Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

65. Bolibarko herrigunea eta Simon Bolivar iturria (Bolibar)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Errota bat zuen harana

XI. mendearen erdialdean, Bizkaiaz hitz egiten diguten dokumentu zaharrenetako batzuek Bolibarko herriarekin zerikusia duten bi pertsonaia aipatzen dituzte: Ligoarius Molinivarrensis eta abbate domno Sancio Bolinibar. Idazki horiei esker, badakigu 1000. urtearen inguruan bazela Bolibar edo Bolinibar izeneko herri bat. Baina, gainera, lekuaren toponimoak berak eremuari izena ematen zion erreferentziako instalazio bat aipatzen du: errota bat.

Herrigunea, Santo Tomas elizaren inguruan antolatuta dago, haran malkartsu baten barru-barruan. Haran horretan ez dago eremu lau handirik soroak, eta nekazaritza eta abeltzaintzako beste instalazio batzuk kokatu eta zabaltzeko. Hala ere, ibarraren alde horretan dauden ur-ibilguek baliabide interesgarria eskaintzen dute: instalazio hidrauliko bat mugitzeko gaitasuna. Erdi Aroan, eta bereziki garai urrun hartan, errota bezalako ingeniaritza-lan bat egiteko, nahiz eta oso sinplea izan, gutxieneko inbertsioa eta ezagutza teknikoa behar ziren, eta horiek ez zeuden edonoren eskura. Bestalde, halako azpiegitura batek aurrerapena zekarkien ordura arte aleak eskuz ehotzen zituztenei. Errota hidrauliko baten jabeak diru-iturri erregularra eta garrantzitsua zuen. Erdi Aroaren amaieran, jaunek interes handia zuten erroten titulartasuna eskuratzen, eta inguruko bizilagunek aleak bertan ehotzea lortzen.

Bolibarretik Ameriketara

Egia esan, herriari ospea ez datorkio bere jatorri zaharretik, ez eta Zenarruzako kolegiatatik hurbil egotetik ere, baizik eta pertsonaia unibertsal batekin duen loturatik: Simón Bolívar Palacios (1783-1830). Latinoamerikako askatzailearen jatorria Errementeria eta Bolibar Jauregi etxeetan dago. Azken orube horretatik abiatu zen haren arbaso Simon Bolibar, 1527 inguruan. 1783an jaio zen, Caracasko oligarkiako kide izan zen eta Latinoamerikako emantzipazio prozesuaren pertsonaiarik adierazgarrienetako bat.

Gaur egun, Santo Tomas parrokiaren parean dagoen plazan, Pedro Ispizuak egindako Askatzailearen omenezko iturri-monumentua dago (1927). Funtsean prisma-erako iturri bat da, estilo eklektikokoa. 3 txorrota zituen baina horietako bi kendu egin dira. Haien gainean, pertsonaia gogorarazteko kartela dago, eta medailoi bat bere irudiarekin. Alboetan, eserlekuak ditu, eta bi hego estilizatu; nolabaiteko kutsu indigena dute eta garaipen hegalduna gogorarazten dute. Goialdean herriko armarria dago. Ibaiaren beste aldean, Simón Bolívarri eskainitako museoa aurkitzen da.

Eliza errenazentista da eta oinplano txikia izan arren, garapen bertikal handia du. Nabe bakarrekoa da, eta burualde nabarmena du. Aldare nagusiaren gainean kasetoiz apaindutako ganga txaranbeldua du, erretaula neoklasiko bat buru duela. Nabea nerbiodun ganga trenkatu baten bidez estaltzen da, eta oinalderantz beste bi ganga txikiago ditu, nerbio sistema sinpleagoa dutenak. Elizaren atarian Coromotoko Andre Mariaren kapera neoklasikoa dago, Venezuelako zaindaria. Elizaren parean pista luze bat dago, errekarrizko enkatxo bidez zolatua: probaleku bat da (harri-arrasterako eremua).

Partekatu

unesco