Arautegia
Inprimatu220/2025 DEKRETUA, azaroaren 11koa, zeinaren bidez aldatzen baita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 233
- Hurrenkera-zk.: 5139
- Xedapen-zk.: 220
- Xedapen-data: 2025/11/11
- Argitaratze-data: 2025/12/02
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak
Testu legala
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 18. artikuluak ezartzen duenez, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzaren mende eta sailburuordetza horri atxikitako zuzendaritza bakoitzaren mende, lurralde historiko bakoitzean Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren lurralde-ordezkaritza bat egongo da, eta lurralde-ordezkari bat izango da haren buru.
Hala ere, zenbait hilabete igaro eta ezin izan direnez lurralde-ordezkariaren lanpostuen dotazioak sortu, sailaren egitura benetako egoerara egokitu behar da, eta horretarako, aipatutako organo horiei dagozkien artikuluak indargabetu behar dira, eta indarrean dauden organoen artean eskumenak banatu.
Gainera, 320/2024 Dekretua aplikatu denean ikusi da eskumen batzuk birbanatu egin behar direla, Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzari eta Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkien esparru materialetara hobeto egokitzeko.
Azkenik, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren laguntza-programak erregulatzen dituzten arauak aldatzen dira, aipatutako 21. artikulu horren edukira egokitzeko.
Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu eta Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
Honela geratzen da idatzita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 2. artikulua:
Aurreko artikuluan aipatzen diren eskumenak baliatzeko, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak honako organo hauek ditu:
Organo zentralak:
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua.
Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.
Zerbitzu Zuzendaritza.
Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren Zuzendaritza.
Ongizate Sailburuordetza.
Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritza.
Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza.
Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoa.
Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza.
Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritza.
Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza.
Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritza.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari atxikita edo lotuta daude, haien sortze-arauetan ezarritakoaren arabera, kide anitzeko organo hauek:
Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoa, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen bidez sortua eta martxoaren 30eko 101/2010 Dekretuak arautua.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen bidez sortua eta ekainaren 13ko 124/2006 Dekretuak arautua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa, Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legean aurreikusia eta abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuak arautua.
Haur eta Nerabeentzako Erakundearteko eta Sektorearteko Organoa, Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legeak sortua.
Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua, Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legean aurreikusia.
Haur eta Nerabeen Foroa, Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legeak sortua.
Boluntariotzaren Euskal Kontseilua, Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen bidez sortua eta otsailaren 18ko 30/2003 Dekretuak arautua.
Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua, azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuak arautua.
Familiaren Euskal Kontseilua, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen bidez sortua eta apirilaren 17ko 53/2012 Dekretuak arautua.
Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea, Familia Bitartekaritzako otsailaren 8ko 1/2008 Legearen bidez sortua eta apirilaren 21eko 84/2009 Dekretuak arautua.
Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroa, maiatzaren 9ko 67/2023 Dekretuaren bidez sortua.
Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia, abenduaren 11ko 283/2012 Dekretuak arautua.
Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren bidez sortua.
Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren bidez sortua.
Euskadiko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoa, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen bidez sortua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordea, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen bidez sortua.
Euskadiko Erlijioen Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legearen bidez sortua.
Honela geratzen da idatzita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 5. artikulua:
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeei dagokie, zuzenean eta hierarkian sailburuaren mende daudela, oro har, eskumen hauek baliatzea:
Jaurlaritzaren estrategiaren arabera, sailak sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea.
Sailburuordetzaren eta haren mende dauden zuzendaritzen jarduerak programatu, zuzendu, bultzatu, gainbegiratu eta koordinatzea, bai eta mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea ere.
Eragin soziala aztertzea eta sailburuordetzako zuzendaritzen helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapenak zehaztea.
Sailburuordetzaren araudia eta jarduera-planak proposatzea sailburuari.
Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen beharrak zehaztea, aurrekontuen aurreproiektua egiteko.
Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea, salbu eta ebaztea sailburuari badagokio.
