Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

250. Balmasedako hirigune historikoa (Balmaseda)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Balmaseda, portu lehorra

Balmasedako hiribildu-kontzesioa Bizkaiko probintziako zaharrena da: 1199. urtean lortu zuen hiri-gutuna, Logroñoko Forua eman ziona, Bortedoko jauna zen Lope Sanchez de Menaren eskutik. Laster merkataritza-hiri garrantzitsu bihurtu zen, bere kokapenagatik batez ere: Enkarterrien hegoaldean dago, Kadagua ibaiaren ibar batean, eta handik pasatzen zen antzinako galtzada erromatarrak erakusten duen legez antzinatik igarobidea izan zen. Galtzadaren inguruan merkataritza-jarduera oparoa egiten zen, eta hirigunea hantxe eratu zenez, horrek hazkundea eta hiri-garapena bultzatu zituen. Erdi Aroan, jada hiribildu zela, komunikazio-korapilo garrantzitsu bilakatu zen, bide garrantzitsuak batzen baitzituen: Gaztelako lurrak Kantauri aldearekin lotzen zituen merkataritza-bidea (Bilbotik barrena) eta Donejakue bidea.

Bertako merkataritza-jarduera garrantzitsua erakargarri izan zen Enkarterri inguruko biztanleentzat. Sorreratik, artisau, nekazari eta merkatari talde heterogeneoa bildu zuen harresien babespean eta horren erakusgarri da hiriko errebalean zegoen kokaleku judua.

Merkataritza-hiri garrantzitsu izatearen ondorioz, Gaztelako Erresumako Kantauri aldeko lehen aduana-puntua bertan ezarri zen. Aduanan Gaztelaren eta Kantauriko kostaldeko portuen (Laredo, Castro Urdiales edota Bilbo) arteko itsas trafikoak sortzen zituen hamarrenak biltzen ziren. Halako aduanei portu lehor esaten zaie. Garai hartan, Balmasedaz gain beste bi portu egon ziren inguru horretan: Urduñan eta Gasteizen; erregeek XIX. mendera arte mantendu zituzten, 1841era arte.

Alde zaharra

Balmaseda bideari lotutako hiribildua izan zen, inguruan harresia eta goian gaztelua zituena; muinoaren azpiko ibaiertzeko eremua izan zen urbanizatu zen bakarra.

Gaur egun, hiribilduaren Erdi Aroko trazadura ia osorik mantendu da: lau kalez osatutako sare bat da, hiru kantoik zeharka gurutzatzen dutena. Hasiera batean herrigunea kale zaharraren inguruan garatu zen. Bidea kale horretatik igarotzen zen (gaur egun Martin Mendia du izena) eta herriguneko kale zaharrena da. Pixkanaka-pixkanaka hiria zabalduz joan zen: kale paralelo berriak ireki ziren, hala nola Erdiko kalea (egungo Pío Bermejillo) eta Aiztogile kalea (egungo Hedegile kalea). Dokumentatuen arabera, hirigunearen bilbadura osatzen duen azken kalea (Aldapa) 1487. urterako eraikita zegoen. Lau kaleak Plaza Zaharrean elkartzen dira (egungo Foruen Plaza).

Hedegile eta Aldapako kaleetan Erdi Aroko partzelazioa ikus daiteke: orube estu eta sakonak dira. XIX. mendeko eraikuntza-tipologia da nagusi, gerren eragin sakonaren ondorioz garai hartan Balmaseda berreraiki behar izan baitzuten. Berritze hori, hein handi batean, trenbideak ekarri zuen industrializazioari zor zaio, berpizte garai bat ekarri baitzuen. Eraikin berriak bi eta hiru altuerako mehelinak dira, horien artean adibide neoklasiko eta eklektiko batzuk nabarmentzen direla.

Herriko elementurik aipagarrienen artean Zubizaharra zubia aipatu behar da, Balmaseda harresituaren testigantzarik zaharrena eta udalerriaren ikur bihurtu dena. Gotiko estiloko Erdi Aroko zubi hau XIV. mendekoa da. Hiribilduaren Erdi Aroko itxuraren funtsezko beste elementuetako bat San Severino eliza da, XIV. mendekoa. Lehenagoko tenplu baten gainean eraiki zen eta haren aztarnak hegoaldeko horman ikus daitezke. Eraikin bikaina da, elementu gotiko eta barrokoak dituena.

Arkitektura zibileko elementu nabarmenen artean, XVIII. mendeko barroko estiloko udaletxea eta jauregi-arkitekturaren adibide bikainak aipatu behar dira, hala nola Urrutia jauregia, barroko estilokoa (XVII. mendea), eta Buniel edo Horkasitas jauregia, Bizkaiko jauretxe aipagarrienetakoa, estilo klasizistakoa (XVII).

Partekatu

unesco