Toki-esparruan osasuna sustatzeko partaidetza-proiektuak garatzeko laguntzak 2025

[toki-eremuan-osasuna-sustatzeko-programak]

Deskribapena


Xedea

  • 1. – Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea, ekintza komunitarioaren bidez osasuna toki-mailan sustatzera bideratutako proiektuak gara ditzaten.
  • 2. – Laguntza hauen helburua da 2025eko urtarriletik abendura bitartean egindako partaidetza‑proiektuak finantzatzea, honako helburu hauek dituztenak:
    • Espazio berean bizi direnen bizi-baldintzak hobetzea.
    • Osasuna eta ongizatea hobetzeko prozesuetan ekintza indibidualeko eta kolektiboko gaitasunak sustatzea.
    • Loturak eta gizarte-kohesioa indartzea, kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboak barne hartuta.

Parte-hartze osasungarrirako gida (PDF, 7 MB): Gida honek ebidentzian oinarritutako jarraibide eta gomendio batzuk eskaintzen ditu, prozesu parte-hartzaileak hobetzen laguntzeko, osasun eta ongizate komunitarioaren ikuspegitik.

Aurrekontuko zuzkidura

250.000 euro

Prestazio ekonomikoa

1. – Diruz lagundu ahal izango dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten gastuak, 1. oinarrian jasotako dirulaguntzaren xedea eta helburua betetzen dutenak eta behar-beharrezkoak direnak. Diruz lagundu daitezke honako gastu hauek:

  • a) Materialak.
  • b) Profesionalak.
  • c) Publizitatea eta komunikazio-jarduerak.

2.- Honako gastu hauek, berriz, ez dute dirulaguntzarik jasoko:

  • a) Agindu honen 1. oinarrian jasotako xedea eta helburuak betetzen ez dituzten gastuak.
  • b) Diruz lagundutako jarduerari argi erantzuten ez dioten gastuak, behar-beharrezkoak ez direnak, edo agindu honetan ezarritako epetik kanpo egiten direnak.
  • c) Langile-kostuak ordaintzera bideratutako gastuak, langile-egiturak sortzea edo haiei egonkortasunez eustea dakartenak.
  • d) Osasuna sustatzeko partaidetza-proiektu batean sartzen ez diren jarduera puntualak egitea helburu bakartzat duten jarduerak.
  • e) Finantza-gastuak.
  • f) Inbertsio-gastuak.
  • g) Administrazio-lizentziak.
  • h) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
  • i) Laguntzaren xedearekin edo jarduera egitearekin bat ez datozenak, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak direnak.
  • j) Banku-kontuetako interes zordunak.
  • k) Prozedura judizialen gastuak, salbu eta prozedura horiek diruz lagundutako jardueraren parte garrantzitsua direnean.
  • l) Zeharkako zergak, berreskuratu edo konpentsatu daitezkeenean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

3.– 4. oinarrian zehaztu ez diren gaiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, oinarrizko legedi gisa.

Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak

1.– Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez ditu muga hauetako bat ere gaindituko:

  • a) Eskatutako zenbatekoa.
  • b) Diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 75.
  • c) Proiektu bakoitzeko 7.000 euro.
  • d) 13.000 euro entitate onuradun bakoitzeko, proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero. Entitate bereko proiektu bat baino gehiago esleipendun suertatuz gero, puntu gehien dituenari emango zaio lehentasuna.

2.- Lehen esleipenaren ondoren, muga horiekin deialdi honetarako aurrekontu-zuzkidura agortuko ez balitz, gainerako zenbatekoa honela banatuko litzateke: gehieneko mugak aldatuko lirateke, diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100 arte; proiektu bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa eta erakunde onuradun bakoitzeko 18.000 euroko zenbatekoa. Kopuru hori esleipenean lortutakoari gehituko litzaioke.

Ordainketa-modua:

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

  • a) % 70, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 oinarrian ezarritako epean.
  • b) Gehienez % 30eko mugarekin, 2026an ordainduko da gainerako zenbatekoa, egindako gastuen justifikazioa likidatu ondoren dagokiona, agindu honen 14. oinarrian xedatutakoaren arabera.

2.- Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuraduna zorduna bada dirua itzuli behar duela dioen ebazpen baten ondorioz; baldintza hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa– 4. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatuko da.

Nori dago zuzenduta


Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateak, tokiko organismo autonomoak eta tokiko merkataritza-sozietateak.