Sailburuordetzaren eskumeneko esparruetan saileko hizkuntza-normalizazioaren erantzukizuna hartzea eta euskararen erabilera sustatzea zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat etorriz.
Sailean eta eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.
Sailburuordetzaren jardun-arloari dagozkion laguntza-programak ebaztea, baldin eta ebazpen-proposamena egitea sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzek badute esleituta, eta bestelako programak ebaztea, baldin eta araudiak berariaz hala ezartzen badu.
Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzek edo horiei atxikitakoek kudeatutako behatokien jarduera koordinatzea.
Estatuko, autonomia-erkidegoetako, foru-aldundietako eta toki-entitateetako organo eskudunekin harremanak izatea, gaiaren arabera.
Eta, oro har, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien egiteko guztiak.
Honela geratzen da idatzita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 6. artikulua:
Saileko zuzendariek, oro har, eginkizun hauek izango dituzte:
Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.
Zuzendaritzaren jarduerak bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.
Kontratazio-organoei laguntza teknikoa eta materiala ematea eta bultzatzea.
Zuzendaritzako gaiekin zerikusia duten zehapen-espedienteak bideratzea, baldin eta zehapen-espedienteak sailburuak hasi eta ebatzi behar baditu.
Zuzendaritzari dagokion jardun-eremuan, ofizioz berrikusteko eta kaltegarritasun-deklarazioko prozedurak izapidetzea.
Eskumeneko gaietan, goragoko organoei proposamenak egitea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin lankidetzan arituta dagokion zuzendaritzarekin zerikusia duten estatistikak eta azterlan orokorrak diseinatzen eta egiten.
Zuzendaritzaren jardun-arloan, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eginkizun hauek betetzea: Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea, hala nola itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako ekitaldi publikoak, eta irizpide horien jarraipena egitea; kudeaketa-plana onartzea, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera; hizkuntza-irizpideak kontratazio publikoan eta dirulaguntzen deialdietan sartzea proposatzea, Gobernu Kontseiluaren 2023ko ekainaren 6ko Erabakian aurreikusitakoaren arabera (erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartzen dira).
Zuzendaritzaren jardun-arloko laguntzen informazioa ematea, eskabideak jasotzea eta laguntzak kudeatzea.
Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Jaurlaritzako zuzendariei atxikitzen zaizkienak.
Honela geratzen da idatzita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 11. artikulua:
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzari:
Gizarte-zerbitzuen arloko analisiak eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen eta, oro har, gizarte-zerbitzuei buruzko araudiaren erregelamendu bidezko garapenerako araudi-proposamenak egitea.
Gizarte-zerbitzuen arloko prestazioak eta zerbitzuak kudeatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legeak ezarritako baldintzetan, eta, bereziki, honako hauek: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzua, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta ematen dieten profesionalei aholkularitza eta arreta emateko kudeaketa integratua, eta genero-indarkeriaren biktimentzako ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoen kudeaketa, ebazpena eta ordainketa; telelaguntza-zerbitzua; familia-bitartekaritzako zerbitzu integrala; Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen 19. artikuluaren esparruan aurreikusitako orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzu telefonikoa edo telematikoa.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa garatzea.
Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra eta Bitartekarien Erregistroa kudeatzea eta mantentzea.
Gizarte-zerbitzuen plangintza eta ebaluazio orokorra egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritakoaren arabera.
Zeharkako politikak garatzen laguntzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen eta gizarte-ongizatearen eremuko jarduerak garatzen laguntzea ere.
Gizarte-zerbitzuetako profesionalen prestakuntza eta kualifikazioa sustatu eta bultzatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritako baldintzetan.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eta trantsizio sozial eta demografikoari laguntzeko politikak egokitzera bideratutako gizarte-berrikuntza bultzatzea, eta gizarte-berrikuntzako euskal ekosistema hedatzea gizarte-zerbitzuen eta -politiken eremuan, egungo gizarte-erronkei erantzuteko, administrazioek eta gizarte zibileko eragileek elkarrekin lan eginez.
