Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

EHAAn argitaratzea Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea aitortzeko eskabidea egiteko aukera duten langile publikoen zerrenda eta espezialitatea egiaztatzen dutenena.

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN17-016
  • Dokumentu kodea: D17-017
  • Sinadura data:  2017/07/04

Laburpena

Administrazio kontsulta-egileak jakin nahi dituen bi gauzak dira ea datu babesaren arloko araudiarekin bateragarria den EHAAn argitaratzea langile publikoen zerrenda, kontsulta-egileak berehala egikaritu nahi duen administrazio prozedura baten bi faseetako bakoitzean. Prozedura gaitzen duen araua da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen xedapen gehigarria. Prozeduraren hasierako fasean argitaratu nahi da espezialitatea egiaztatzeko legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten langileen zerrenda; eta prozeduraren azken fasean argitaratu nahi da Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatu duten langile publikoen zerrenda, hain zuen ere, 7/2017 Legearen xedapen gehigarriaren bidez egiaztatu dutenena. Hasiera batean arreta deitzen du eta kontraesana dirudi betekizunak betetzen dituzten funtzionarioei zuzendutako eskaintza banan-banan egin beharrekoa dela (Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria), baina administrazio kontsulta-egileak nahi duela EHAAn argitaratu langile publiko horien zerrenda, NAN, izen, abizen eta guzti. Banakako eskaintza aipatzen bada, badirudi izango dela administrazioa bana-banan zuzendu behar zaielako egiaztatze prozesuak ukitutako enplegatu publikoei; eta hori egitea itxura batean erraza da, kontsulta-egileak dioenez, ia langile guztien zerrenda dutelako; eta, gure ustez, administrazio horretan aktiboan daudenak izango dira. Datu pertsonalak argitaratzea datuen tratamendu bat da; hain zuzen ere, datu lagatzetzat edo datu komunikaziotzat jotzen da, DBLOren 3 i) artikuluak ematen duen definizioaren arabera. Ez da ahaztu behar datu pertsonalak babesteko eskubidea sortu zela informazio pertsonala babestu ahal izateko tratamenduen aurrean; eta aldizkari ofizial batean argitaratzea tratamendu masibo bat da. DBLOren 11. artikuluak xedatzen duenez, datu pertsonalak komunikatu ahal izateko arau orokorrak dira, batetik, lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen eginkizun legitimoekin zuzenean lotutako helburuak betetzea, eta, bestetik, interesdunen adostasuna. Nahiz eta interesdunaren adostasuna ez izan beharrezkoa, lege batek ematen badu datuak lagatzeko baimena. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak (APEL) arautzen du administrazio egintzen argitalpena; eta 45. eta 46. artikuluek xedatutakoaren arabera, administrazio kontsulta-egileak egin nahi duen argitalpenak ez du lege babesik.