Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ezagutu liburutegia

Liburutegi guztiak ez dira berdinak. Hainbat eratakoak daude, funts, zerbitzu eta erabiltzaileen arabera:

  • Liburutegi nazionalak
  • Liburutegi publikoak
  • Unibertsitateko liburutegiak
  • Liburutegi espezializatuak
  • Eskolako liburutegiak
Liburutegi nazionalak

Herrialde bateko argitalpen imprimatu guztien aleak eskuratzeaz eta kontserbatzeaz arduratzen dira. Biltegi-liburutegi moduan funtzionatzen dute, legezko gordailuari buruzko xedapenek eta beste xedapen batzuek ezarritakoaren mendean. Eskuarki, honako funtzio hauetako bat edo beste ere betetzen dituzte:

  • Bibliografia nazionala lantzea.
  • Herrialde horri buruzko liburuak ere hartzen dituen atzerriko lanen bilduma handi eta esanguratsua jasotzea.
  • Bibliografi informazioaren zentro nazional gisa jardutea.
  • Katalogo kolektiboak biltzea.
  • Atzera begirako bibliografia nazional lantzea.
Liburutegi publikoak

Administrazioaren erakunde batek sortu eta mantendutako liburutegiak dira. Haien helburua da liburu orokorrak herritarren eskura jartzea, berorien beharrizan kulturalak, hezkuntzarekin edo asialdiarekin loturikoak edo praktikoak asetzeko. Liburutegi publikoei buruz Unescok 1994an egindako adierazpenak hamabi funtzio azpimarratzen ditu:

  • Haurrengan, bizitzako lehenengo urteetan, irakurtzeko ohitura sortzea eta indartzea.
  • Heziketa sustatzea, bai banakakoa bai autodidaktoa ere, eta maila guztietako heziketa formala indartzea.
  • Sormenerako garapen pertsonala bultzatzeko aukerak eskaintzea.
  • Haurren eta gazteen irudimena eta sormena suspertzea.
  • Kultur ondarearen ezagupena sustatzea eta arteen eta zientzia-mailako lorpenen eta berrikuntzen balorazioa sustatzea.
  • Arte-agerpen guztien kultur adierazpenak ulertzea.
  • Kulturen arteko elkarrizketa sustatzea eta kultur aniztasuna bultzatzea.
  • Ahozko tradizioa indartzea.
  • Herritarrei erkidegoko mota orotako informazioa eskuratu ahal izango dutela ziurtatzea.
  • Toki-mailako enpresa, elkarte eta taldeei informazio-zerbitzu egokiak eskaintzea.
  • Informazioaren erabilerari dagokionez, informatika-bitartekoen bidez aurrerapena erraztea.
  • Alfabetizazio-programak eta -jarduerak sustatzea.
Unibertsitateko liburutegiak

Unibertsitate batek sortu, mantendu eta administratutako unibertsitateak dira, bertako ikasleen informazio-beharrak asetzeko eta beren hezkuntza- eta ikerketa-programak eta gainerako zerbitzuak sustatzeko. Oinarriko funtzioak hauek dituzte:

  • Dokumentu-funts bat sortzea, unibertsitateko kideen irakaskuntza-beharrak, ikerketarekin loturikoak eta kulturalak aintzakotzat hartuta.
  • Unibertsitate-komunitatearen esku dauden bibliografi funtsak prozesatzea, kontserbatzea eta zabaltzea.
  • Informazio-baliabideak erabiltzaileen esku izatea erraztuko duten ikerketa eta informazio tresnak lantzea eta mantentzea.
  • Baliabideen erabilera onari begira, erabiltzaileen erreferentziazko zerbitzuak eta haiek informatzeko, prestatzeko, eta aholkua emateko zerbitzuak ematea.
Liburutegi espezializatuak

Eskuarki, zientzia alor jakin bat edo eremu espezializatu bat jardungai duten erakunde publiko edo pribatuen mendeko guneak dira (liburutegi medikoak, juridikoak, arkitekturakoak...). Haien bereizgarritasuna da:

  • Dokumentu-funts oso espezializatua eskaintzea ezagutzaren eremu zehatzetan. Horregatik, oso liburutegi teknifikatuak izan ohi dira, etengabe eguneratzen ari direnak.
  • Erabiltzaile gehienek pretsakuntza handia eta informazio-behar oso espezifikoak dituzte.
  • Ohiko liburutegiek ematen dituzten zerbitzuez gainera, beste zerbitzu batzuek hainbat bereizgarritasun dituzte, bereziki zabalkundeari eta informazioari dagokionez.
Eskolako liburutegiak

Eskolak irakaskuntza funtzioa egoki betetzeko behar dituen materialen multzoa izan behar du eskolako liburutegiak, eskola-komunitatea osatzen duten guztien eskura jarria. Oinarriko funtzioak hauek ditu:

  • Laguntza etengabea ematea irakaskuntza/ikaskuntza programa bati.
  • Baliabide eta zerbitzu mota guztiak eskura jartzea.
  • Ikasleak oinarriko gaitasunez hornitzea, ahalik eta baliabide eta zerbitzu gehien balia daitezen.
  • Haur eta gazteak ohitzea liburutegiak aisialdian erabil ditzaten, edo helburu informatikoei edo etengabeko prestakuntzarekin loturikoei begira.
Azken eguneratzea: 2014/04/08