Organo hauei babesa eta laguntza ematea: Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua; Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoa; Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea; Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua, betiere osasun-arloko eskumena duen sailarekin koordinatuta.
Fundazioak gobernatzea, ordezkatzea eta administratzea, baldin eta gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailaren bitartez Eusko Jaurlaritza fundazio horien patronatuko kide bada.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren funtzionamendua zuzendu eta antolatzea.
Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimen seme-alaba umezurtzentzako laguntza ekonomikoak kudeatzea.
Sexu-indarkerien biktimentzako laguntza ekonomikoak kudeatzea, ebaztea eta ordaintzea, salbu eta araudi espezifikoak eginkizun horietakoren bat beste organo bati esleitzen badio.
Gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko eskumenak baliatzea, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 136. artikuluan xedatutakoaren esparruan, eta lehen aipatutako laguntzei aplikatu beharreko gainerako lege- eta erregelamendu-xedapenen esparruan.
Euskal Autonomia Erkidegoan "gizarte-bonu termikoa" kudeatzea, ebaztea eta ordaintzea, salbu eta araudi espezifikoak eginkizun horietakoren bat beste organo bati esleitzen badio.
Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen martxoaren 22ko 50/2016 Dekretuan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari esleitzen zaizkion eginkizunak betetzea.
Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemako zentro eta zerbitzuetako profesionalen salbuespenezko gaikuntzaren kasuak egiaztatzen dituzten ziurtagiri indibidualak ematea, lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko.
Familia zaintzaileei eta adinekoei laguntzeko eta bizitegi-bazterketa larria saihesteko neurriak ezartzeko eta garatzeko tresna estrategikoak bultzatzea, bai eta desgañitasen duten pertsonek bizimodu independentea eta bizi-kalitatea izan dezaten bultzatzea ere.
Honela geratzen da idatzita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 12. artikulua:
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzari:
Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategia ebaluatzea, eguneratzea eta hedatzea.
Hirugarren Sektore Soziala eta lankidetza publiko-soziala indartzea.
Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari babesa eta laguntza ematea.
Boluntariotzaren Euskal Kontseiluari babesa eta laguntza ematea.
Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren funtzionamendua zuzendu eta antolatzea.
Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena sustatzea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartuta ez dauden prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta jarduerak egiteko laguntzak kudeatzea, gainerako zuzendaritzekin koordinatuta.
Ekintza Komunitarioa bultzatzeko sare bat diseinatu, abiarazi, komunikatu, sustatu, koordinatu eta dinamizatzea.
2025-2028ko Boluntariotzaren Euskal Estrategia ebaluatzea, eguneratzea eta hedatzea.
Ekintza boluntarioa eta boluntarioen antolakundeak eta agentziak bultzatzea.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Errolda eta Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra kudeatzea eta mantentzea.
Gizarte-zerbitzuen arloko irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko erakunde deklaratzeko prozedurak bideratzea, eta prozedura horiek ebazteko proposamenak egitea.
Indargabetu egiten da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 18. artikulua.
Indargabetu egiten da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren 2. apartatua.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 16ko 155/2017 Dekretuaren 33. artikulua aldatzea.
Honela geratzen da idatzita Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 16ko 155/2017 Dekretuaren 33. artikulua:
Izatezko bikoteen arloan eskuduna den zuzendariak ebatziko du izatezko bikotea eratzeko edo ezerezteko deklarazioa nahiz bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna inskribatzeko eskaera onesten ala ezesten den, edo eskaera artxibatzea, eskabidean atzera egin bada.
Hiru hilabete izango dira, gehienez ere, eskabideak ebazteko, eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoan sartzen den egunetik aurrera, eta ezertan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluan jasotako ebazteko gehieneko epea etetea.
Ebazteko epea igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bazaio interesdunari edo interesdunei, eskabidea baietsi egin dela joko da.
Genero-indarkeriaren biktima den pertsona batek berak bakarrik izatezko bikotea eratzeko deklarazioa ezeztatzeko aurkeztutako eskabideen kasuan, behar bezala egiaztatu badu egoera hori erregelamendu honetan aurreikusitakoaren arabera, bi hilabetekoa izango da ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea, eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoan sartu den egunetik aurrera.
