Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Atmosferara egindako emisioak

Atmosferara egiten diren emisioekin lotutako jarduerak instalazioetan edo prozesuetan sortzen diren substantzia edo partikulen aireraketa barne hartzen du. Emisio horiek zuzenean sor daitezke ekipamendu industrialen funtzionamendutik, erregaiak erabiltzetik, lehengaiak edo produktuak manipulatzetik edo instalazioaren ohiko jarduerari lotutako jarduera osagarrietatik.

Emisioak modu kanalizatuan sor daitezke, tximini edo irteera zehatzetan kontzentratuta, edo modu difusoan, emisio‑puntu bakarra ez dagoen eremu irekietan edo operazioetan gertatzen direnean. Euren izaera eta intentsitatea jardueraren motaren, prozesuen ezaugarrien eta erabilitako teknikaren araberakoak dira.

Emisioen kudeaketa egokiak jardueraren funtsezko zatia osatzen du eta emisio‑fokoen identifikazioa, emisioetan eragina duten funtzionamendu‑baldintzak ezartzea, kutsatzaileen sorrera murrizten duten teknikak erabiltzea eta haien portaera egiaztatzeko kontrolak egitea barne hartzen ditu. Helburu nagusia instalazioa modu eraginkorrean eta ingurumen‑kalitatearen eta osasunaren babesa bermatuz funtzionaraztea da.

Operadoreak instalazioaren funtzionamendu kontrolatua bermatu behar du, prebentzio‑neurriak aplikatuz eta ekipamenduak egoera onean mantenduz.

Era berean, kontrolak egin, desbideratzeak zuzendu, informazioa gorde eta jarraipen‑ eta ikuskapen‑lanetan lankidetzan aritu behar du.

Emisioak aldizka neurtu behar dira, metodo fidagarriak erabiliz eta funtzionamendu arrunta nahiz egoera bereziak barne hartuz.

Lortutako datuak gorde behar dira, fokoen portaera eta hartutako neurrien eraginkortasuna baloratzeko.

Instalazioak ezarritako parametroen barruan funtzionatu behar du, abiarazteak, geldialdiak eta gorabeherak behar bezala kudeatuz. Mantentze‑lanek izaera prebentiboa izan behar dute, ekipoek behar bezala jardun dezaten. Prozesu edo ekipamenduetako aldaketak aztertu egin behar dira emisioak handitzea saihesteko.

Instalazioaren operadoreak bere emisio‑foko guztiak identifikatu behar ditu, kanalizatuak zein difusoak, eta horien funtzionamendu egonkorra eta kontrolatua bermatu.

Harrapaketa‑ eta depurazio‑sistemek egoera onean egon behar dute, atmosferara iritsi aurretik kutsatzaileak behar bezala murrizteko.

Haien errendimendua aldizka egiaztatu eta eraginkortasuna murriztu edo emisioak handitu ditzakeen edozein desbideratze zuzendu behar da.

Operadoreak emisioen jarraipen etengabea egin behar du, kontrol bakoitzean lortutako datuak erregistratuz eta modu ordenatuan gordez.

Sistemak izan behar ditu foko emisoreen bilakaera aztertzeko eta aldaketa esanguratsuak hautemateko. 

Ingurumen‑organoari aldizka informazioa bidali behar diote, instalazioaren funtzionamendua eta ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Informazioaren edukia eta maiztasuna instalazioak duen araubidearen araberakoa da:

  • APCA – Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak. Operadoreak kanpo‑kontrolei buruzko txostenak bidali behar dizkio ingurumen‑organoari, baita foko emisoreen eta egindako neurketen egokitasuna egiaztatzeko behar den informazioa ere.
  • COV – Disolbatzaile organikoak erabiltzen dituzten instalazioak. Instalazio hauek urtero disolbatzaileen kontsumoei, urteko balantzeari eta lotutako dokumentazio teknikoari buruzko informazioa bidali behar dute, bide elektronikoen bidez. Komunikazio honek inskripzioa eguneratuta mantentzen du. 
  • ICM – Potentzia ertaineko errekuntza‑instalazioak. Operadoreak emisio‑jarraipeneko datuak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar duen informazioa bidali behar du, ingurumen‑organoak eskatzen duen dokumentazioa barne. 
  • AAI edo AAU duten instalazioak. AAI edo AAU araubidean dauden instalazioek urtean behin gutxienez atmosferako emisioen kontrol‑informazioa eta baimenak ezarritako baldintzen betetzea egiaztatzeko behar diren gainerako datuak bidali behar dituzte.
  • BEG - Emisio‑eskubideen merkataritza‑araubidean sartuta dauden instalazioak. Instalazioek urtero ingurumen‑organoari beren emisioen txosten egiaztatua bidali behar diote, jarraipen‑plan onartuaren arabera prestatua eta eskatutako eduki eta formatuarekin. Txostenak aurreko urteko emisioen datu osoak, fidagarriak eta egiaztatuak jaso behar ditu, ezarritako epearen barruan aurkeztuta. Dagokionean, jarduera‑mailen txosten egiaztatuak eta jarraipen‑metodologiaren eguneraketak ere bidali behar dira. Baztertutako instalazioek, gainera, urtero beren emisioen jakinarazpena egin behar dute, eta bazterketa‑ebazpenak ezartzen dituen jarraipen eta egiaztapen baldintzak bete.

Instalazioan gorabeherak gertatuz gero —akatsak, ihesak edo ustekabeko geldialdiak— operadoreak berehala jardun behar du emisioak murrizteko eta funtzionamendu normala lehenbailehen berreskuratzeko.

Aurreikusitako mailak gainditzen direnean, arrazoiak identifikatu, neurri zuzentzaileak aplikatu eta gertatutakoa erregistratu behar da, berriro gerta ez dadin.

Era berean, hala dagokionean, egoera horien berri eman eta haien analisi‑ eta jarraipen‑lanetan lagundu behar da.

Operadoreak kontrol, neurketa eta emisio‑fokoetan egindako jardueren inguruan sortutako informazio guztia modu antolatuan gorde behar du.

Dokumentazioa eskuragarri eta eguneratuta egon behar da, instalazioaren funtzionamendua egiaztatzeko eta jarraipen‑ eta egiaztapen‑lanak errazteko.

Operadoreak bermatu behar du erregistroek lortutako emaitzak modu zehatzean islatzen dituztela eta jardueraren eta emisioen bilakaera baloratzeko behar den epean gordetzen direla.

Azken aldaketako data: