Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzak balio publikoa sortzen duten proiektu sozialak aitortzeko "Elkarlan" sarien seigarren deialdia onetsi du

Elkarlan 2020

egilea: Pegip 2020, 

Gobernu Kontseiluak uztailaren 21ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako “Elkarlan” sarien seigarren deialdia. Sari horien helburua da balio publiko partekatua sortzea modu berritzailean sustatzen duten proiektuak aintzatestea, gizarteko erronkak eta beharrak asetzeko.

2020ko Elkarlan sariek sei jarduketa-eremu hauetakoren batean balio publikoa sortzeko berrikuntzagatik nabarmentzen diren lau ekimen sozial aitortuko dituzte:

  • Osasuna
  • Ingurumena
  • Garapen ekonomikoa
  • Ikaskuntza-kultura
  • Gizarte-kohesioa
  • Gobernamendua, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako partaidetza

Gainera, proiektuek, funtsezko ezaugarri gisa, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonak eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko duten gaitasuna erakutsi beharko dute.

Guztira 36.000 euro banatuko dira berrikuntza nabarmendu eta herritarrek sustatuko dituzten lau ekimen sozialetarako.

Hautatutako lau proiektuetako bakoitzak honako sari hau izango du:

  • 6000 euro, proiektu onenaren aintzatespen gisa
  • 3000 euro, jardunbide egokiak transferitzeko prozesuari aplikatzeko
  • Kanpo-aholkularitza beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko
  • Saritutako proiektua informazio-bide eta komunikabideetan zabaltzea

Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratzen denetik -irailerako aurreikusita-, eta eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez.

Hautaketa-batzordeak, aurreko urtean saritutako proiektuen ordezkariek parte hartuko dutena (“Goian, aisialdiaren bitartez komunitate hezitzailea izateko gida”, Goian Kultur eta Kirol Elkarteak sustatua, eta “Ehkolektiboa, agroekologiaren bidean”, Ehkolektiboa Elkarteak sustatua), aurkeztutako proposamenak baloratuko ditu, irizpide hauen arabera:

  • Proiektuek ezarrita egon behar dute edo pilotu-fase aurreratuan
  • Balio publikoa eta soziala sustatzea
  • Ahalduntze-eredu izatea
  • Izaera berritzailea izatea
  • Pertsona eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko modua beste eremu edo lurralde-espazio batzuetara eramateko gai izatea
  • Haien diseinuan eta ezarpenean genero-ikuspegia jasotzea
  • Aurkezpenean kalitatea, koherentzia eta argitasuna erakustea.

Seigarren edizio honen bidez lortu nahi da balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileari saria ematean proiektua bera eta sustatzaileak ezagutzera ematea; baina, beste alde batetik, beste eragile batzuen parte-hartzea izateko formulak ekartzea, Euskadin pixkanaka osatu dadin balio publikoa batera sortzen ikasteko eta arlo horretan elkarlanean aritzeko sare bat. EAEko 7 administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta 3 hiriburuetako udalek) eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Ituneko kide direnez, 2018-2020 OGP Euskadi ekintza-planean ezarri duten 3. konpromisoari lotuta dago ikuspegi hori. Izan ere, konpromiso hori betetzeko, herritarren parte-hartze berritzailearekin konpromisoa hartuko duten eragileak eta proiektuak sustatu behar dira.