Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko irailaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sestaoko (Bizkaia) udal-mugarteko La Naval eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 188
- Hurrenkera-zk.: 4154
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/09/09
- Argitaratze-data: 2025/10/03
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2023ko urtarrilaren 4ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria zenak, EAED-184INET espedientearen esparruan, Sestaoko (Bizkaia) udal-mugarteko La Naval eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zuen, kontuan hartuta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa.
Kontuan hartuta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa (211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena), Sestaoko Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, iragarkia argitaratuz 2023ko irailaren 12ko DEIA egunkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (2023ko irailaren 14ko BAO, 177. zk.) eta Sestaoko Udalaren webgunean. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, bete egin zuen ukitutako Administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea.
Sestaoko Udalak azaldu du jendaurreko informazioaren aldian ez dela alegaziorik aurkeztu, eta ukitutako Administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin egindako kontsulta-izapidean jasotako txostenak ere igorri ditu, administrazio-espedientean jasotako emaitzarekin eta edukiarekin.
2025eko maiatzaren 23an, Sestaoko Udalak eskaera egin zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Sestaoko (Bizkaia) La Naval eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko.
Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: Planaren behin betiko proposamena, 2025eko martxokoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2024ko martxokoa; eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako Administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko zenbait dokumentu.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen planak arautu behar dituzten oinarriak ezartzea eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatuko du, eta garapen jasangarria sustatuko. Horretarako, ingurumen-alderdiak bateratuko ditu planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko; neurriak ezarriko ditu, ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu, aukera ematen dutenak ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko, eta zaintza-, jarraipen-, eta zehapen-neurriak hartuko ditu ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Sestaoko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko bat egitearen bitartez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoak egitearen bidez eta eraginpeko administrazio publikoek eta herritar interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, baloratzen da ingurumenaren arloko alderdiak egoki txertatu direla planaren proposamenean; era berean, adierazpenak aipatzen du zer inpaktu nabarmen eragingo duen plan horrek ingurumenean, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Sestaoko (Bizkaia) udal-mugarteko La Naval eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, era honetan:
Planaren xedea da Sestaoko udalerrian orain gutxi arte La Naval ontziolak hartutako hiri-lurzoruaren antolamendu xehatua aldatzea.
Planaren xede den eremuaren azalerak 293.359,15 m2 ditu, eta La Naval ontziolako industria-instalazioak zeuden bertan, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldearen aldamenean. Desagertu egin denez itsasontziak eraikitzeko jarduera, indarrean dagoen hirigintza-plangintzak aurreikusten duen antolamendua zurrunegia da eta mugatu egiten du beste industria-jarduera batzuk ezartzea.
Eremuak erabilera bereizgarri hau izango du eta hirigintza-eraikigarritasunaren % 50 baino gehiago hartu beharko du: industria kategoriako erabilera produktiboa, 4. eta 5. azpikategoriaduna (Sestaoko HAPOn ezarritakoarekin bat etorriz).
Planak industria-ekoizpeneko erabilera izango duen eremu handi bat mugatzen du, 218.033,82 m2-ko azalerakoa. Eremuari, gehienez ere, 127.810,00 m2-ko hirigintza-eraikigarritasuna esleitu zaio, eta 116.904,71 m2-ko lurzati-okupazioa.
Produkzio-eremu horri 3 maila esleitu zaizkio:
maila; eraikingintza babestuan, eta 59.395,05 m2-ko azalerarekin. Maila honetan sartzen dira La Navaleko monumentu-multzoan mugatutako eraikinak, zeinak babes-araudiaren mende baitaude. Bi gunetan banatzen da; eremuaren mendebaldean bat, eta hego-ekialdean bestea. Aukera ematen da monumentu-multzoan sartutako bi ekoizpen-eraikinak handitzeko Astilleros del Nervión ontziolako makina- eta galdara-tailerra eta Sociedad Española de Construcción Naval enpresako tailer mekanikoa, maiatzaren 24ko 67/2022 Dekretuaren zehaztapenak errespetatuz (67/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez «La Naval» ontziola, Sestaon [Bizkaia] kokatutakoa, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu-multzoaren kategoriarekin).
maila, eraikingintza berrikoa; eremuaren zatirik handiena hartzen duen pastilla handi bat da. 156.204,39 m2-ko azalera du eremu honek. Gehieneko garaiera 22,00 m-koa izango da; salbuespen gisa, handitu egin daiteke gehieneko garaiera hori, industria-jarduera berezi bat garatzeko behar funtzional justifikatuak daudenean. Erabilera nagusiari lotutako bulegotarako pabiloiek gehienez lau solairu izango dituzte.
maila, 2.434,38 m2-ko eremuarekin. Aparkalekuetarako izango da; eremuak hegoaldean muga egiten duen industrialdearen espazio publikoaren inguruan dago.