Ebazpenak espresuki eman behar dira, eta arrazoitu egin behar dira beti Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35. artikuluak ezarritakoaren arabera, eta interesdunari edo interesdunei jakinarazi egin behar zaizkie, lege-testu bereko 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke hierarkian izatezko bikoteen esparruko eskumena duen zuzendariaren gainetik dagoen organoari, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretua aldatzea.
Bat. Honela geratzen da idatzita Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 18. artikulua:
Familia-politikaren arloko eskumena duen zuzendaria da dekretu honetan araututako laguntzak kudeatuko dituen organoa. Kudeatzeko eskumena duen organoak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egingo ditu, gero datu horietan oinarrituz onetsiko baitu behin betiko ebazpen-proposamena.
Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, familia-politikaren arloko eskumena duen sailburuordearen banakako ebazpenaren bidez emango dira eskatutako laguntzak edo, hala badagokio, ukatuko.
Seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzen ebazpenak (dekretu honen 5. artikuluan jasota dauden laguntzak) dagokion aldi osorako laguntza jasotzeko eskubidea aitortuko du, honela:
Baldin eta laguntza-eskabideak 16.1 artikuluan zehaztutako epearen lehenengo hiru hilabeteetan aurkeztu badira, jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa edo tutoretza gertatu zen hiletik aurrera aitortuko da laguntza jasotzeko eskubidea. Hala ere, eskubidea sortzen duen alaba edo semea ospitaleratuta egon bada 10 egunez edo gehiagoz, luzatu egingo da hiru hilabeteko epe hori, ospitaleratuta egon den egun kopurua gehituz.
Baldin eta laguntza-eskabideak lehen aipatutako hiru hilabeteak igaro ondoren aurkezten badira, eskabidea aurkeztu den hiletik aurrera aitortuko da laguntza jasotzeko eskubidea.
Hirugarren alaba edo semea eta hurrengoak hazi eta mantentzeko laguntza gehigarrien ebazpenak (6. artikuluan aurreikusitako laguntzak) dagokion aldi osorako laguntza aitortuko du, honela:
Baldin eta laguntza-eskabideak 16.2 artikuluan zehaztutako epearen lehenengo hiru hilabeteetan aurkeztu badira, adingabeak hiru urte betetzen dituenetik edo adopzioa, tutoretza edo adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioa eratu eta hiru urte betetzen direnetik aitortuko da laguntza jasotzeko eskubidea.
Baldin eta laguntza-eskabideak lehen aipatutako hiru hilabeteak igaro ondoren aurkezten badira, eskabidea aurkeztu den hiletik aurrera aitortuko da laguntza jasotzeko eskubidea.
III. kapituluan ezarrita dauden erditze anizkoitzagatik, adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik eska daitezkeen aparteko laguntza ekonomikoei buruzko ebazpenak ordainketa bakarreko laguntza aitortuko du.
Ebazteko eta ebatzitakoa interesdunari jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea erregistroan sartu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala ere, akatsak zuzentzeko epea zabaldu balitz, aipatutako epea etenda geratuko litzateke eskatzaileak jakinarazpena jasotzen duenetik eskatutako agiri guztiak aurkezten diren arte.
Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko "Nire karpeta" atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke familia-politikaren arloko eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Dekretu honetan aurreikusitako laguntza eman eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro. Prozedura hori laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarrita amaitzen bada eta jasotako laguntza ordainketa egiteko borondatezko epean itzultzen ez bada, indargabetu egingo da baldintzapean emandako dirulaguntza.
Bi. Honela geratzen da idatzita Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 21. artikulua:
1. II. kapituluan aurreikusitako laguntzen kasuan, ez-betetzea gertatu zen hilaren lehen egunetik aurrera ekarriko du laguntza jasotzeko eskubidea galtzea laguntzak eskatu eta jasotzeko baldintzak ez betetzeak.