Betekizunak

  • Baldintza hauek bete beharko dituzte tokiko merkataritza-sozietateek: kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko, eta merkataritza-erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea.
  • Entitate onuradun izatera iristeko eta egoera horri eusteko, entitateak beteta izan beharko ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, eta ez da egon beharko Batzordeak legez kanpokotzat edo bateraezintzat jotako laguntzen berreskuratze-agindu baten mende, gauzatzeke dagoena
  • Entitateek 2.oinarrian xedatzen diren betekizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dituzte betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.
  • Ezin izango dira entitate onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan jasotako egoeraren batean daudenak.
  • Ez zaie dirulaguntzarik emango LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duten erakundeei, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera (Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko Legea).
  • Erakunde onuradunen betebeharrak

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Osasuna / Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetza > Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Osasuna > Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetza

Kontaktu-informazioa


ARABA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 945 017157

BIZKAIA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 944 031577 - 944 032430

GIPUZKOA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 943 022717

Eusko Jaurlaritzako Egoitza Nagusia - 945 019203

Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Kodea

0088617

Eskaerak aurkezteko epea


Aurkezteko epea: 2025eko urriaren 20ra arte

Dirulaguntza eskaria on-line egin behar da, aurkeztu beharreko agirien jarraibideetan deskribatzen den dokumentazioarekin batera. Izapidetzearen jarraipena, "Nire karpeta"atalean egin behar da.

  • 1. Eskabide bat aurkeztuko da proiektu bakoitzeko, eta eskabide bat baino gehiago aurkeztu ahal izango da erakunde bakoitzeko.
  • 2. Eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira 20. oinarrian adierazitako sarbide zuzenaren bidez.
  • 3. II. eranskinean  (DOCX, 102 KB)zehazten dira eskabideek jaso beharko dituzten datuak. Datuak eskabide elektronikoaren inprimakian aurkeztuko dira, orri honetako 8. puntuaren azpian dagoen "Eskaera" botoiaren bidez.

  • 4. Eskabideetan gutxienez honako datu hauek agertuko dira:
    • a) Entitateareneta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurraldea/probintzia, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak (10. oinarrian daude zehaztuta).
    • b) Proiektuaren izenburua.
    • c) Harremanetarako pertsonaren datuak.
    • d) Proiektuaren deskribapen teknikoa:
      • 1. Proiektuarekin lortu nahi den emaitza/eragina:
        • a. Jokabide indibidualak/kolektiboak aldatzea, osasuna hobetzeko.
        • b. Pertsonen ingurune fisikoen, sozialen eta kulturalen baldintzak aldatzea, ongizatea eta osasuna sustatzeko.
        • c. Erabaki osasungarriak hartzea errazten duten arauak eta politikak aldatzea.
      • 2. Erdietsi nahi diren helburu zehatzak.
      • 3. Ekintza-plana. Nola jokatuko den helburuak erdiesteko:
        • Zer ekintza egingo diren.
        • Nork eramango dituen aurrera.
        • Nola ezarriko diren.
        • Noiz eta zenbat denboraz. Denbora-plangintza (kronograma).
      • 4. Nola ebaluatuko den proiektua (Ebaluazio-proposamena):
        • Ekintza plana. Zer sistema erabiliko den jarraipena egiteko.

        • Zer sistema erabiliko den ezarritako helburuak erdietsi diren baloratzeko.
      • 5. Zabalkunde-plana (hitzaldiak, partaidetza sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, hedabideetan publizitatea egitea).
    • e) Proiektuaren partaidetza-maila deskribatzea:
      • 1. Proiektua diseinatzeko fasean.
      • 2. Proiektua ezartzeko fasean.
      • 3. Proiektua ebaluatzeko fasean.
    • f) Proiektua garatzean ekitate-ikuspegia aplikatzea.
    • g) Jarduera gauzatzeko epea.
    • h) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, proiektuaren finantzaketa-iturriak (adibidez, erabiltzaileen kuotak) eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuk.
    • i) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.
  • 5. Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
    • a) Onespen-akordioa, hau da, eskatu den dirulaguntzaren xede den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta proiektu osoa egiteko aurrekontu-partida, bestetik.
    • b) Proiektuan parte hartu izana justifikatzen duen azalpen-agiriak, inplikatutako eragileek sinatua. Agiri horrek honako hauek jaso beharko ditu: proiektua egiteko konpromisoa jasotzen duen agiria/akta, eragileak eta jardueren kronograma.
    • c) Entitate eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gain, jarduketa gauzatuko den udalerriko edo udalerrietako osoko bilkuraren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori entitate horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.
    • d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den agiri osagarri oro.
  • 6. Eskabideak aurkezteko epea 2025eko urriaren 20an amaituko da.
  • 7. Eskabidea aurkezten duenak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:
    • a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.
    • b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20. oinarrian aipatutako ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.
  • 8. Erakunde eskatzaileak eskabidea eta gainerako agiriak aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar du. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezartzen duenari jarraituz.

