Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

13. Arroka Haundieta edo Lord John Hay gotorlekua (Pasaia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Lehen Karlistaldia eta Britainiar Legio Laguntzailea Pasaian

Borboiko Karlos Maria Isidro erregegaiaren altxamenduan, batez ere gizarteko sektore atzerakoienak izan zituen alde. Altxamenduaren ondoren Lehen Karlistaldia hasi zen (1833-1839). Haren Aurkariak liberalak ziren, Karlos Maria Isidroren iloba eta Fernando VII.aren oinordeko zen Borboiko Maria Isabel Luisa Borboikoa eta Dos Siciliasekoaren aldekoak. Gerra honetako eszenatoki garrantzitsuenetako bat Euskal Herrian eta Nafarroan kokatu zen, eta bertan suntsipen eta heriotza ugari eragin zituen.

Gatazka benetako gerra zibila izan arren, talde bakoitzak bere nazioarteko aliantzak bilatu zituen: liberalek edo isabeldarrek sostengua aurkitu zuten Erresuma Batuan, Frantzian eta Portugalen; tradizionalista edo karlistek, berriz, Prusian eta Inperio Austriarrean eta Errusiarrean. Tradizionalistek lortutako gizarte-sostengu handiaren aurrean eta armada liberalaren aurrerapen urriak egiten zituela ikusirik, Isabel II.ari leial zitzaion gobernuak aliatuen laguntza eskatu zuen. Soilik britainiarrek eman zuten laguntza militarra, baina ez armada erregularrarekin, baizik eta bi urtez zerbitzatuko zuten boluntarioekin. Armadako talde horri Legio Laguntzaile Britainiarra deitu zitzaion, eta batez ere Euskal Herrian eta, zehazkiago, Donostian jardun zuen.

Nahiz eta zenbait porrota izan, hala nola Oriamendikoa (1837ko martxoa), armada horren ekintzei esker Pasaia karlistengandik kentzea lortu zuten, 1836ko maiatzean. Legioaren eta armada liberalaren ekintzak babesten zituzten itsas indarrek lortu zuten garaipen hori, Lord John Hay komodoroaren agindupean. Portua hartu ondoren, gotorleku nagusi bat eta beste txikiago bat eraikitzeko agindua eman zuen, Mendiola mendian, kanalaren beste aldean. Gotorleku nagusiari bere izena jarri zitzaion. Helburua zen kartistek herria ez berreskuratzea, portua oso puntu estrategikoa baitzen.

Gotorlekuaren egiturak

Puntu estrategiko batean dago, 211 m-ko altueran. 1838an amaitu zen eta herria lurreko erasoetatik babestea zuen helburu. Oinplano irregularra du, 80 m x 50 m inguruko neurriak dituena. Artilleria duen aldeak ekialderantz eta hego-ekialderantz ematen du, eta parapetoak 4 m-ko lodiera du etsaien jaurtigaietatik babesteko. Bi altuera nagusitan antolatzen zen: lehenengoan ez zegoen azpiegitura esanguratsurik; horiek (zalditegi, kuartel, sukalde, biltegi, etab.). erdi-lurpeko plataforma batean zeuden, babestuagoak.

Gotorlekua Azken Karlistaldian (1872-1876) birmoldatu, eta zenbait eraikin aldatu zituzten. Funtsean, iparraldera ematen zuen irtengunea kendu, eta, hala, gotorlekuaren zabalera estutu egin zen. Parapetoaren ipar-ekialdeko zati kanoidun bat mantendu zutenez, L formako egitura bat sortu zen, posible egiten zuena alde luzeeneko gezileihodun horma albotik eraso egin eta babestea. Gainera, goiko plataforma zaharraren zati batean zuloa egin eta bete egin zen, behealdekoaren ekialdeko zatiarekin berdintzeko. Horrela, ekialdeko albo osoan artilleriarako plataforma goratua lortu zen. Gaur egun teilatua duen eraikin bakarra bolborategi bat da.

Partekatu

unesco