Arautegia

Inprimatu

97/2023 EBAZPENA, urriaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025eko aldian hainbat ekintza egiteko Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioaren hamabigarren aldiz aldatzea baimentzen duen erabakia argitaratzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 203
  • Hurrenkera-zk.: 4837
  • Xedapen-zk.: 97
  • Xedapen-data: 2023/10/18
  • Argitaratze-data: 2023/10/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, abuztuaren 29an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025eko aldian hainbat ekintza egiteko Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioaren hamabigarren aldiz aldatzea baimentzen duen erabakia onartu zuen, eta behar bezalako publizitatea emateko, hau

Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio autonomia-erkidego bat baino gehiagoren lurraldeak hartzen dituzten interes orokorreko herri-lanen trenbideen eta lurreko garraioen gaineko eskumen esklusiboa, hala xedatzen baitute Espainiako Konstituzioaren 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluek.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du erkidegoaren intereseko obra publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoa soilik hartzen duten trenbide eta lurreko garraioen gainean, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egiteko eskumenak eta lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gainekoak ere, hala xedatzen baitu Autonomia Estatutuaren 10.25, 10.31, 10.32 eta 10.33 artikuluek.

2006ko apirilaren 24an, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen, Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Adif Trenbide Azpiegituren Kudeatzailearen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria («Euskal Y»a) abian jartzeko beharrezkoak diren jarduketak garatzeko, Europako aurreikuspenei jarraikiz. Egun horretan bertan, lankidetza-hitzarmena bat sinatu zuten sinatzaile horiek beroiek, trenbide-sare berri hori eraikitzeko jarduketa zehatz batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari agintzeko.

Gobernu Kontseiluak, interes publikoak lortzeko eraginkorragoa izango zelakoan, 2006ko ekainaren 27an egindako bilkuran, erabaki zuen Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoari agintzea honako jarduera hauek egiteko: EAEko trenbide-sare berriaren («Euskal Y»aren) Gipuzkoako adarrean 2006-2010 epean eraikuntza-proiektuak idatzi, obrak zuzendu, laguntza teknikoa eman, desjabetzearen kudeaketarako bulegoa mantendu eta desjabetze-espedienteen kudeaketa-administratiboan laguntzea. Jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku utzi zituzten Sustapen Ministerioak eta Adifek, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez. Kudeaketa-gomendio horren barruan sartutako lanak 2010eko abenduan amaitu ziren.

EAEko trenbide-sare berria eraikitzeko lanak 2016an bukatzea aurreikusten zen.

Beraz, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzetan lanean jarraitu ahal izateko, Gobernu Kontseiluak, 2011ko uztailaren 12an egindako bilkuran, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari kudeaketa-gomendioa egin zion Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2016 epean egin beharreko zenbait lan egiteko, 141.810.000 euroko guztizko zenbatekoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko bereizitako zatien betetze-mailaren arabera, 2011ko uztailaren 12an onartutako kudeaketa-gomendioan aurreikusitako urteko ordainketak aldatu egin ziren, Gobernu Kontseiluak egun hauetan hartutako erabakiei jarraituz: 2011ko abenduaren 27an, 2013ko abenduaren 30ean, 2014ko uztailaren 29an, 2014ko abenduaren 30ean, 2016ko urtarrilaren 12an eta 2016ko irailaren 20an.

2017ko abenduaren 27an, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren aldaketa sinatu zuten Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Adif eta Adif-Abiadura Handia enpresa-erakunde publikoek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko zenbait lan egiteko emandako kudeaketa-gomendioari buruzko 2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren aldaketa ere.

2017ko abenduaren 27an sinatutako kudeaketa-gomendioaren hitzarmena aldatuta, eguneratu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenaren bosgarren klausula, eta barnean hartu dira Bergara eta Lezoren arteko zatia gauzatzeko kostuen gainean onartu eta aurreikusitako kontratu-gorabehera guztiak, horren barruan Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatia eta Donostiako geltokia barne hartzen duen zatia sartuta. Horrez gain, Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua eraikitzeko jarduketa berriak ere gehitzen dira, bai eta Bergara-Lezo zatiko hainbat lan ere (besteak beste, zati horretako tuneletan larrialdietako irteera berriak gauzatzea, eta mendi-mazelak egonkortzeko zein dauden iturburuetan izandako eraginengatik egin beharreko lehengoratze-lanak). Hori horrela, aurreikusitako kostua handitu da, eta 2.343,36 milioi eurokoa izango da (BEZa barne).

