Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Non du abiapuntua Eusko Jaurlaritzaren politika publikoen ebaluazioak?

egilea: Mónica Soto del Río, 

Aurreko post batean (leiho berri batean irekitzen da) aipatu genuen ebaluazioa modu sistematikoan sartu beharra dagoela kudeaketa publikoaren barruan, nahiz eta urte asko daramatzagun, hobeto edo okerrago, jarduera publikoen ebaluazioa instituzionalizatu nahian.

Laurogeiko hamarkadaren amaieran hasi zen hitz egiten Euskal Autonomia Erkidegoan programak  ebaluatu egin behar zirela, zer eragin izan zuten jakiteko eta, hortik, kudeaketa publikoa hobetzeko. Orduz geroztik, bidea egiten joan da euskal administrazio publikoetan, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzan.

1994rako jada planteatu zen politika publikoak ebaluatu egin behar zirela CORAME, Administrazio publikoa arrazionalizatu eta hobetzeko batzordearen txostenean, eta aurrekontuen kudeaketarekin erlazionatutako antolaketa-aldaketa handi bat egitea proposatu zen. Neurri hauek hartzea proposatu zen:

a) Gobernuaren koordinazio estrategikoa indartzea, gobernu-ekimenaren koordinazioa eta jarraipena bateratuz, besteak beste.

b) Plangintza eta ebaluazioa indartzea:

  • Aurrekontu-baliabideak esleitzeko prozesua aldatzea, eta plangintza ekonomikoarekin uztartzea.
  • Baliabidea esleitzerakoan, programen eta inbertsioen ebaluazioa kontuan hartzea.

d) Gastua kontrolatzeko eta emaitzak hobetzeko mekanismoak egokitzea:

  • Alor bakoitzak bere baliabideak kudeatzeko dituen erantzukizunak areagotzea, eta sail bakoitzean zerbitzuen plangintza-, arauketa- eta kontrol-erantzukizunak zer administrazio unitatek dituen zehaztea.
  • Kontrol-sistemak berriz diseinatzea, kudeaketa gardena eta eraginkorra izan dadin.
  • Kontabilitatea kudeaketarako eta emaitzen araberako kontrolerako tresna bihurtzea, eta, horretarako, alor exekutiboekin kudeaketa-akordioak egitea; era berean, informazio-sistemen plangintza eta arauketa estrategikoa indartzea, eta auditoria-plan efikaz eta eraginkorra egitea.

VIII. legealdia: 2005-2008

Eusko Jaurlaritza osatzeko 2005eko ekainaren 27an sinatu zen Koalizio Akordioan konpromiso argi bat jaso zen: Euskal Gobernantza Publikoari buruzko agiri estrategiko bat egitea bultzatuko zela, eta, esparru horretan, baita Politika publikoetarako berrikuntza- eta ebaluazio-ereduari buruzko estrategia bat ere EAEko administrazio publikorako.

2006ko apirilean, Plangintza eta Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak ontzat jo zuen Gobernantzaren oinarrizko ildo estrategikoak Euskadin: politika publikoetarako berrikuntza- eta ebaluazio-eredu bat EAEko Administrazio Publikorako izeneko agiria. Asmoa zen sistema demokratikoan sakontzea, besteak beste herritarrek gai publikoetan parte hartzea bultzatuz, eta politika publikoak definitzeko, koordinatzeko, betetzeko eta ebaluatzeko metodoak etengabe hobetuz.

Horretaz gain, dokumentuari buruzko informazio-, kontsulta- eta eztabaida-prozesu bati ekitea erabaki zen, ondoren garatzeko, eta batez ere, praktika legegileak berritzeko mekanismoak eta prozedurak ezartzeko, gobernuaren erakunde arteko eta sail arteko plangintza bultzatzeko, eta politika publikoen ebaluazioa sustatzeko.

2007ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuen Eusko Ikaskuntzarekin «Euskal Gobernantzari buruzko Hausnarketa Proiektua» egiteko. Haren emaitza izan zen “Euskal Autonomia Erkidegoan Gobernantza Sistema bat Edukitzeko Hausnarketa”. Lan horretan ondorioztatzen denez, gobernantza-ereduak bost printzipio nagusi ditu, euskal erakunde-antolaketa zein den kontuan hartuta: konplexutasuna, aniztasuna, elkarrekiko mendekotasuna, erantzukizuna eta berrikuntza. Bost printzipio horietatik datozen baliabide, prozedura, ekintza eta neurrien bidez sustatuko dira:

  1. Sistemaren koordinazioa

Eusko Jaurlaritzak badu sistema instituzionala koordinatzeko adina barne-erakunde. Koordinazio-arazoak ehun instituzionala konplexua delako sortzen dira, eta batik bat, koordinazioaren kultura ahula delako.