Erabilera nagusia 4. eta 5. kategorietako ekoizpen industriala da. 1. mailako eremuan, bulego kategoriako hirugarren sektoreko erabilera onartzen da, industria jarduerari lotua, eraikin salbuetsian. 2. mailako eremuan, biltegien kategoriako erabilera produktiboa eta bulegoen kategoriako hirugarren sektorekoa onartzen dira.
Bestalde, eremuaren hegoaldean beste bide bat egitea proiektatu da, lehendik dagoen bide baten paraleloan. Horrela, bide-ardatz horren ahalmena bikoizteaz gain, sortuko diren lurzati berriak inguruan lehendik daudenetatik bereiztea lortuko da. Bide berria ekialderantz eta ipar-mendebalderantz luzatuko da, itsasadarrarekin bi konexio publiko berri sortzeko, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat; La Navaleko monumentu-multzoan babestutako kultura-ondasunetara iristea ere ahalbidetuko du.
Zuzkidura publikoko eremuekin osatzen da antolamendua; hau da, portu- eta ibai-komunikazioen sistema orokorrarekin, espazio libreen eta berdeguneen tokiko sistemarekin eta tokiko bide-sistemarekin. Espazio librearen eta berdeguneen erabilerarako tokiko sareari dagokionez, berdegune handi bat izango da, 15.253,63 m2-ko azalerarekin, antolamendua egituratuko duen bide berriak ipar-mendebaldera izango duen luzapenaren inguruan.
Planak hiru antolamendu-alternatiba aztertzen ditu: A, B eta C, alderdi hauek kontuan hartuta: lurralde-plangintza partzialaren zehaztapenak; «La Naval» ontziola babes bereziko kultura-ondasun gisa, monumentu-multzoaren kategoriarekin deklaratzearen zehaztapenak; kontuan hartu beharreko araudiaren arabera ezarritako zehaztapen kuantitatiboak; eta hiri-antolamenduko plan berezi honen memoriaren aurreko kapituluetan azaldutako ertz-baldintzatzaileak eta diseinu-oinarriak.
Analisiak erakusten duenez, A alternatiba izango litzateke aukerarik onena ebaluatutako hogeita bost parametroetatik hamabostetan; B alternatiba izango litzateke aukerarik onena hamaika parametrotan; eta C alternatiba, berriz, bost parametrotan. Zazpi parametrotan, ez dago besteen gainetik nabarmentzen den alternatibarik. Beraz, A alternatiba hautatu da.
Plana garatzeko, hauek egitea aurreikusten da: Hirigintza-jarduketako Programa, Birpartzelazio-proiektua, Urbanizazio-proiektua eta Birgaitze- eta eraikingintza-proiektuak.
Plana Sestaoko La Naval ontziolaren jarduerak guztiz eraldatutako lurzoruetan garatzen da, Sestaoko udal-mugartearen ekialdean, zati berezia eratzen dutelarik Ezkerraldeko itsasadarraren parean. Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez igarobide ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere.
Azaleko hidrologiari dagokionez, Planaren eremua kokatuta dago Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoan, Nerbioi barne-trantsizioko ur-masaren ondoan (ES111T068010 kodea), marearteko estuario atlantikoaren tipologiakoa; haren urte anitzeko egoera globala (2019-2023) «ona baino okerragoa» da. Eremua itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren eta horren bide-zortasun, babes-zorgune eta eragin-zortasuneko eremuen eraginpean dago.
