Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Elkarlan 2018 sarien deialdia, irekita

Elkarlan sariak 2018

egilea: Pegip2020, 

Azaroaren 2an argitaratu zen EHAOan “Balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Eusko Jaurlaritzaren Elkarlan sarien” 2018rako deialdia.

Eusko Jaurlaritzak deitzen dituen sari horien laugarren edizioa da; horien bidez, sei jardun-eremuetakoren batean balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzten, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko duten hiru proiektu aintzatetsi nahi dira. Hauek dira jardun-eremuak:

  • Osasuna
  • Ingurumena
  • Garapen ekonomikoa
  • Ikaskuntza-kultura
  • Gizarte-kohesioa
  • Gobernamendua, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako partaidetza

Sari horien deialdiak 2014 urtean sortutako Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriaren helburu estrategikoetako batean du bere jatorria; horren bidez, “esperientzia berritzaileak garatzea sustatzen da, gure kultura demokratikoan berriak izan eta parte-hartzeari bide emateko formulak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuentzako laguntzaren bidez”.

Sari hauek helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta beren jarduera nagusia bertan egiten duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoei zuzentzen zaie, ezarpen fasean edo fase pilotu aurreratuan dauden proiektuei zuzendutakoa (ez dira onartuko hasi gabe edo ideien fasean dauden proiektuak).

Partaidetza kolaboratiboko proiektuak izan behar dute, eta halakotzat joko dira gizartearen ekintza-gaitasuna frogatuz ahalduntze prozesuak abiarazi dituzten ekimenak, berrikuntzaren bitartez balio edo inpaktu publiko eta soziala eragin dutenak.

Hautaketa-batzordean aurreko deialdiko saridunek parte hartzen dute, eta batzordeak berak proiektuak dagoeneko ezarrita edo fase aurreratuan egotea balioetsiko du, berritzaileak izatea, elkarlanean oinarritutako partaidetzakoak izatea eta, horrela, gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasuna ereduz adieraztea, gizarte-inpakturako ahalmena izatea eta genero-ikuspegia sartzea. Gainera, parte hartzeko prozesua zabalduko da Irekian, herritarrek aurkeztutako proiektuetako hiru ere bozkatzeko aukera izan dezaten.

Aukeratzen diren hiru proiektuetako bakoitzak 6.000 euroko saria izango du, eta saritutako proiektua informazio-bide eta komunikabideetan zabalduko da.

Aintzatespenaz gain, aurtengo edizioan, ahalegin berezia egingo da ahalik eta gizarte-proiektu berritzailerik gehien bistaratzeko, garapen-bidean dauden egungo nahiz geroko beste proiektu batzuetarako erreferenteak izan daitezen.

Ezaugarri horiek dituen proiekturen bat ezagutu edo horren partaidea baldin bazara, ez ezazu zalantzarik izan eta deialdia zabaldu, betiere kontuan hartuz eskaera online baino ez dela egingo esteka honen bitartez:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/saria_lehiaketa/2018/elkarlan/

 

“Eusko Jaurlaritzaren balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Elkarlan” sarien laugarren deialdiko saridunen berri 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen jakingo da.