Koordinazio-prozedurak, -erakundeak eta -mekanismoak ebaluatzea komeni da. Izan ere, koordinazioa ebaluazioarekin erlazionaturik dago, eta bietan oinarritzen da EAEko gobernantza-sistemaren filosofia publiko berria.

  1. Herritarren partaidetza eta Gobernantza

EAEko dilema ez da aurretik egindakoa etengabe berrinterpretatzen aritzea, helburu neurgarriak izanda egindakoa berrirakurtzea baizik, sistemaren bizkarrezur izan daitezen gardentasuna eta emaitzen ebaluazioa.

  1. Gobernantza-sistema baten ebaluazioa

Prozesu instituzionaletan sartu behar da ebaluazioa. Ebaluazioak ez du izan behar ausazkoa, noizbehinkakoa eta prestakuntza zehatzik gabeko pertsonek egindakoa. Horrek eskatzen du, ebaluazioaren arloko berariazko prestakuntza behar izateaz gain, funtzio publikoa profesionalizatzea. Ezinbestekoa da, halaber, masa kritiko bat sortzea, ebaluazioan espezializatutako argitalpenak argitaratzea eta jardunbide egokiak trukatzea.

Politika publikoen ebaluazioari dagokionez, helburu orokorrak dira, besteak beste:

  • Kontuan hartzea kostua eta onuraren arteko erlazioa planak egiteko eta politika publikoak ebaluatzeko prozedurak eta partaidetza neurriak diseinatzerakoan, ahaztu gabe partaidetza-sistema baten erakunde-diseinua tresna bat dela, baliabide bat, eta ez, bere horretan, helburu bat.
  • Ebaluazio-sistemak diseinatzea; sail bakoitzak bere adierazleen esparru zehatza osatzeko aukera izango du hor, eta plan berean islatuko da zer sistema hautatu den eta lortutako edo lortu gabeko helburuetara zuzenduko, planaren indarraldia.

Eta, helburu zehatz gisa, hauek:

  • Politika publikoak ebaluatzeko sistemak diseinatzea (...) obligazio legala izan dadin politika publikoen jarduera guztiek ebaluazio-sistemak edukitzea, adierazle kuantitatiboekin, eta, aldizka, kualitatiboekin (...).
  • Partaidetzaren metodologia bat eraikitzea, hausnarketaren printzipioan oinarritutako esparruak sortuta, zeinak erabakiak hartzeko prozesua eta kontsulta zehatzak bateratuko dituzten sarean inskribatutako foro interaktiboen bidez, adituak edo herritarrak batuko dituen zuzeneko eztabaidetarako foroen bidez, eztabaidak egiteko eta jarrerak adierazteko mintegi espezifikoen bidez, inkesta bidezko kontsulten bidez edo eztabaida-taldeen bidez.
  • Plan pilotuak egitea, esperimentuak egin eta jarduera jakin batzuk abian jar daitezen arrakasta izango duten edo porrot egingo duten jakiteko, eta gobernantza-plana abian jarriko dela zaintzeko balio dezaten. 

IX Legegintzaldia: 2009-2012

Eusko Jaurlaritzaren sailek eta erakunde autonomoek politika publikoen zenbait ebaluazio egin dituzte, baina IX. legegintzaldira arte ez da proposatu politika korporatibo bat egitea alor honetan, eta ez da bultzatu ebaluazioari buruzko esperientziak eta ezagutzak partekatzea.

  1. ildoa: politika publikoen ebaluazioa sustatzea Berrikuntza Publikoaren Planaren “Administrazio Berritzailearen” barruan:

“Politika publikoen ebaluazioa bultzatuz, efizientzia eta baliabideen optimizazioa hobetzen dira; horrez gain, erakunde baten gardentasuna hobetu eta konpromisoa eta koherentzia adierazten ditu. Bultzada hori da, hain zuzen, ildo honen gakoa.

BPPren bidez, beharrezko oinarriak eta ebaluatze-baldintzak garatuko dira, ebaluazioa politika publikoen programazio-, plangintza- eta ezarpen-zikloan ohiko jardueratzat sartzeko; horretarako, sentsibilizazioa, trebakuntza, baliabideak eskura jartzea eta metodologia hartuko dira oinarri”.

