Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Plangintza estrategiko inteligentea gobernantza publikoan. Zergatik eta zertarako

egilea: Mónica Soto del Río, 

Gobernantza hitzak erabakiak hartu eta erabakitakoa ezartzeko prozesua adierazten du; hain zuzen, eragileak ere tartean hartu, eta erabaki horiek betearazteko modua izateko beharrezko eragile formalak eta informalak tartean sartzen dituen prozesua.  Gobernua eragile horietako bat baino ez da, zeinak, bere eginkizuna zorrotz betetzeko, gobernu ona izan behar baitu, hots, legezkotasuna aplikatu, zuzentasunez jokatu, baliabideak eta bitartekoak efikaziaz eta efizientziaz erabili, gardentasuna bideratzeko asmoz jardun eta herritar antolatuei eta antolatu gabeei parte-hartzeko bidea eman; zertarako eta, gizartearen beharrizanak eta arazoak ondo identifikatzeko eta haiei ahalik eta azkarren erantzuteko, denon mesederako denok elkarrekin jardunez.

Gobernantza publikoaz ari garenean, paradigma aldaketaz ari gara. Gauza publikoak kudeatzeko eta administrazioaren funtzionamendua taxutzeko era berri batez, Europako Batzordeak  Gobernatzaren liburu zurian identifikatu zituen 5 printzipioetan oinarrituta.

  • Efizientzia
  • Kudeaketa publiko koherentea
  • Gardentasuna
  • Kontuak ematea
  • Herritarren parte-hartzea

Euskal komunitatea konplexua da –politikoki plurala, sozialki askotarikoa eta erakundeei dagokienez zenbait mailatan egituratua-; eta halako komunitate batean, gobernantza publikoak, funtsean, erlazionala, parte-hartzailea eta harkorra izan behar du. Gardena izan eta sarean lan egin behar du. Hori da-eta modu bakarra efikaza izateko, eta gaur egungo herritarren eskaerei behar bezala erantzuteko.

Euskadiko Lehiakortasunaren gaineko 2017ko Txostenak (Orkestra-k eginak)6. kapituluan (Berrikuntza eta Gobernantza) azaldu duenez, gobernantza oso garrantzitsua da estrategia eta politika publikoetan. Txostenak aitortzen du gizarteak gainditu behar dituen erronken konplexutasunak eta dimentsio-aniztasunak politika publiko transbertsalagoak behar dituztela, eta gobernuetako sail gehiagok parte hartzea.

Baina Gobernu Onak administrazio ona behar du, “helburu dituen gauza onak ondo egingo baditu”. "Gauzak hobeto egiteko” aukera ematen duten instrumentuek politikak zein zerbitzu publikoak etengabe planeatzeko eta ebaluatzeko mekanismoak ekarri behar dituzte.

Planifikazio estrategiko inteligenteaz ari gara; hots, ebaluatu behar den eta kontuak eman behar dituen planifikazio estrategikoaz. Gobernantza Publikoaren kanpoko dimentsioaren osagai funtsezkoa da, gardentasunarekin eta herritarren parte-hartzearekin batera, eta gainerako herri-administrazio eta erakundeekiko harremanekin batera.

Herritarrekin interakzioan jarduteko mekanismoez gain, beste mekanismo batzuk behar dira bai Eusko Jaurlaritzaren barruko sailen artean eta bai Jaurlaritzaren eta bere Administrazio Instituzionalaren artean ere, elkarlanean aritzeko eta prozesuak elkarrekin sortzeko, baita plan estrategikoak lantzeko ere.

Herritarren beharrizanei erantzun ona emango dioten emaitzak eta ondorioak lortzera bideratu behar da ekonomiaren eta aurrekontuen plangintza, herritarrak direlako plangintza estrategiko inteligentearen helburuak ezartzeko oinarria.

Egia da herritarren parte-hartzea kanporako harremanetarako plangintza barruko elementu moduan hartzen dela (Gobernantza Publikoaren kanpoko dimentsioa); baina, era berean, plangintza estrategikoaren prozesua, funtsean, barruko prozesua da, eta bertan ezartzen dira Jaurlaritzaren Programa betetzeko egokienak diren estrategiak. (Gobernantza Publikoaren barruko dimentsioa).

Politika publikoen ebaluazioa ezinbestekoa da kontuak emateko eta garden jokatzeko eta, halaber, herritarren parte-hartzea indartzeko, baina eremu konplexua da bai bere irismenagatik eta baita lortu nahi dituen helburuengatik ere. Ebaluazioa betidanik kudeaketaren ikuspegitik egiten da, planteatutako ekintzak ongi betetzen ari ote diren aztertzen da, efizientzia eta efikazia zalantzan jarri gabe. Hala ere, burututako proiektuekin eta ekintzekin lortutako emaitzetatik haratago begiratu behar da, eta zuzenean, zeharka zein indukzioz eragindako inpaktua analizatu, bideratutako ekintzen garrantzia eta izan duten intzidentzia identifikatzeko modua izango bada. Politika publikoen jarraipena alde biko bidea da eta alderdi biak inplikatzen ditu: kargu publikodunak eta herritarrak, hala, herritarrek ahalmena hartzen dute eta arduradun sentitzen dira.