Azaldutako aldaketa horiek guztiak direla-eta (2017ko abenduaren 27ko hitzarmenaren aldaketetan jasota daude), zazpigarrenez aldatu behar izan da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emandako kudeaketa-gomendioa, eta aldaketa hori 2018ko martxoaren 6an onartu zen. 2018ko abenduaren 26an, 2020ko apirilaren 14an eta 2021eko ekainaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko proiektu eta obren bilakaera ikusita, aipatutako gomendioaren zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren aldaketak baimendu dira.

2021eko abenduaren 23an, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Administrador de Infraestructuras Ferroviarias sozietateak 2006ko apirilaren 24an sinatutako eta 2007ko abenduaren 27an aldatutako hitzarmenaren bigarren aldaketa eta luzapena sinatu zuten. Hitzarmen horretan, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko obrak egitea baztertzen da, indarrean dagoen hitzarmena beste 4 urtez luzatzen da eta exekuzio-kostuak eguneratzen dira.

Bigarren aldaketa eta 2021eko abenduaren 23an sinatutako luzapena kontuan hartuta, eta Red Ferroviaria Vasca/Euskal Trenbide Sareak planteatutako oharrekin bat etorriz, 2022ko uztailaren 26an, Gobernu Kontseiluak baimena ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025 epean egin beharreko zenbait lanen gainean Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa hamaikagarren aldiz aldatzeko. Horretarako, kontzeptu eta urteko ordainketa hauetan oinarrituta, proiektuak idazteari, obrak zuzentzeari eta proiektuak eta obrak zuzentzen laguntzeari dagokienez:

(Ikus .PDF)

Eta kontzeptu eta urteko ordainketa hauen arabera, obrak egitearekin lotuta:

(Ikus .PDF)

Red Ferroviaria Vasca/Euskal Trenbide Sareak (ETS), Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025 epean egin beharreko zenbait lan egiteko agindua jaso duen erakundea den aldetik, eta gomendio horretan xedatutakoaren arabera, aldian behin jakinarazten dio Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari bertan deskribatutako jarduketen garapena.

Ildo horretan, ETSk «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren egoerari buruzko txostena - Gipuzkoako adarra» txostenean (2023ko apirilaren 17ko eguneratzea) eta 2022ko abenduaren 31n aurkeztutako azken «Obren hiru hilean behingo txostena» n aurkeztutako dokumentazioan eta erakunde horrek azaldutako oharretan oinarrituta, beharrezkoa da aipatutako gomendioaren hamabigarren aldaketa izapidetzea, urteka beste birbanaketa bat egiteko eta indarrean dagoen aurrekontua eguneratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11.1.g) artikuluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku uzten ditu trenbideen gaineko egitekoak.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, 2023ko abuztuaren 29an egindako bilkuran, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau erabaki du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Aldatzea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioaren 6. puntua (Lanen balorazioa eta ordainketa). Kudeaketa-gomendio hori 2011ko uztailaren 12an onartu zen, eta, ondoren, aldatu egin zen 2011ko abenduaren 27an, 2013ko abenduaren 30ean, 2014ko uztailaren 29an, 2014ko abenduaren 30ean, 2016ko urtarrilaren 12an eta irailaren 20an, 2018ko martxoaren 6an eta abenduaren 26an, 2020ko apirilaren 14an, 2021eko ekainaren 1ean eta 2022ko uztailaren 26an, eta 2011-2025 aldian Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntzarekin lotutako zenbait jarduera egiteari buruzkoa da.

Bigarrena. Erabaki honen eranskinean jasota datoz aipatutako kudeaketa-gomendioaren aldaketa egiteko baldintza zehatzak.

Hirugarrena. Kudeaketa-gomendioaren aldaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

6. EGINDAKO LANAK BALORATZEA ETA ORDAINTZEA.

Gomendioan emandako lanen kostua, BEZa barne, 131.183.494,48 eurokoa da (horren barruan sartzen da proiektuak idaztea, obrak zuzentzea eta proiektu eta obrak zuzentzen laguntzea); eta hamabost urteko epea aurreikusi da horiek burutzeko, erantsita datorren taulan jasotako kontzeptu eta urteko ordainketen arabera.

Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.

(Ikus .PDF)

Obrak exekutatzearekin lotuta gomendioan emandako lanek, BEZa barne, 248.128.599,69 euroko balorazioa dute, eta zortzi urteko epea aurreikusi da horiek burutzeko, erantsita datorren taulan jasotako kontzeptuen eta urteko ordainketen arabera.

Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.

(Ikus .PDF)

Gomendioan emandako lanei lotutako konpromiso-kredituak, bai proiektuak idazteko, obren zuzendaritzetarako eta proiektu eta obren zuzendaritzei laguntzeko, bai obrak exekutatzeko, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen aurrekontuetan daude. Aurrekontu horiek, ETS zuzenbide pribatuko ente publikoa denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartzen dira, eta lege bidez onartzen dira aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.