1. Dokumentazioa formatu digitalean prestatu.

2. Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoa izan behar duzu.

3. Nire karpetara sartu.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea 4 hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketa

Isilbidearen ondorioak

Ez onartzea

Dirulaguntzaren justifikazioa


Aurkezteko epea: 2026ko martxoaren 2ra arte

1. Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematiko bat bete beharko da. Eskuragarri dago 20.oinarrian zehazten den «Nire karpeta» atalean.   

2.  Justifikazioek jaso beharko dituzten datuak justifikazio-formularioa (DOCX, 55 KB) dokumentuan zehazten dira.

3. Justifikazioetan honako datu hauek agertuko dira gutxienez:

  • a. Proiektuaren izenburua eta espediente-zenbakia.
  • b. Proiektua gauzatzeari buruzko memoria.
    • 1. Egindako jarduketen deskribapena:
      • Zer lortu den proiektu honekin (inpaktua).
      • Nola lortu den inpaktua: Arauak/politikak egokituz, ingurune/giro fisiko, sozial eta kulturalen baldintzak hobetuz, pertsonak gaituz.
      • Erdietsi diren helburu zehatzak.
      • Zer ekintza gauzatu da helburuak erdiesteko:
        • Zer egin den.
        • Nork egin dituen ekintzok.
        • Nola ezarri diren.
        • Noiz eta zenbat denboraz. Denbora-egikaritzea (kronograma).
        • Gastuaren deskribapen zehatza, kontzeptuen arabera banakatua.
    • 2. Proiektuaren ebaluazio:
      • Proiektuaren jarraipena: Nork, nola eta noiz egin duen jarraipena.
      • Nola neurtu den helburuak erdietsi izana.
      • Zer hobekuntza-ekintza identifikatu diren etorkizunari begira.
    • 3. Proiektuak fase bakoitzean duen partaidetza-mailaren deskribapena (diseinua, ezarpena eta ebaluazioa).
      • Toki-administrazioaren departamentuak.
      • Beste organismo eta zerbitzu publiko batzuk:
      • Xede-biztanleria, udalerriko taldeak edo elkarteak.
      • Zer neurri zehatz hartu diren komunitate osoaren parte-hartzea bultzatzeko.
      • Zer komunikazio-metodo erabili diren biztanle-taldeek proiektuan sartzeko.
    • 4. Proiektua garatzean, ekitate-ikuspegia aplikatzea:
      • Proiektua nola bideratu den biztanleria orokorrarengana, eta zer ekintza egin diren biztanleria-talde desberdinak proiektuan sar daitezen.
      • Nola lehenetsi diren komunitatean dauden biztanleria-talde hauetako bat edo batzuk: Diru-sarrera txikiak dituztenak, hezkuntza maila edo maila sozioekonomikoa dutenak, emakumeak, adinekoak edo haurrak, gutxiengo kulturalak, isolamendu geografiko, urbanistiko edo arkitektonikoren bat dutenak, desgaitasun fisikoa, intelektuala edo osasun mentaleko arazoak dituztenak, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak.
    • 5. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko erabilitako estrategiak, eta, bereziki, jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean euskararen erabilera bermatzekoak: Euskararen erabilera eta sustapenaren deskribapena.
  • c. Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena; hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.
  • d. Gastu-egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoa egingo duena, eta honako hauek adierazi beharko dira: agiriaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egotzitako ehunekoa. Gastuen egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
4. Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
  • a) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-entitateko idazkariarena edo entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.
  • b) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopia autentikoak, toki-entitateko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Agiri horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dela, eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.
  • c) Proiektua gauzatu dela justifikatzen duen agiri osagarria: material grafikoa, bileren aktak edo sortutako beste ebidentzia batzuk.
5. Dirulaguntza eman aurretik sortutako gastuak dirulaguntzaren kontura justifika daitezke, baldin eta gastu horiek jardueren kostu errealak eta diruz lagundutako jardueren barruko kontzeptuak badira, eta, horrez gain, 2025. urtean sortutakoak badira.
6. Egiaztagiriak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 2an amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.
7. Dirulaguntza egiaztagiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira 20. oinarrian azaltzen den moduan.
8. Gizonen eta emakumeen egoeran duen inpaktuaren berri izateko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.
9. Oinarri honetan zehaztu ez diren gaiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 2. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

 

Beste tramite batzuk