Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

81. Bizkaiko Batzar Nagusien Juntetxearen multzoa (Gernika-Lumo)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzatik euskal autogobernuaren ikur izatera

XV. mendetik aurrera, hiribilduen eta Lur Lauaren ordezkariak Gernikako arbolaren azpian biltzen ziren (izatez Lumoko elizatearen jurisdikzioan zegoena). Toki horretan, Jaurerria lurraldearen usadio eta ohituren arabera gobernatzen zuen sistema ordezkatzaile ez-demokratiko bat jartzen zen praktikan: Foruak. Erabilera hori foru-legeriaren eta -erakundeen abolizio legera arte luzatuko da, 1876an, zeina 1877an egikaritu zen. 1977-1979an, Batzarrak berrezarri eta Gernikako estatutua onartu zenean, multzoa bere jatorrizko funtzio politiko eta adierazgarrira itzuli zen.

Tokia, XV. mendearen amaieran, bilerak egiten ziren haritzaz, inguruko ermita batez eta Jaurerriko artxiboa gordetzen zen hari itsatsitako etxetxo batez osatuta zegoen. 1612tik aurrera, tenpluaren instalazioak berritzen hasi ziren, soilik erregeen eta hauen ordezkarien harrerak hartzeko. Hala ere, batzarkideen bilerak, XVIII. mendera arte, Arbolaren azpiko harmailetan egin behar ziren.

1826an hasi ziren batzarrei testuinguru arkitektoniko eta modernoagoa emango zieten lanak, Antonio Etxeberria arkitektoaren eskutik. Horrela, kapera bat eta ordezkarien ganbera hartuko dituen eraikin berri bat egingo da. Eraikuntza estilo neoklasikokoa da, eta oinplano angeluzuzena du, non parlamentu-espazioa albo batean antolatzen den, espazio eliptiko baten barruan. Kanpoaldetiko sarbidea gela horretara, zeinera harmaila batetik iristen den, bolumen prismatiko bat da, hiru sarrera dituena (alde banatan bana), arku termal banaz burututa.

Aretoko ganga Adolfo Guiard margolariaren diseinuekin egindako beiratez osatuta dago, eta hormak XVII. mendeko koadroz estalita daude. Koadro horietan, idealizatuta, Bizkaiko jaunak irudikatzen dira. Beharbada, multzoko pinturarik ezagunena, Frantzisko Mendietaren (1609) “Bizkaitarrak Fernando Katolikoa erregeari eskumuinak egiten 1476an” margolana da, non Jaurerriko kapare ugari erregearen aurrean erakusten diren. Bertan, Batzarren ingurua ikus daiteke, pintura egiteko unean zen bezala.

Batzar Etxea osatzen duten beste elementuei dagokienez, nagusiena Gernikako arbola da, oraindik ere ordezkarien harmailak eta presidentearen tribuna dituena, 1826ko oktastiloa, arkitrabea eta frontoia dituena, non Bizkaiko armak aurkezten diren. Bestalde, Gernikako arbola zaharraren enborra mantentzen da 1932an eraikitako tenplete neoklasiko batean.

Agian, Araban eta Gipuzkoan Batzar Nagusiak ez zirelako leku bakar batean biltzen, baizik eta ibiltariak zirelako, Gernikako multzoa zen Antzinako Erregimeneko Euskal Herriko lurralde historikoetako sistema politikoaren gune ezagun bakarra. Gainera, erromantizismo betean, Foruen jarraipenaren, erreformaren edo abolizioaren aldekoen arteko borrokekin bat datorren garaian, haritza elementu sinboliko edo erreferentzial bihurtuko da, eta horrela hilezkortuko du Joxe Mari Iparragirrek konposatutako abestiak.

Horrela, foru-erregimena desagertu ondoren, Bizkaiko multzo hori izan zen Euskadiko antzinako gobernu-sistemen ezagut zitekeen gune bakarra, eta indarrean dagoen autonomia-estatutuak zuzenean aipatzen ditu sistema horiek. Horregatik balio immaterial garrantzitsua du, eraikitako ondareak eta paisaia-ondareak osatzen duten multzoari gehitzen zaiona.

Partekatu

unesco