Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Mugi zaitez, baina gustura

Mugi zaitez, baina gustura

Mugi zaitez, baina gustura

egilea: Alberto Mella Garate, 

Txiki-txikitatik beti izan da kirola nire bizitzaren parte bat. Herri txiki batekoa izanik, aisialdiko jarduera guztiak kirolaren inguruan gauzatzen genituen. Bizikleta-txangoak, mendi irteerak, esku-pilota, frontenisa,... baina guztien gainetik beti ere futbola. 

Borroka arteak ezagutzeko aukera ere izan nuen: Sambo. Urte batzuetan ekin genion honi eta mundu berri bat ezagutzeko aukera eman zidan.

Esku-pilotan ere aritu nintzen, urte osoa entrenatzen genuen (nahiz eta elurra egin), gero herriko festetan lehiaketa-erakustaldi txiki bat egiteko. Ederra zen!

Bizikletan ibiltzea beti izan dut gustuko. Beste kiroletako entrenamendurik ez neukan egunetan bizikleta hartu eta beti ematen nuen "bueltatxoa". Udan ere, igerilekura joatea ez nuen gustuko eta koadrilakoak bertan zeuden bitartean, mendi bizikleta hartu eta mendira abiatzen nintzen.

Futbola beti egon da hor, beste kirol batzuetan murgildu arren, futbola mugiezina zen. Maila txikienetatik hasita, preferente arte kategoria guztietatik igaro nintzen.

Kanpoan ikasten hasi nintzenean, nire entrenamenduaren oinarria korrika egitea zen. Horrela hasi nintzen mundu hau ezagutzen. Konturatzerako, nire lehen lasterketan apuntatuta nengoen, nola ez, Behobia-Donostia ospetsuan. Esperientzia ederra izan zen, eta nire kirol bizitzan inflexio puntu bat suposatu zuen. Futbol federatua utzi eta Futbol-7 talde baten hasi nintzen, baina nire begirada lasterketetan zegoen jadanik.

Eta horrela lasterketen munduan hasi nintzen buru-belarri, beste kirol guztiak alde batera utzita. Errepidekoak, mendikoak, laburrak, maratoiak, ultra-trailak, kilometro bertikalak... denak nituen gustuko!

Konturatzerako 13 Behobia-Donostia (20 Km), 3 Zegama-Aizkorri (42 Km), 3 Hiru Handiak (100 Km), 2 Goierriko Bi Handiak (88 Km), 3 Donostiako Maratoia (42 Km)... eta abar luze-luze bat. Eta inoiz baino gogotsu korrika egiten jarraitzeko.

Baina 2014. urteko azaroaren 19an, jaso nezakeen albisterik txarrena jaso nuen: EZIN NUEN KORRIKA GEHIAGO EGIN! Belauneko kartilagoko desgastea dela eta, korrika egiteari utzi behar nion justu hobetoen nengoen momentuan.

Ikusi duzuenez, kirol ibilbide anitza izan dut, hainbat kirol probatzeko aukera izan dut eta momentu bakoitzean nik aukeratu dut zein kirol praktikatu.

Baina zer gertatzen da, lesio baten ondorioz, gustukoen duzun kirola utzi eta beste bat bilatu behar duzunean?

Nire kasuan, oso albiste gogorra izan arren, laster aldatu nuen nire kirol-fokoa eta oso denbora gutxian banenbilen menditik zehar bizikletarekin egurra ematen. Urte betean eginak nituen inguruko mendi martxa gogorrenak eta ondoren errepideko bizikletara saltoa eman nuen. Tarteka mendi bizikletan aritzen naiz, baita korrika ere (oso oso gutxi) baina gaur egun nire aukera errepideko bizikletan dago.

Oso gogoko dut bizikletan ibiltzea, jadanik bi urte daramatzat eta korrika mundua ahaztu ez dudan arren, espero baino gutxiago botatzen dut faltan. Lehiatzea gustatzen zaigunontzako mundu honetan ere aurkitu ditut erronka polit eta gogorrak: Irati Xtrem, Larra-Larrau, Quebrantahuesos, Orbea Gran Fondo, Eusko Bike Challenge, Extreme Bardenas, ... korrikan bezala, bizikletan ere baditut jadanik urteko proba finkoak.

Bizikleta mundu honetara "behartuta" etorri arren, izugarri ari naiz disfrutatzen.

Antzeko egoera batean izan al zara inoiz? Nola izan da zure trantsizio prozesua?

Gogoratu, garrantzitsuena gogoko zerbait egitea da beti! Mugi zaitez, baina mugi zaitez gustura!

Hemendik aurrera, Mugiment egitasmoaren Community Manager lanetan izango nauzue, zuen intereseko informazioa mugitzen.

Dakizuen bezala, Mugiment-en lehentasun nagusia, pertsona inaktiboak aktibo bihurtzea da. Zure bizitza aktiboa baldin bada, segi horrela! Horrela ez bada, eta mugitzeko aukeren bila bazabiltza, zure gustuko bat aurkitzen lagunduko dizugu, bota begirada gure ekimenen atalean edo jarduera fisikoaren bilatzailean.