Ondo burutuko bada, ezinbestekoa da jarduera publikoaren ebaluazio hori plangintza-prozesuaren barruan burutzea.  Gobernuek berek planifikatzen dute nola jardungo diren, helburuak eta adierazleak definituz; horren ondorengo ebaluazioak hartutako konpromisoak zein mailatan bete diren aztertuko du eta, kasuan kasu, desbideratze egiaztagarriak zergatik gertatu diren ikertu.

Hala, bada, ezinbestekoa da plangintza- eta ebaluazio-kultura sustatzea eta EAEko Administrazio Orokorraren nahiz horri dagokion Administrazio Instituzionalaren esku-hartzeak planifikatu eta ebaluatzeko sistema ezarri eta instituzionalizatzea:

  • Plangintza estrategikoa herritarren partaidetzaren bidez diagnostiko partekatua adosteko kudeaketa-sistema da, horren ondorioz, bidea emango duena lehentasunezko helburuak zehaztu eta horiek lortzeko estrategia bateratua sortzeko.
  • Ebaluazioaren eginkizuna da etengabe ikasteko aukera ematea, boterearen erabilera eta kudeaketa publikoa hobetzeko; baita esku-hartze publikoen planteamenduan diharduten agenteei erantzukizuna ematea, kontuak azaltzea eta baliabideak esleitzean erabakiak hartzen laguntzea ere. Gainera, lortutako emaitzak diagnostikatzen ditu, zenbateko baliagarritasuna eta eragina duten, eta eskainitako zerbitzuak kalitate onekoak diren; laguntza ematen du izandako desbideraketak zuzentzeko, eta baliabide publikoak proposatutako helburuen eta erabilitako medioen arabera kudeatzeko erraztasunak ematen ditu. Baina, batez ere, konfiantzan, gardentasunean eta erakundeek guztien onerako jardutean oinarrituta sortutako komunitate demokratiko baten gizartearen aurrerabideari buruzko ebidentziak ematea.
  • Aurrekontuak emaitzetara bideratuta taxutzea kudeaketa-ziklo baten barruan txertatzen da; lehen urratsa estrategia, politikak eta lehentasunak diseinatzea da, aurrekontua prestatzea eta politika horiek gauzatzea dator ondoren, ebaluazioa egiten da ondotik, politika horiek hobetzeko, eta atzera ere, berriz zikloari ekin.

Aurrekontu estrategikoek esplizituki lotzen dituzte esleitutako baliabideak lortu nahi diren emaitzekin. Aurrekontu-programek plangintza estrategikoari erantzun behar diote, Gobernuaren helburuekin koherente izanez. Aurrekontutik bereizitako plan estrategiko batek ez du zentzurik, ez eta orientazio estrategikorik gabeko aurrekontu batek ere.

  • Gobernu Onak, azkenik, beste oinarri bat ere badu: kudeaketa-auditoretza, hots, entitate batek burututako jarduerak sistematikoki aztertzea, bere helburuak betetzeko entitate horri adskribatu zaizkion baliabide publikoak kudeatzean lortutako eraginkortasuna, efizientzia eta ekonomia ebaluatzeko.

Ebaluatu=Gobernu-programa=Planifikazio estrategikoa=Aurrekontuak=Burutu=Kontrolatu eta jarraipena eman

Horrexegatik, XI Legegintzaldiko Gobernu Programak besteak beste, honako printzipio hauek ditu gidari:

  • Administrazio kultura berri baten zutabeak eraikitzea, gardentasuna, efikazia, parte-hartzea eta emaitzak ebaluatzea oinarri duela.
  • Plangintza eta herritarren parte-hartzea izango dira gobernu ona eta administrazio ona izateko eskubidearen berme.

Hemen esandakoarekin koherente izan beharrez, Gobernantza eta Berrikuntza Publikoaren 2020ko Plan Estrategikoan (GBPPE 2020) ezarrita dagoen helburu programatikoa zera da, administrazioa eraldatu eta, besteak beste, honako premia publiko hauei erantzuteko moduko erakunde publiko bihurtzea:

  • Politika eta zerbitzu publikoak instituzionalizatuta planifikatu eta ebaluatzea eta ebaluazioaren emaitzak sistematikoki eta aldiro jakitera ematea. ?
  • Politika publikoak parte-hartzezko ereduan oinarrituta kudeatzea, horiek bultzatu, diseinatu, betearazi eta ebaluatzeko prozesuan kanpoko eragileak sartuta.

Kanpoko dimentsioa=Gardentasuna eta parte-hartzea / Herritarrekiko harremana / Planfikazio estrategiko inteligentea

Barruko dimentsioa= Zuzentasuna / Berrikuntza / Kudeaketa aurreratua (jendea, erakundeak, kudeaketa, administrazio barruko nahiz administrazioen arteko harremana)f

Eta horretarako, Planifikazio Estrategiko Inteligentearen 2. ardatza lantzen du, 3 proiektu hauen bidez:

  • 1.a. 2020-2025eko plangintza estrategikoa.
  • 2.a. Emaitzetara bideratutako aurrekontu estrategikoak.
  • 3.a. Esku-hartze Publikoak Ebaluatzeko Sistema ezartzea.