Hala, Lehendakaritzaren Koordinaziorako Zuzendaritzak “Politika Publikoen Ebaluazioa Sustatzea Gobernantzaren Estrategiaren Esparruan” izeneko proiektua landu zuen; helburu estrategiko hauek zituen:

  • Politika publikoen kalitatea eta baliabideen kudeaketaren arloko eraginkortasuna hobetzea.
  • Administrazio publikoaren arduradun politikoen eta profesionalen kudeaketa-gaitasunak hobetzea.
  • Politika publikoen kudeaketan gardentasuna eta parte-hartzea sustatzea.

BPPren ildo estrategiko hau ezin izan da nahi bezainbeste garatu, behar adina baliabiderik ez zegoelako; batez ere, pertsonak. Dena den, jarduera hauek gauzatu ahal izan dira:

  • Eusko Jaurlaritzaren planifikazio estrategikoan ebaluazioa txertatzea, Koordinazio Zuzendaritzak gobernu-planak egiteko emandako prozeduraren eta orientabideen
  • Jasangarritasunaren Euskal Estrategiaren esparruan, eta Eustatekin elkarlanean, jasangarritasun-adierazleak identifikatzea, Europa mailan egin denarekin konparazioak egiten uzten baitu, adierazle horiek eragiketa estatistikoetan txertatuko direla bermatzeko.
  • Eusko Jaurlaritzaren planen ebaluazioan Jasangarritasunaren Euskal Estrategiaren adierazle nagusiak eta aurrerapen-adierazleak txertatzea.
  • Politika publikoen ebaluazioaren arloko egoeraren analisia eta diagnostikoa eta sailen eta erakunde publikoen egoeraren inbentarioa egitea. Eusko Jaurlaritzaren sail eta administrazioaren erakunde guztiei egin zitzaien ebaluazioaren arloko aurrekariei eta alor horretan duten esperientziari buruzko inkestaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren politika publikoen ebaluazioari buruzko diagnostikoaren ondorioak izeneko agiria eta Eusko Jaurlaritzan politika publikoen ebaluazioa ezartzeko plana egin ziren.
  • Eusko Jaurlaritzaren politika publikoak ebaluatzeko gida” egitea.
  • Eusko Jaurlaritzaren planak kudeatzeko informazio-sistema ezartzea, zeinak plangintza estrategikoa eta ebaluazio-adierazleak finkatzeko balio duen.
  • Gardena izeneko atarian ebaluazioen berri ematea.
  • Politikak ebaluatzeko talde eragilea sortzea; hau da, Eusko Jaurlaritzaren sail eta erakunde autonomo guztien ebaluazioarekin konprometituta egongo diren pertsonen sarea.

–      Mintegiak eta jardunaldiak, hala nola Politika publikoak ebaluatzeko jardunaldia edo “Berrikuntza Publikoko lantegia: Politika publikoen ebaluazioa

X Legegintzaldia: 2013-2016

Eusko Jaurlaritzan helburuen araberako kudeaketa oso gutxi ezarri dela eta politika publikoen plangintza eta ebaluazioa egiteko kulturak gainditu gabeko irakasgai eta erronka izaten jarraitzen duela jakinda, bi agiri hauetan jaso zen legegintzaldi honetako planteamendua: “Programa eta politika publikoen ebaluazioa bultzatzeko proiektua” eta “Politika publikoen ebaluazioa bultzatzeko proposamen operatiboa” izeneko agirietan, Gobernu Ona Bultzatzeko Proiektuaren barruan.

Hala, 2014-2016ko BPPren barruko Politika publikoen ebaluazioari buruzko 1.3. proiektuan, helburu operatibo hauek txertatu ziren:

  • Politika publikoen ebaluazioak argitaratzeko atari bat egitea.
  • Politika publikoen ebaluazio eredugarri bat egitea, antolakuntzan eragin handikoa.

Jarduera hauek egin dira:

XI Legegintzaldia: 2017-2020

Ahalegin horiek guztiak gorabehera, oraindik ere politika publikoen ebaluazioa instituzionalizatzeak erronka eta gainditu gabeko irakasgai izaten jarraitzen du, eta horri heldu nahi dio Gobernantza eta Berrikuntza Publikorako 2020ko Plan Estrategikoaren 2. ardatzak, “Plangintza estrategiko adimenduna” izenekoak. Hurrengo post batean jorratuko dugu.

[1] Hemendik hartua: “EAEko administrazio orokorrean eta haren sektore publikoan gardentasunaren ezarpen-mailari buruzko 2016ko balantze-txostena”, 2017ko otsailekoa.