2. III. kapituluan aurreikusitako laguntzen kasuan, laguntza eman ostean egiaztatzen bada baldintzak ez direla betetzen, laguntza errebokatzea ekarriko du.
Baldin eta, edozein momentutan, laguntza eman ondoren eta aitortutako laguntza guztiz ordaindu arte, onuradunak laguntza jasotzeko eta baliatzeko baldintzak betetzeari uzten badio, berehala jakinarazi beharko dio laguntza eman dion organoari. Organo horrek ebazpen bat emango du, eta bertan adieraziko du eskatzaileak laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela ez-betetzea gertatu den hilaren lehenengo egunetik aurrera.
Baldin eta, laguntza eman ondoren eta laguntza hori guztiz ordaindu arte, laguntza eman duen organoa ziur ez badago onuradun batek laguntza jasotzeko eta baliatzeko baldintzak betetzen dituen, ordainketak kautelaz eteteko ebazpena emango du, arrazoiak azalduz, eta alegazio-epe bat emango du baldintzak benetan betetzen direla egiaztatzeko.
Informazio guztia bildu ondoren, ebazpen bat emango du laguntza eman duen organoak, hau adierazteko:
Laguntza jasotzeko eta baliatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ez bada, ez-betetzea gertatu den hilaren lehenengo egunetik aurrera laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da.
Laguntza jasotzeko eta baliatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzen bada, berriz ekingo zaio laguntza ordaintzeari, eta ordainketa eten zenetik atzeratuta dauden hilei dagozkienak ere ordainduko dira.
Ebazpen judizialez ezarritako zaintza eta jagoletza partekatuko kasuetan, laguntza ematen duen organoak inguruabar horren berri izan eta 13. artikuluan aipatzen den berariazko akordiorik aurkezten ez bada, ordainketa eteteko ebazpena emango du, eta zaintza eta jagoletza partekatua erabaki zuen ebazpen judiziala eman zen hilaren lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Horretaz gain, 10 egun balioduneko epea emango du berariazko akordioa aurkezteko.
Epe hori amaitu eta aipatutako dokumentua aurkeztu ez bada, ebazpen bat emango du, eta bertan adieraziko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela ebazpen judiziala eman zen hilaren lehenengo egunetik, eta baliogabetu egingo ditu ordaindu gabe dauden hileko ordainketak.
Berariazko akordioa aurkezten bada, berriz ekingo zaio laguntza ordaintzeari, eta ordainketa eten zenetik atzeratuta dauden hilei dagozkienak ere ordainduko dira.
Laguntza eragiten duen edo laguntza jaso ahal izateko zenbatzen den alaba edo semea hiltzen bada, semea edo alaba hil den hilari dagokion zenbatekoa kobratuko du eskatzaileak.
Heriotza erditu ostean izan bada, nortasuna eskuratu ondoren, egiaztatu egin beharko da inguruabar hori, baina ez da bizikidetza-ziurtagiria aurkeztu beharrik izango jaiotzaren hilabeteari dagokion laguntza kobratu ahal izateko.
Laguntzaren onuradunak ez badu betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharren bat, laguntza ematen duen organoaren titularrak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura bideratu ondoren, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.
Gainera, ez-betetzea egin ostean emandako laguntza osoa edo horren zati bat ordaindu bada, jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaiola adieraziko da, bai behar ez bezala jasotako zenbatekoa bai dirulaguntzen arloko berandutze-interesa, behar ez zela ordaindutako laguntza ordaindu zenetik itzultzea dagokiola erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada.
698/1991 Dekretuak xedatutakoaren arabera egingo da hori guztia (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 59. artikulua aldatzea.
Honela geratzen da idatzita Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 59. artikulua:
Familia-politikaren arloko eskumena duen zuzendaria izango da dekretu honetako II., III. eta V. kapituluetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoa.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laneratzea aktibatzeko zuzendaritza eskuduna izango da dekretu honetako IV. kapituluan araututako laguntza kudeatzeko eskumena duen organoa.
