin ondoren, hauteskunde-mahaiko bokalek eta jarduneko barrutian hautesle diren ikuskatzaileek bozkatuko dute.
  2. Ikuskatzaileak Mahaiko Sailaren Erroldako zerrendetan ez badaude, Boto-emaileen zerrenda zenbakidunean adieraziko da zein hauteskunde-sailetakoak diren.

  3. Azkenik, hauteskunde-mahaiko lehendakariak emango du botoa, eta haren gutun-azala hauteskunde-mahaiko kide batek sartuko du hautestontzian.
    • Bozketa amaitutakoan, Mahaiko Boto-emaileen zerrenda zenbakiduna sinatuko dute hauteskunde-mahaiko bokalek eta ikuskatzaileek.
    • Boto-emaile guztiek eska dezakete Bozketaren ziurtagiria.
Nabarmenduak
Eginkizunei buruzko eskuliburua Egutegi berezia Salbuespenak Inprimaki elektronikoak Zure zalantzetarako testak
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza Azken aldaketa 2013/12/26
» Lege informazioa © 2012 - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Igo
Menu orokorra

Cookie-ak

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu bertan bisitarien jarraipena egiteko, erabiltzaileen esperientzia eta errendimendua hobetzeko. Webgune hau erabiltzean, zure gailuan cookie-ak gordetzea baimentzen duzu. 

Cookie-ak