Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

134. Durañonako bolatokia (Trapagaran)

8. ETAPA: PORTUGALETE • KOBARON

Bola-joko autoktonoa

Euskal Herriko kirol tradizionalak, hala nola aizkolaritza, idi probak, harrijasotzea edo sega-jokoa, landa girotik datoz, edo, gutxienez, landan eta mendian egindako lanetik eratorriak dira. Aisialdiko jarduera horiek zaletasun handia piztu dute; izan ere, alderdi ludikoak, irabaziari dagozkionak (apustuak) eta aurreko markak edo errekorrak gainditzeak sortzen duen ikusmira uztartzen ditu.

Euskal Herrikoak soilik ez ziren beste kirol batzuk ere egin dira, edo eremu geografiko zabalagoetara zabaldu zirenak ere, hala nola pilotaren modalitate ezberdinak. Talde horretan, azkenean, galdu egin da bolen kirolaren garrantzia eta hedapena, nahiz eta Euskal Herriko herri askotan oraindiz ere ikus daitezkeen bolatoki tradizionalak, askotan, elizaren teilatu-hegalaren azpian.

Ezkerraldeari dagokionez, XIX. mendearen amaieratik kirol honetan jokatzeko modu berezi bat ezagutzen da. Nahiz eta bola-jokorik ohikoena galeria itxurako pista luze batean egiten den, non boloak mutur batean kokatzen diren eta jaurtitzailea bestean, Bizkaiko mendebaldeko antzinako elizateetan espazioa eta joko-arauak desberdinak dira. Mota honi bola-jokoa katxete erara deritzo, lehenengoaren aldean, pasabolo izenekoa.

Desberdintasunetako bat da zelaia zirkuluerdi-formakoa dela, eta zorua ondo moztutako belarrez egina dagoela, bolak errazago pirritan joan daitezen. Gainera, piezak, zeintzuen kontra bola botatzen den, ez dira luzangak, esferikoak baizik. Helburua piezak zelaian zehar proiektatuta ateratzea da, eremuaren zati bakoitza modu erradialean mugatzen duten lerroak gaindituz. Eremu bakoitzean geratzen den bola kopuruaren arabera puntuazioa ezartzen da. Jaurtitako bolak ere lehen lerroa gainditzea da puntuatzeko baldintza.

Trapagarango udalerrian dagoen karrejo hau (izen horrekin ezagutzen dira zelaiak), Ezkerraldean ezagutzen diren dozenen arteko bat da, eta 1995ean eraiki zen. Azpiegitura sinplea da, eta ez du eraikuntza-konplexutasunik; beraz, eremu mota horien balioa honetan datza: gaur egun, espazio horietan jokatzen da bola-jokoa katxete erara, eta kirol tradizionaleko modalitate hori desagertzeko bidean zegoen, eta berreskuratu egin da. Euskal ondare immaterialeran parte den jarduera baten agertokia da.

Partekatu

unesco