Dekretu honetako II., III. eta V. kapituluetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ukatzeko, dagokion berariazko banakako ebazpena emango du familia-politikaren arloko eskumena duen sailburuordeak. IV. kapituluan aurreikusitako laguntzen kasuan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laneratzea aktibatzeko zuzendariak emango du ebazpena.
Eskaerak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera organo eskudunaren erregistroan izapidetzeko sartzen denetik aurrera; epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaera onartu dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Dekretu honen II., III. eta V. kapituluetan aurreikusitako laguntzen kasuan, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzan familia-politikaren eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
kapituluan aurreikusitako laguntzei dagokienez, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.
Era berean, onuradunei dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den edozein 34/38 itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.
Administrazioak laguntzak ordaindu ditzan, onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu behardu.
Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. 14 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren 11. artikulua aldatzea.
Honela geratzen da idatzita 14 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren 11. artikulua:
Familia-politikan eskumena duen zuzendariari dagozkio dekretu honetan araututako laguntza kudeatzeko zereginak.
Eskatutako laguntzak familia-politikaren arloko eskumena duen sailburuordearen banakako ebazpen baten bidez emango dira, edo, hala badagokio, ukatuko.
Ebazteko eta ebatzitakoa interesdunari jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea erregistroaren egoitza elektronikoan sartu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala ere, akatsak zuzentzeko epea zabaldu balitz, aipatutako epea etenda geratuko litzateke eskatzaileak jakinarazpena jasotzen duenetik eskatutako agiri guztiak aurkezten diren arte.
Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko "Nire carpeta" atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Laguntzak emateko ebazpenak emateko eta horien aldaketak jasotzeko espedienteen zerrenda, interesdunaren aldekoak izan badira, hiru hilean behin argitaratuko dira https://www.euskadi.eus web-orriko iragarki-taula elektronikoan. Bertan, espediente-zenbakia, laguntzaren lerroa eta emandako zenbatekoa zehaztuko dira.
Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke familia-politikaren arloko eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Dekretu honetan aurreikusitako laguntza emateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta izatea. Prozedura horren amaieran laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo laguntzak itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta ez bada borondatezko epean itzultzen, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programaren laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretua aldatzea.
Bat. Honela geratzen da idatzita Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programaren laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 10. artikulua:
Eskatutako laguntzak gazte-politikaren arloko eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez emango dira, edo, hala badagokio, ukatuko.
Ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko da, espedientea osatuta dagoen egunaren hurrengotik aurrera, eta administrazio-isiltasuna ezesgarria izango da. Hala ere, akatsak zuzentzeko epea zabaltzen bada, aipatutako epea eten egingo da harik eta eskatzaileak jakinarazpena jaso eta eskatutako agiri guztiak aurkezten dituen arte.
Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakieke interesdunek gazteriaren arloko eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bi. Honela geratzen da idatzita Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programaren laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 16. artikulua:
Gazteriaren arloko eskumena duen zuzendaritzak ikuskapen- eta kontrol-lanak egin ditzake dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko. Halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzak fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, interesgarria izan daitekeen informazio guztia eskatu diezaiokete onuradunari, eta laguntzaren kudeaketa gauzatzeko dagozkien egiaztapen-jarduketak ere egin ditzakete. Baldin eta, laguntza eman ondoren eta laguntza hori guztiz ordaindu arte, laguntza eman duen organoak nabaritzen badu onuradun batek laguntza jasotzeko eta erabiltzeko baldintzak ez dituela betetzen, ordainketak kautelaz eteteko ebazpena emango du, arrazoiak azalduz, eta alegazio-epe bat emango du baldintzak benetan betetzen direla egiaztatzeko. Informazio guztia bildu ondoren, ebazpen bat emango du laguntza eman duen organoak, hau adierazteko:
Baldin eta egiaztatu ez bada laguntza eskuratzeko eta baliatzeko eskakizunak betetzen direla, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da ez-betetzea gertatu zen hilaren lehen egunetik, eta, hala badagokio, ordaindutako laguntzak eta dirulaguntzaren izaera dela-eta dagozkion interesak itzuli behar direla, ez-betetzea izan dela ikusi den hilabetetik aurrera.