Eremua biltegi antropogenikoen gainean dago, porositatearen bidezko batez iragazkortasun ertainekoak, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikia dutenak. Ikuspegi hidrogeologikotik begiratuta, eremua kokatuta dago hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean, eta ez dator bat ez lurpeko ur-masen sektoreekin, ez eta interes hidrogeologikoko eremuekin ere.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-zonek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute. Aurkeztutako dokumentazioan, espezie sorotarrek kolonizatutako lurraldeak aipatzen dira, bai eta lorategi-eremuak ere, non zuhaitz eta zuhaixka batzuk identifikatzen diren, hala nola evonimusak (Euonymous japonicus), beltxaleak (Ligustrum vulgare), Japoniako mizpirondoak (Eriobotrya japonica) eta palmondoak batzuk oso enbor-diametro handiekin, bai eta ondo kontserbatutako Indi gaztainondoen (Aesculus hippocastanum) eta erramuen ale batzuk ere. Ez da mehatxatutako flora-espezierik aurkitu, baina landare aloktono inbaditzaileen espezieak identifikatu dira, hala nola lila (Buddleja davidii) eta panpa-lezka (Cortaderia selloana).
Planaren eremuak muga egiten du bisoi europarraren (Mustela lutreola) espezie mehatxatuen Kudeaketa Planean hobetu beharreko tarteetako batekin. Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua kudeatzeko onetsitako planen xede den beste eremurik edo abifauna babesteko eremurik, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez izendatuak (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez dago ezer aipagarririk Nerbioi itsasadarrari lotutako komunitate iktiologikoari dagokionez, eta abifaunari buruzko ohar ugari aurkitu dira Lamiako hezegunean 2023an zehar, 82 espezierekin guztira (horietatik 27 estuarioarekin lotuta daude). Nabarmentzekoak dira, besteak beste, zangaluze ugari, hala nola txirri arrunta (Calidris alpina), txirritxo hankabeltza (Charadrius alexandrinus) edo txirri zuria (Calidris alba). Hala ere, Lamiako hezeguneko abifauna ez da eremukoarekin parekagarria, azken hori ingurune antropizatu eta desnaturalizatu batean kokatuta dagoelako. Bertan, hiri-periferiako edo industrialdeetako lursailetan aurkitzen diren espezieak daude, hala nola usapal turkiarra, pagausoa, mika arrunta, txolarrea eta antzekoak; baita paseriformeak ere, hala nola txirriskila arrunta (Serinus serinus), txantxangorria (Erithacus rubecula), kaskabeltz handia (Parus major), enara azpizuria (Delichon urbica) edo enara arrunta (Hirundo rustica). Eremuko ugaztunen artean daude, esate baterako, etxe-sagua (Mus musculus), arratoi arrunta (Rattus norvegicus), triku arrunta (Erinaceus europaeus) eta baita saguzar arrunta ere (Pipistrellus pipistrellus). Oro har, ez dago intereseko fauna-espezierik azterketaren esparruan.
Eremua, bestalde, katalogatuta dago Bilbo Metropolitanoko LPParen paisaia-katalogoko «Nerbioi, Bilboko itsasadar eta Txorierriko haranak eta hiri- eta industria-korridoreak» paisaiaren barruan; zehazki, Ezkerraldean (UP05). Paisaia balio txikiko hiri-paisaia industrialtzat jo daiteke. Katalogoak ikusmen-kalitate txikia esleitzen dio, paisaia-balio aipagarririk gabea, eta ikusmen-hauskortasun oso txikikoa, paisaia-aldaketak hartzeko eta bereganatzeko gaitasun handiarekin. «Barakaldo» izeneko eremuko ikuseremuak ez ditu paisaia aparteko eta bikainak erakusten.
Kultura-ondareari dagokionez, eremua bat dator La Naval ontziolaren Monumentu Multzoarekin, 67/2022 Dekretuaren bidez babestua (67/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez «La Naval» ontziola, Sestaon [Bizkaia] kokatutakoa, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu-multzoaren kategoriarekin). Monumentu-multzoan bi eremu bereizten dira: bata, multzoaren mendebaldean, zeinak hartzen baititu oinezkoen pasabidea, tailer mekanikoa, jantokien eta botika-kutxaren pabiloia, bulego nagusiak, zentral elektrikoa eta tailer mekanikoa, barneko trenbideak eta horien babes-eremua; bestea, lurzatiaren ekialdeko muturrean, zeinak hartzen baititu dike lehorrak eta makinen eta galdaren lantegia, elementu horien babes-eremua eta garabietako batzuk.
Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketak adierazten du KAHak gainditu egiten direla bai egungo, bai etorkizuneko egoeran, Vicinay eta Euskal Forging enpresen jardueragatik jarduera horiek bazeuden Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua indarrean jarri aurretik.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, azterketa-eremua bat dator uholdeak izateko arrisku handiko eremu batekin (ES017-BIZ-IBA-01 UHAE), eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko orbanen eraginpean dago. Uholde-eremuak daudenez, azterketa hidrauliko bat egin da. Azterketak ondorioztatzen du eremua uholde-eremuetatik kanpo geratuko dela harmaila-eremuak betetzen direnean. Harmaila-eremua bezala, lurzatiaren gainerako zatia ere uholdearen eraginetik kanpo kokatzen da, bai orain, bai etorkizunean.
Bestalde, Planaren eremua bat dator Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokaleku batzuekin; haien kodeak hauek dira: 48084-00027, 48084-00024, 48084-00050, 48084-00109 eta 48084-00099 (pasabidea). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 48084-00027 kodea duen kokalekuari dagokionez, lurzoruaren kalitateari buruzko azterketa bat, alternatiben azterketa bat eta borondatezko deskontaminazio-proiektu bat egin dira.
Beste ingurumen-arrisku batzuk kontuan hartuz gero, eremua urrun dago SEVESO arrisku kimikoa duten enpresetatik. Nolanahi ere, eremu osoa kokatuta dago hidrogeno fluoruro anhidroaren bidoiaren hausturaren ondoriozko hodei toxiko posibleari dagokion 10.000 metroko eragin-bandaren barruan.
Salgai arriskutsuen garraioarekin lotutako arriskuari dagokionez, eremutik gertu dagoen Bilbo-Santurtzi trenbidean hiru arrisku mota identifikatu dira: Bilboren eta Sestaoko geltokiaren arteko tartean arriskua ertaina da; geltokiaren eta Galindo ibaiaren artekoan, txikia; eta Galindo ibaitik aurrerako zatian, berriz, handia. Eremuaren zati handi bat kokatuta dago trenbidearen 600 metroko afekzio-bandaren barruan. Errepideko arriskuari dagokionez, eremutik gertu dagoen errepide-sareak (BI-728, Rivas kalea, San Ignazio kalea eta Kaiku kalea) arrisku oso txikia erakusten du; hala ere, oinezkoentzako pasabidea 200 metroko bandaren barruan dago, eta gainerako eremua 600 metroen barruan. Era berean, eremuan ez da identifikatu arrisku sismikorik edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko gunerik.
Bero-boladek giza osasunean duten inpaktuaren arriskua, bai eta itsas mailaren igoerak eragin dezakeen uholde-arriskua ere biak klima-aldaketarekin lotutakoak, arrisku ertain-handiko indizeetan sailkatzen dira.
Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta ondorioztatzen du nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 4ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideak barnean hartzea.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ziurtatuz ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila. Uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei, ziurtatu ahal izateko plangintza-prozesuan kontuan hartu direla balizko ingurumen-inpaktuak.
Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen beste jarduketarik, eta ez da detektatu Planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik.
Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera. Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
1. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak:
Planak antolatzen duen eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuak daudenez, bete egin beharko da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak eta berau garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa.
Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak eman beharko du ebazpena lur-mugimenduak egitea baimentzeko lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat egon den eta gaur egun jardunean ez dagoen leku batean, lur-mugimenduak egiteko gaitzen duten lizentziak edo baimenak eman aurretik. Beraz, eremuan obrei hasiera eman aurretik, bete egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak ezarritako zehaztapenak.
2. Kultura-ondarea babesteko neurriak:
Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenak ezartzen duenaren arabera, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikulua betez, Bizkaiko Foru Aldundiak baimendu egingo ditu La Naval ontziolaren Monumentu-multzoko elementu babestuen gaineko esku-hartzeak. Horrez gain, Planaren Araudia egokituko da Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenean ezarritako zehaztapen hauetara:
Plana garatzeko hirigintza-arauetatik kendu egingo da babestutako eraikinen gehieneko altuera % 10 handitzeko aukera ematen duen xedapena, Monumentu-multzoa Babesteko Dekretuaren aurkakoa baita. Aipatutako Babes Araubideko 7.4 artikulua betez, mantendu egingo da ondare higiezinaren bolumetria. Era berean, espazioen egitura eta konfigurazioa ere mantendu beharko dira, Babes Araubidean xedatutakoaren arabera.