Laguntza jasotzeko eta baliatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzen bada, berriz ekingo zaio laguntza ordaintzeari, eta ordainketa eten zenetik atzeratuta dauden hilei dagozkienak ere ordainduko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA. «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretua aldatzea.
Bat. Honela geratzen da idatzita «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 10. artikulua:
Gazteriaren arloko eskumena duen zuzendaritzari dagokio emakida-prozedura kudeatzea.
Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, gazteriaren arloko eskumena duen sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazteko, hargatik eragotzi gabe entitate interesdunei berariaz eta banaka komunikatzea, gehienez ere sei hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke gazteriaren arloko sailburuari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
Aurreko paragrafoan aipatutako epea amaitu eta entitate interesdunak ebazpenaren jakinarazpenik jaso ez badu, eskaera ezetsi zaiola ulertuko du, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin.
Bi. Honela geratzen da idatzita «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 24. artikulua:
Gazteriaren arloko eskumena duen zuzendaritzari dagokio emakida-prozedura kudeatzea, eta gazteriaren arloko eskumena duen sailburuari, ebaztea.
Aurrehautaketa fasea.
Balorazio-batzordearen aurrehautaketa proposamena ikusita, kudeaketa-organoak erabakiko du zein diren hautatuak, zein ordezkoak eta hautaketa-faserako zein aurrehautatu ez diren; oro bat, hautaketa fasea noiz eta non izango den ere erabakiko du. Zerrenda hori gazte-atarian argitaratuko da: https://www.gazteaukera.euskadi.eus
Hautaketa-fasea.
Aurrehautaketa fasea amaitzen denean, balorazio-batzordeak txostena egingo du, eta kudeaketa-organoak behin betiko ebazpen-proposamena emango du. Ebazpen hori lankidetza-proiektuetan parte hartuko duten pertsonei jakinaraziko zaie, eta esango, laguntza onartzen dutela joko dela baldin eta 15 eguneko epean espresuki uko egiten ez badiote.
Epe hori igaro eta laguntzari uko egin ez bazaio, gazteriaren arloko eskumena duen sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori pasa eta ez bada ebazpenik argitaratu, eskaerak ezetsi egin direla ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke gazteriaren arloko eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hautaketa-ebazpena gazte-atarian argitaratuko da: https://www.gazteaukera.euskadi.eus
AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako dirulaguntza arautzen duen apirilaren 16ko 48/2024 Dekretuaren 9. artikulua aldatzea.
Honela geratzen da idatzita Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako dirulaguntza arautzen duen apirilaren 16ko 48/2024 Dekretuaren 9. artikulua:
Eskatutako laguntza gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailburuordearen banakako ebazpen baten bidez emango da, edo, hala badagokio, ukatuko, eta ebazpen horretan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitako alderdiak jasoko dira.
Aurkeztutako eskabidea baiesten duen eta, beraz, eskatutako laguntza onartzen duen ebazpenak aitortuko du onuradunak eskubidea duela 5. artikuluan ezarritako laguntzaren zenbatekoa urtero jasotzeko, 4.1 eta 4.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa den denbora-tartean.
Gehienez ere hiru hilabete izango dira eskaera ebazteko eta eskatzaileari ebatzitakoa jakinarazteko, laguntza kudeatzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabidea jasotzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotzen bada interesdunei ebazpen espresurik jakinarazi gabe, laguntza emateko eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da administrazio-isiltasunez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Emandako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke gizarte-politiken arloko eskumena duen sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera..
AZKEN XEDAPENETAKO ZORTZIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, xedapen hauek izan ezik: azken xedapenetako bigarrena («Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretua aldatzea»), azken xedapenetako hirugarrena («Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 59. artikulua aldatzea») eta azken xedapenetako laugarrena («14 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren 11. artikulua aldatzea»), zeinak 2025eko abenduaren 30ean jarriko baitira indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 11n.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.