Aukera ematen da ekoizpen-eraikinak handitzeko, baina maiatzaren 24ko 67/2022ko Babes Araubidearen 14.2 artikuluan zehaztutako moduan soilik (67/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez «La Naval» ontziola, Sestaon [Bizkaia] kokatutakoa, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu-multzoaren kategoriarekin).
Itxierak, hala badagokio, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldez aurreko baimenean ezarritako baldintzetan egingo dira.
Konfigurazio topografikoa errespetatu beharko da Monumentu Multzoaren babes-ingurunean (67/2022 Dekretuaren 3.6 artikulua).
Galtzada-harrizko zoladura eta trenbideen eta garabien desplazamendurako errailak zaharberritu beharko dira.
Bolumen eta lerrokadura berriak behar bezala integratuko dira ingurunean, bai kromatikoki eta bai paisaia-irizpideen aldetik.
Horrez gain, gomendatzen da pasabideko esku-hartzeak gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren irizpideen arabera egitea, eta jatorrizko materiala eta egitura bereizgarriak mantentzea.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturalaren Zerbitzuaren txostenaren arabera, Astilleros del Nervión ontziolako makina- eta galdara-tailer zaharreko naberik mendebaldekoena kontserbatuko da.
Era berean, eta Sestaoko Udaleko Hirigintza Zerbitzuaren argibide-oharrari erreferentzia eginez, honako hau zehazten da:
Makina- eta galdara-tailer zaharreko naberik mendebaldekoenaren zaintza bermatuko da.
Gehieneko lerrokadura baimenduko da eraikin berrirako eta makina- eta galdara-tailer zaharreko naberik mendebaldekoenerako.
Entitate sustatzaileak eta Sestaoko Udalak aurreikusitako birgaitzeak barne hartuko du makina- eta galdara-tailer zaharreko naberik mendebaldekoenari dagokion neurketa.
Nabe horren babesa jasoko da Bizkaiko Foru Aldundiaren errekerimendu sektorialari erantzunez, makina- eta galdara-tailer zaharreko naberik mendebaldekoena eraistea saihesteko.
Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa eta haren babes-eremua babesteko neurriak:
Uraren Euskal Agentziaren txostenean ezarritakoa betez (Erref.: IU-B-2024-0008), Plana alderdi hauen arabera garatuko da:
Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren DL-113-VI mugaketaren eta haren babes-zortasuneko eremuaren behin betiko onespenak baldintzatu egingo ditu Planak izango dituen mugak.
Kostaldeei buruzko Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, igarobide-zortasuna ezarriko da 6 metroko gunean, itsasertzaren barruko mugatik, eta gune hori zabalik utzi beharko da une oro, oinezkoen irtenbide publikorako eta jagoletza- nahiz salbamendu-ibilgailuentzako, modu berezian babestutako eremuetan izan ezik. Itsas pasealekuak egiteko ere okupatu ahal izango da. Gainera, Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorraren 52.6 artikuluan adierazitakoaren arabera, igarobide-zortasuneko gunea zabalik uzteko betebeharra lurzoruari nahiz lurgainari dagokie, eta erreferentzia egiten die zortasunaren eragingarritasuna eragozten duten erabilera guztiei.
Babes-zortasuneko gunean ezingo da egon eraikin edo instalazio berririk, baina mantendu ahal izango da industria-erabilera. Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko babes-zortasuneko gunean erabilerak eta jarduerak ezartzeak kontuan hartuko du Kostaldeei buruzko Legearen 24. eta 25. artikuluetan eta hura garatzeko Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorraren 45., 46., 47. eta 48. artikuluetan jasotakoa. 25. artikulua aplikatuko zaie, halaber, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko gunean proiektatutako hiri-zerbitzuen sareei, bai eta horien babes- eta igarobide-zortasuneko guneei ere, eremuaren ekialdeko zatian. Gainera, Kostaldeei buruzko Legearen 44. artikulua aplikatuz, itsasertzean ez da baimenduko kostaldearekiko paraleloak diren kolektoreak instalatzea, ez eta itsasertzetik kanpoko lehenengo 20 m-etan ere.
Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko babes-zortasuneko guneari eragiten dioten eta hirigintza-tresnan jasota dauden jarduketa guztiek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko administrazio-baimena beharko dute gauzatu aurretik.
Planak Kostako eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko kontsiderazioak jasoko ditu (Erref.: PLA01/23/48/0001-PLA02/01). Behin betiko onetsi aurretik, Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzari igorriko zaio, Kostaldeei buruzko Legearen 112.a) eta 117.2 artikuluetan xedatzen den txostena egin dezan.
4. Kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezin izango da gauzatu hirigintza-garapenik kanpoaldean kalitate akustikoko helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, eremua deklaratu beharko da Babes Akustiko Bereziko Eremuan. Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera.
Obrek iraun bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki hondeaketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.
Obrak egitean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoaren azterketa bat egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan analizatu beharko da zer onura akustiko lortzea espero den neurri zuzentzaileak aplikatuz, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
5. Plana garatzen den bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak:
Planaren garapenerako definitzen diren proiektuetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki, hauek:
Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; aldi baterako desbideratzeak; isurketak saihesteko prebentzio-neurriak; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarren lasaitasunerako kaltegarriak izan daitezkeen jardunak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.
Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.
Hondakinen kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edota, hala badagokio, hondakinak kudeatu behar dira aipatutako apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Sestaoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko legea.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatuko dira Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Planaren garapenak hiri-eremu zaharkitu bat birgaituko du. Eragina jasan dezaketen zenbait egituraren antzinatasuna dela-eta, eraispenak egitean arreta handiz jokatu beharko da, eta, amiantoa duen hondakinik antzematen bada, bete beharko dira otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.).
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ekidin egingo da makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea. Nolanahi ere, hondakinak bereziki olio erabiliak biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira, obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.
Airearen kalitatea babestea: garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: Planaren garapenean aurreikusitako Proiektuak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Ingurumena eta paisaia leheneratzeko, landare-espezie autoktonoak erabiliko dira, eremuko baldintza bioklimatikoetara egokituta daudenak eta gutxieneko mantentze-lana behar dutenak; bereziki, Planak ahalbidetzen duen 15.253,63 m2-ko berdegune handian, zeina antolamendua egituratzen duen bide berriaren ipar-mendebalderantz luzatzen den.
Espazio libreak landareztatzean, aintzat hartuko da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua.
Planaren eremuan, landaredi aloktono inbaditzaileko espezieak identifikatu dira, hala nola lila (Buddleja davidii) eta panpa-lezka (Cortaderia selloana). Protokolo bat prestatuko da espezie inbaditzaileak kontrolatzeko eta desagerrarazteko obra-fasean zehar sastrakak kentzeko egingo diren lanetan. Era berean, neurriak zehaztuko dira espezie horiek lur-mugimenduen ondorioz ez hedatzeko, eta jarraibideak ezarriko dira betelanetan eta lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.
Ez da inola ere erabiliko ahalmen inbaditzailea duen espezie aloktonorik. Bermatuko da leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzailearen propagulurik.
Erabiltzen den makineria garbitasun-baldintza egokietan egongo da, bermatzeko ez dela hedatzen espezie inbaditzaileak txertatzea ahalbidetu dezaketen landare edo hazien arrastorik.
6. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak:
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, erabiliko dira EAEko eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurriak eta jardunbide egokiak, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.
Edateko ura. Azpiegiturak hobetzea eta edateko uraren kontsumoa murriztea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Eraikinen barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitu edo kontserbatzea.
Paisaia. Instalazioak paisaian integratzea.
Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
7. Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak:
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak diseinatuko dira kontuan hartuta klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak.
Ingurumen-jarraipeneko plana.
Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Plana garatzeko proiektuetan, obrak egin bitartean zer kontrol egin behar diren zehaztu beharko da, bereziki uraren kalitateari, lurzoruen kalitateari, kalitate akustikoari eta kultura-ondarearen babesari buruz.
Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak, bai eta ingurumen-irizpideak ere, jasota daudenak 2023ko urtarrilaren 4an Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak emandako ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan.
Arreta berezia jarriko da hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea Sestaoko (Bizkaia) La Naval eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onesteko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotzen bada Plana onetsi gabe, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaitu egingo da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, salbu eta ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea erabakitzen bada. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Sestaoko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.